2014ko martxoaren 19an Gasteizko Ikasle Mugimendua bortizkeria polizialaren beste kasu baten biktima izan zen. Zerrenda luze batean beste kasu bat, herri honetan Gazte zein Ikasle Mugimenduak kriminalizatzeko asmo hausnartu baten ondorio. Kasu honetan, ikasle presoen ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratze bat burutu zen Elurreta eraikineko atarian, eta amaitzeko, presoen etxeratzea eskatzen zuen mural bat marraztea zen asmoa. Murala egiten hasterakoan ordea, segurtasun zaindariek eta kalez jantzitako poliziek ikasleak jazarri eta atxiloketa bat burutu zuten. Jarrera hau salatzeko bertaratutako ikasleek errepidea moztu zuten eta berehala ertzaintza agertu eta hauengana oldartu zen bortizkeria handiz, zauriak eraginez. Ondorioa sei ikasle atxilotu.

Gasteizko Ikasle Mugimenduak hasieratik atxiloketa hauen kriminalizazio interesa salatu eta eraso hau kanpuseko ikasle borroken aurka hartutako neurritzat hartu izan du. Gure aldarri eta ekimenak oztopatzeko helburuz kanpusean ibiltzen diren indar polizialek argi izan dezatela haien presentziak ez duela ikasleon borroka geldiaraziko eta bertan ez dutela tokirik inoiz izan eta inoiz izango. EHUk instituzio moduan errealitate honen aurrean duen ardura eta interesa azpimarratu nahi dugu era berean. Ez dugu herriaren interesen kontra egingo duen azpijokorik onartuko.

Atxilotuak aurtengo irailaren 14an izan dira epaituak eta aste honetan izan genuen haien absoluzioaren berri. Sei epaituak lerro hauen bidez zoriondu nahi ditugu eta gogorarazi haien kontrako muntaia honen gainetik presoen ikasteko eskubidearen aldarria presente mantendu dela Gasteizko kanpusean bi urte hauetan. Gogorarazi ere bai, ikasle mugimenduaren aurkako errepresioak jarraipena duela oraindik eta ikasle batasunez eta gure borrokak indartuz soilik egingo diogula aurre indarkeria sistematiko honi.

Ikasleon hitza entzun nahi ez eta ikasleriaren iniziatiba zapaldu nahi dutenek jai daukate gure eta gure herriaren etorkizuna gogor defendatzeko hautua egin dugun ikasleokin. Har ditzagun eraso hauek indartuta irteteko aukera moduan eta antola gaitezen Ikasle Mugimenduaren adierazpen ezberdinetan. Hau izango da eraso hauen arduradunei kalte gehien egingo dien erantzuna.

Zorionak berriro ere absolbituak izan zareten iklasleei, zuen jarduna eredu izan dadila etorkizuneko borroketan. Eraso eta inposaketen gainetik, ikasle borrokaz gure eraikitzen jarraituko dugu. Aurrera bolie!

Gasteizen, 2016ko urriaren 22an

ikasle-auzipetuak

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa