Ikasleon nazioarteko eguna dugu gaur, 1939ko azaroaren 17an armada Naziak Pragako Unibertsitateari egindako erasoaren egun berean. Egun batzuk lehenago, naziek, Jan Opletal hil zuten manifestaldi batean eta hori salatzeko egindako ekintzen ondorioz, ikasle mugimenduko 9 ordezkari erail eta beste 1200 ikasle kontzentrazio-esparruetara bidali zituzten. Baina aski dakigunez, hori ez zen izan ikasleon kontrako eraso isolatu bat, ikasleon historia errepresioz jositako historia baita. Unibertsitateen sorreratik eta hezkuntza sistema burgesa sortu zen egun beretik, ikasleak izan direlako beti gizartearen oinarrizko subjektu iraultzaile.

Gaurko eguna hala ere, ez da soilik atzera begiratzen egoteko eguna, baizik eta dugun botereaz jabetu eta etorkizun duin bat marrazten hastekoa. Europa mailan, zein mundu osoan, azken urteetan jasaten ari garen ofentsiba neoliberal latzaren aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa baita ikasleon papera. TTIP zein CETA, Unibertsitatean zein eskoletan, EU2015 zein LOMCE, guztiek estrategia berdinari erantzuten diote: kapitalismo neoliberal basatia. Urteetako borrokei esker bai ikasleriak eta baita orokorrean langile klaseak lortutako eskubideak ditugu egun kolokan. Ordea, hau zergatik gertatzen ari den argi eduki behar dugu: munduko ekonomiaren jabe direnek haien poltsikoak geroz eta abiadura handiagoan diruz betetzen jarraitzeko, gure bizitzak konpetentzia eta miseriara kondenatzeko aldatzen ari dute estatu zapaltzaileen gainegitura osoa. Horregatik sufritzen ari ditugu Gerra Hotza amaitu zenetik etengabeko murrizketak, langileriaren aurkako lege aldaketak, epaiketak eta ilegalizazioak, etengabeko kaleratzeak, etengabeko hezkuntza erreforma neoliberal eta españolizatzaileak, eta azken finean, etengabeko erasoak langile klasearen aurka. Guzti honengatik, Ikasle Abertzaleok oso argi daukagu: sistema kapitalista gainditu eta hau atzean utzi arte ezingo gara inolaz ere askatasunean bizi.

Gaur, beraz, ikasleon nazioarteko egunaren bitartez, ikasle izateaz arro azaldu nahi dugu. Guk, munduko ikasleria guztiarekin batera dugulako etorkizunaren giltza. Gaur inoiz baino gehiago ulertu behar dugulako ez gaudela bakarrik borrokan, hamaika direla mundu osoan zehar antolatzen eta alternatibak eraikitzen dabiltzan ikasleak. Gaur, ikasleon nazioarteko egun honetan, inoiz baino presenteago izan behar dugulako internazionalismoaren garrantzia. Mundu kapitalista honen aurrean ez dagoelako erantzun isolatu bat, ezta alternatiba bakan bat, milaka dira tokian toki lantzen diren alternatibak, milaka antolatzen eta borrokatzen dirauten ikasleak eta bakarra helburua: sistema kapitalista patriarkala eraitsi, eta herritik eta herrientzako hezkuntza zein gizarte eredu berri bat sortzea.

Goazen ba gurea eraikitzera, goazen Euskal Eskola Nazionala eratzera,

Gora eskola internazionalista!

Gora munduko ikasle iraultzaileak!

ikasleon-nazioarteko-eguna

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa