Ez da kasualitatea, Argia aldizkariak argitaratutako albiste baten arabera, munduko hiru emakumetik batek erasoak jasan izana; ez da kasualitatea gure herriko jaietan eraso sexistak jazotzea; ez da kasualitatea heziguneetako garbitzaileek lan baldintza guztiz prekarioak izatea; ez da kasualitatea etxera bakarrik bueltatzearen beldur izatea; ez da kasualitatea lanaldi partzialak dituztenen gehiengoa emakumeak izatea; ez da kasualitatea egunero emakumeak gizonezkoen eskutan erahilak izatea; ez da kasualitatea Azaroaren 25a ospatu behar izatea. Ez da kasualitatea, indarkeria guzti hau egun inposaturik dagoen sistema kapitalista heteropatriarkalaren berezko ezaugarria delako.
Emakumeon zapalkuntza egungo jendarte antolaketaren oinarrian dago; ezinbestekoa da sistemaren biziraupenerako eta kapitalismoaren berezko funtzionamendurako norbanakook ar/eme dikotomiaren arabera antolatzea, honen araberako genero, rol, lan, eta posizio sozial jakin batzuk barneratu eta onartzea, lan erreproduktiboa ezkutuan mantendu eta hura emakumeon gain jaustea, normak asimilatu ezin dituen gorputzak alboratu eta marjinatzea… eta zapalkuntza hau, patriarkatua, mantendu ahal izateko tresnarik eraginkorrena emakumeon aurkako indarkeria da. Indarkeriak forma ezberdinak har ditzake, eta haren definizioan sakontzea mugimendu feministari bere osotasunean dagokion lana da, zeinean buru-belarri murgildu baitzen iragan asteburuan. Jakin badakigu, hala ere, indarkeria mota ezberdinak pairatzen ditugula gure egunerokotasunean: sexuala, fisikoa, sinbolikoa, psikologikoa… eta hauen gehiengoa guztiz barneratuta eta normalizatuta dauzkagu. Honek eraso larrienen aurrean soilik erreakzionatzera garamatza; bortxaketak, jipoiak, hilketak. Baina arazoa askoz sakonagoa da.
Indarkeria hori normalizatu eta asimilatzeko tresnarik eraginkorrenetako bat hezkuntza formala da, norbanakoon jendarteratze prozesuan daukan garrantzi bereziarengatik (pentsa zenbat ordu igaro ditugun ikastetxe barruan sartuta!), eta bertan ikasitakotik eraikitzen dugu, neurri handi batean, geure burua. Egungo hezkuntza sistemak ez gaitu pertsona bezala hezten, sistemaren beharrei erantzun beharko dion neska edo mutil bezala baizik. Egun aplikatzen den hezkuntza curriculuma, ikasgeletan lantzen diren edukiei zein erabiltzen den hizkuntzari erreparatuta, genero zapalkuntza birsortzeko eta indartzeko tresna dela ikusiko dugu; curriculumak balore, jarrera eta ohitura jakin batzuk transmititzen ditu, askotan isilpean edo ezkutuan bada ere. Hizkuntzaren erabilera maskulinizatua, amantal arrosak eta urdinak, emakumeek historian zehar burututako borrokek eta jardunak balio akademikorik jaso ez izana, bi sexuren araberako bereizketa komunetan zein jarduera fisikoetan, jolastokietan zein ikasgeletan nesken eta mutilen artean ematen diren botere harremanak, batzuen lotsa, batzuen beldurra, besteen indarra, besteen ziurtasuna… ez dira kasualitatea. Argi daukagu egungo hezkuntza sistema patriarkatuaren mesedetara dagoen tresna dela, emakumeon aurkako indarkeria betikotzen eta normalizatzen duena. Nazio eta klase zapalkuntzen areagotzea eragiten du ere, Euskal Herriko errealitatea eta hizkuntza baztertzen edota ukatzen baitu, eta langile klasearen kide garen ikasleoi kritikotasuna eta klase-kontzientzia transmititu ordez, hura oztopatu eta sistema kapitalistak kalean eragindako zapalkuntzak birproduzitzen baititu ikasgela barruan. Garrantzi berezia eman nahi diogu, honenbestez, euskal emakume ikasleok bizi dugun egoerari. Izan ere, zapalkuntza hirukoitza da pairatzen duguna (genero, nazio eta klase zapalkuntzak), eta askotan baita laukoitza ere (arrazagatiko zapalkuntza).
Puntu honetara helduta, ezinbestekoa zaigu gogoraraztea sistema berdina dela atzo Leioan jipoitu gintuena eta egunero emakumeok zapaltzen gaituena, instituzio patriarkal berdina dela atzo txakurrak canpusera sartu zituena eta garbitzaileak lan baldintza prekarioetan mantentzen dituena. Ikasleok aurrera eramandako ekintza, dinamika eta mobilizazio guztiak borroka berdinaren parte direla ulertu beharra dugu, ezinezkoa baitzaigu klase, genero eta nazio askapenerako borrokak modu bereizituan ulertzea. Emakumeon aurkako indarkeriarik gabe, ezinezkoa da sistema kapitalista heteropatriarkalaren existentzia; eta era berean, sistema kapitalista heteropatriarkala irauli ezean ez dago emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzerik; eta hau burutzea ezinezkoa izango da espainiar eta frantziar estatu zapaltzaileen loturetatik askatzen ez bagara.
Ezin dugu ahaztu patriarkatuak une historiko eta lurralde bakoitzaren ezaugarri kultural zein sozialetara egokitzeko izugarrizko gaitasuna daukala, bere burua eraldatuz haren biziraupena bermatzeko. Ez da kasualitatea zentzu honetan, adibide bat aipatzearren eta Leioako kasuarekin jarraituz, euren burua ezkertiartzat duten hainbat eta hainbatek Nekane Balluerka “lehenengo emakume errektorea” izateagatik goraipatu izana. Ezin dugu ahaztu, sistema kapitalista heteropatriarkalean ezinezkoa dela sistema bera betikotuko ez duen inor botere guneetan sartzea; boterea patriarkatuan, patriarkatua boterean da.
Inposatutako hezkuntza patriarkalari hortzak erakusteko unea da. Erasoen aurrean autodefentsa feminista arma izanik, eta inposaketak desobedientziaz erantzuteko hautua harturik, euskal ikasle feministok sobera ongi dakigu sistema kapitalista heteropatriarkala irauli eta Euskal Herri feminista, sozialista eta euskaldun batentzat Euskal Eskola Nazional hezkidetzailea eraikiko dugula. Hezkuntza komunitate osoa bidelagun izanik, hezkuntza sistema propio eta curriculum hezkidetzaile baten bidean aurrerapausuak ematea ezinbestekoa zaigu, pertsona bezala hezi eta ahaldunduko gaituena. Heziguneetan eta hezkuntzan borrokatzearen berebiziko garrantziaz kontziente izan behar gara zapaltzen gaituen sistemarekin amaituko badugu. Ikasle borrokaz ekingo dugu emakumeon aurkako indarkeria iraganeko mamua izan arte; ez da kasualitatea gure borrokarako grina inoiz baino handiagoa izatea.
Inposatutako hezkuntza patriarkala desobeditu eta gurea eraiki!
Gora borroka feminista!
Gora ikasleon borroka!img_9244

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa