Ikasle Borrokaz geurea eraiki!

Pasa den astean burutu genuen manifestazioaren eta honen inguruan sortu den eztabaidaren inguruan Ikasle Mugimendutik hainbat zehaztapen eman nahi ditugu gaur. Ikasleoz zein ikasleon aldarri, kezka eta beharrez edozein eta edonon ari den honetan, komunikabide, alderdi, eragile zein norbanako guztien artean bakar batek ere ez dio ikasleen ahotsari oihartzuna eman. Horregatik, beharrezkoa deritzogu zabaldu diren gezur guztien aurrean ikasleok gure hitzari leku egitea. Egunaren beraren zehaztapen eta argipen guztiak egin genituen pasa den ostegunean Bilbon egin genuen prentsaurrekoan.

Bost egun igaro dira azaroaren 24tik, bost egun Leioako kanpusa ikasle haserrez bete genituenetik. Baina errealitateari jaramon gutxi egingo genioke kale haietan egon ginen ikasleez horixe bakarrik esango bagenu; izan ere, komunean dugun beste ezaugarri bat izan zen bertara eraman gintuena: eraikuntzarako dugun grina. Hala, barruan dugun haserre guztia kaleratu eta Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko eraikuntza aldarrikatu genuen, beronen aldeko borrokan egunez egun fakultatez fakultate burutzen dugun lan guztiari oihartzuna eta balioa aitortzeko. Xede garbi horrekin hartu genituen Leioako kaleak. Komunikabideek eta indar errepresiboek gure benetako mezua ezkutatu dute, jazo zena istilu batzuen baitan kokatuz.

Honi lotuta, mobiliziazio egunetik gaur arte ikasle batek jasan duen jazarpena salatu eta elkartasuna adierazi nahi diogu, indar polizialak behin baino gehiagotan etxera bila joan zaizkio, izan ditugun azken berrien arabera gaur auzitegitik pasa delako.

Horregatik guztiagatik, inoiz baina indar handiagoz berrestu nahi dugu Hezkuntza Sistema Propio baten eraikuntzarekiko dugun konpromezuan; sinestuta gaudelako ikasleok asko dugula egiteko. Badakigu Herritik eta Herriarentzat izango den hezkuntza eredu bat Herritik eraikiko dugula edo ez dugula egingo; hots, Herri Aske baten oinarri izango den hezkuntza sistema bat eraiki nahi badugu Euskal Herriko Langile Klasekoak diren sektore anitzen elkar-lanaz burutzea ezinbestekoa izango dela. Gainera, Herri Mugimendu osoaren inplikazioa ezinbestekoa bada ere, Hezkuntza Komunitateak are erantzukizun handiagoa dauka hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida bat garatzen, eta baita honen gauzapen praktikoa egiten ere. Hala, beharrezkotzat deritzogu nagusiki ikasle, irakasle zein gurasoek, momentu honetatik bertatik, Euskal Herriko Langile Klasearen beharrizanei erantzungo dien hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida integral bati ekitea: hezkuntzaren helburu zein funtzio, egituratze, eduki, pedagogia… landuz, besteak beste.

Haatik, jakitun gara ezin garela etengabe gainontzeko sektoreen inplikazioaren zain egon. Horregatik, ikasleok egunez egun Herri honen Askapen Prozesuan zein Hezkuntza Sistema Propio baten eraikuntzan ekarpena egiteko determinazioa erakusten dugu. Abagune honetan, inoiz baino indar handiagoz azpimarratu nahi dugu eraikuntzarekiko gure konpromezua; fakultatez fakultate azken urteetan burutu dugun borrokak gure hitza berresten duelarik. Hala, ikasturte honetako bigarren zati hau eraikuntza elementuz inoiz baino kargatuagoa dakargu, anitzak izango direlarik ikasleok jakintzatik Herri Eraikuntzari ekarpena egiteko antolatuko ditugun ekimenak: hitzaldiak, ikasleon ahalduntzerako jardunaldiak, hainbat problematikari aurre egiteko bitarteko zehatzak, Herri Unibertsitateak, jakintza espezifikoen eztabaida saioak, ikasleon antolakuntza eta borrokarako Gune Askeak…

Beraz, esandako guztia kontuan hartuz, beste behin ere Ikasle Mugimendutik ikasleon borrokaren balioa azpimarratu nahi dugu. Euskal Herriko Langile Klasearen beharrizanei erantzungo dien Hezkuntza Sistema Propio bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa delako arazoaren sustraietara joatea. Horregatik, dei egiten diogu oro har Herri Mugimendu osoari, baina nagusiki, Ikasle Mugimendua osatzen dugun subjektu guztiei egunez egun eraikuntzara eramango gaituen borrokan murgilzera! Arazoa ez dela errektore hau ala bestea, unibertsitate eredua eta dominazio sistema baizik!

Gora ikasleon borroka!
Jo Ta Ke Hezkuntza Sistema Propioa eraiki arte!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa