Jaiegun inposatu gehiegi dauzka gure egutegiak, eta gaur dugu horietako bat: abenduaren 6a. Aurtengoa, espainiar konstituzioa “onartu” zen egunaren 38.urteurrena dugu.

Ikasle euskaldunon zapalkuntza ez zen 1978ko abenduaren 6an hasi, ezta amaitu ere; baina ordutik gure egutegietan beltzez markatutako data dugu, frankismo garaiko diktaduraren jarraipenari demokrazia itxura emateko ahaleginen puntu gorena izan baitzen. Euskal Herri Langileak eta haren kide garen ikasleok, ordea, sobera ongi dakigu konstituzioa jada ezarrita zeuden zapalkuntzen biziraupenerako tresna baino ez zela izan. Parekidetasunaz mintzo da, berdintasunaz, duintasunaz… hauek gauzatzea ezinezko bihurtzen duen sistemaren parte eta bultzatzaile den aldi berean. Konstituzioaren 27.artikuluak zein hortik eratorritako hezkuntza legeek, ikasleoi gure hizkuntza eta errealitatea errespetatzen ez dituen hezkuntza ezarri digute, patriarkala, sistema kapitalistaren beharretara egokitutakoa eta eduki espainolez jositakoa. Guzti honi buelta ematea ezinezkoa izango da sistema kapitalista hetero-patriarkalarekin amaitu eta Euskal Eskola Nazionala eraiki ezean, eta hau ez da posible izango lehenik espainiar estatura eta europar batasunera kateaturik mantentzen gaituen 78ko konstituzioa ukatzen ez badugu.

Espainiar konstituzioa, batzuentzat legeen legea, guretzat zapalkuntzen iturri baino ez da. Herrion kartzela, kapitalismoaren bermea, eta patriarkatuaren helduleku. LOMCEren gisako Lege Organikoen sorburu, promesa huts eta baliogabeez jositako orri multzoa. Eta abenduaren 6ak hezkuntza sistema propio baten beharra dugula gogorarazten digu, tokian tokiko errealitate eta beharrei erantzungo diena eta euskal herritar aske bezala heziko gaituena. Ospakizuna izatetik urrun, borrokatzeko hamaika arrazoi dauzkagula oroitarazten digun eguna da gaurkoa. Ireki ditzagun ikastetxeak, antolatu ditzagun Herri Eskolak, oihukatu dezagun beste behin ere espainiar konstituzioaren aurrean intsumisoak garela. Eraiki ditzagun alternatibak, ausartu gaitezen ikasle borrokaz aurrera pausu sendoak ematera. Uste baino lehenago, abenduaren 6a gure agendetatik desagertuko da eta Euskal Eskola Nazionala eraikiko dugun eguna ospatuko dugu. Markatu dezagun guk geuk gure egutegia!

INPOSAKETAK DESOBEDITUZ GUREA ERAIKI!
Gora Euskal Herria Sozialista ta Feminista!
Gora Ikasleon Borroka!

[DEIALDIAK]:http://www.ikasleabertzaleak.org/2016/12/05/78ko-konstituzioa-desobeditu-eta-euskal-herria-eraiki/

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa