Erreformak, murrizketak, inposaketak, zapalkuntzak… ikasleok egungo hezkuntza eredu ustelaren zama zapaltzailea dugu gainean. Frantziar eta espainiar estatuek klase, nazio eta genero zapalkuntzetan sakontzen dute heziguneak eta hezkuntza sistema bera honetarako baliatuz. Egungo sistema gaixotzen ari dira, ikasleon beharizanak bermatzetik oso urrun, sistemaren sustengurako baliatzen ari dira hezkuntza. Gure arteko konpetibitatea sustatu eta ebaluazio eredu atzerakoiena jarri nahi dute indarrean, sistema kapitalista heteropatriarkalaren beste pieza bilakatu nahi gaituzte bai gu eta bai gure hezkuntza.

Aurtengo ikasturteko testuinguruari begira gainera, 2016-2017 ikasturtea LOMCE edo EAEn Heziberri izenez ere ezaguna den hezkuntza erreformaren aplikazioaren bete-betean kokatu behar dugu. Izan ere, aurten erreforma bere orokortasunean inposatu eta errebalidetan oinarritutako ebaluazio sistema martxan jarri nahi dute. Jose Ignacio Wert eta Inigo Mendez de Vigok sortutako erreforma aplikatzen ari dira Cristina Uriarte eta Nafarroako gobernua Euskal Herriko heziguneetan.

Nazio gisa zapaltzen gaitu LOMCE erreformak eta bere izaera zentralistak Madrilen esku utzi nahi ditu hezkuntzaren gaineko erabakiak. Besteak beste, Euskal Herria, Paisos Catalans eta Galiza nazio zapalduak gara. Espainiar zein frantziar estatuengandik zapalduak gara eta estatuok hezkuntza baliatzen dute zapalkuntzetan sakontzeko. Honen aurrean, euskal hezkuntza sistema nazionala egunez egun eraikitzeko apustu irmoa dugu euskal ikasleok.

Bide honetan, Espainiar estatutik ematen diren hezkuntza erasoei aurre egin behar diegu euskal ikasleok, erreforma arrotzak desobedituz eta gure hezkuntza propioa eraikiz.

Guzti honen aurrean, euskal ikasleok, antolatu, saretu eta erreforma inposatu honi hortzak erakustera goaz. Ikasle Mugimendua gara gure eskubideak borrokatu eta bide horretan inposaketa eta zapalkuntza oro apurtzeko subjektua.

Gauzak horrela, Ikasle Abertzaleok bat egiten dugu SEPC eta Erguer antolakundeekin batera aurrera eramango den otsaileko borroka hilabetera. Ikasleok, herritik eta herriarentzat behar dugun euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko LOMCEren kontrako borrokaren lehen lerroan izango gara.

Hezkuntza erreforma arrotzei planto eta gure hezkuntza eredu propioa eraikiko duen ikasleria borrokalaria gara.

Erreformak apurtzera goaz. Gure hezkuntza sistema propioa eraikitzera goaz!

NO a la LOMCE!
Gure hezkuntza sistema propioa eraiki!
Otsailaren 23an kaleak hartuko ditugu!

2017ko urtarrilean,
Ikasle Abertzaleak

LOMCERI EZ

Tira (1)

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa