[Ikasle Mugimenduaren oharra:]

Badatoz aurten ere Herri Unibertsitateak; ikasleon antolakuntzaz Herritik eta Herriarentzat izango den hezkuntza eredu bat irudikatu nahian, aurten ere Hego Euskal Herriko hainbat bat kanpus zein fakultate gure eginez. Otsailaren 20tik 23ra bitarte burutuko ditugu: lehen bi egun eta erdiak maila lokalean, eta asteazken arratsaldetik ostegun bitarte Herri Unibertsitate guztiak San Mamesen batuz.

Urteak pasa dira jada lehen Herri Unibertsitatea antolatu genuenetik, eta orduztik, makina bat izan dira Ikasle Mugimenduaren baitan emandako hausnarketa zein eztabaidak, makina bat izan diren bezala burututako ekimen zein ekintzak. Borroka guzti hauek, gaurko Ikasle Mugimendua izan dute ondorio nagusi, eta beronen ardura da bere heziguneetatik eragiten jarraitu ahal izateko, egungo errealitatearen analisi zehatza egitea. Hots, burgesiak ekoizpen eredu kapitalistaren bidez geroz eta kapital gehiago metatzen jarraitu ahal izateko, produkziorako, erreprodukziorako zein kontrol sozialerako aktibatuak dauzkan mekanismoen ezagutza ezinbestekoa zaigu; baldin eta, hauen suntsiketaren eta Euskal Herriko Langileon kontrabotereguneen eraikuntzan oinarritzen den dikotomiaz, Euskal Herri burujabe zein hezkuntza eredu askatzaile bat lortu nahi badugu.

Horregatik, aurten Herri Unibertsitatean salto kualitatibo bat emateko beharra ikusi genuen, eta ekimen nazional bat burutzeak dakartzan abantailez jakitun, espazio bateratu bat sortzeari ekin genion. Batik bat, Euskal Herriko haimaika txokotako jendea San Mamesen batuz, hausnarketak elikatzeko eta osatzeko potentziala da lehertu nahi duguna: bai, bertako saioetan ahal bezain besteko sakontasuna lortzeko, baita, San Mamesen landutakoaz fakultateak, kanpusak, auzoak, herriak, militantanteak, eragileak… blaitzeko ere.

Gainera, joan den urtean San Mameseko Herri Unibertsitateak bizitako desalojoa ezin dugu ahaztu, EHUko zuzendaritza burokratikoaren aginduak betetzen zituzten txakurrek burutua. Jazarpen hau fakultate honetako ikasleen aurkako eraso bat izatetik urrun, Langile Klasearen baitako ikasleria antolatuarekiko oldarkeria gisan ulertu behar dugu: beronek egunerokoan burutzen dituen borrokak eta aurrerapausuak ekiditea zein jazartzea helburu bakar zuena. Hala, Herri Unibertsitate bateratu hau formakuntzarako espazio izatetik haratago doa, geure borroken eta buruen aurkako errepresioaren aurrean, autodefentsarako zein ofentsibarako determanazio sendoagoa erakusteko espazioa izango baita.

Era honetan, hitzaldi, tailer, zein bestelako ekimen sorta osatuen bidez, hezkuntza alienatzaile honekin bukatzeko eta zapalduon ahalduntzea ipar izango duen hezkuntza eredu bat eraikitzeko beharra aldarrikatuko dugu; esatetik egitera, erlazio ekonomiko-sozial kapitalisten zein kontrol sozialerako tresna honen analisia eginez, baita langileon zein herrion boteretzea eta askatasuna ahalbidetuko duten bideen inguruan hausnartuz ere. Xede hau betetzeko asmotan, asteazken arratsaldean errealitatearen analisia egiteko tresnen eskaintza egingo dugu: burgesiak daukan boterea nola eskuratzen, pilatzen eta babesten duen, zein, ekoizpen eredu honek sortzen dituen ondorioak argitzeko asmoz. Beti ere, gure jomuga, lantzen ditugun eduki guzti hauek gure eguneroko lanean islatzea da, heziguneetatik ere kapital metakerari aurre egin ahal izateko.

Ostegun goizean, aldiz, jakintzaren inguruko hausnarketak jarriko ditugu erdigunean. Izan ere, egungo hezkuntza kapitalistan irenstera behartuak gauden eduki guzti hauek, sistemaren produkziorako zein erreprodukziorako funtsezko elementuak dira: izan klase dominantearen status quoa bermatzen dutelako, edo produkzio sistema bera eraginkorragoa bilakatzen dutelako ere. Hala, Herritik eta Herriarentzat sortua izango den boterea erdiestea helburu izango duen jakintza ipar, inposatzen zaigun eduki hauen atzean dauden zergati eta izkutuko interesak azaleratzeko ariketak planteatuko ditugu, baita, jakintzaren bidez boteretzea eta herri eraikuntza lortzeko formak ere.

Honegatik guztiagatik, dei egiten diogu oro har Euskal Herri Langileari, baina zehatzago ikasle direnei, bai lokaletako baita San Mameseko batejotzeko aurrelanketetan zein Herri Unibertsitatean parte hartzera.

Aztertuz, astinduz, sortuz… langile boterea ahalbidetuko duen hezkuntza kritiko bat eraikitzera goaz! Bidean ikusiko dugu elkar!

 

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa