Ikasle mugimenduko Presoen Sostengurako Taldeek apirilak 5 eta 6an Osny-ko kartzelara martxa egingo dutela jakinarazi dute Gasteizen eginiko agerraldian.

[IRAKURKETA]

Gaur, hemen bildu gara Ikasle mugimenduko Presoen sostengurako talde ezberdinak, ikasle presoek, eta batez ere, Osny-ko presoek ikasteko jasaten ari dituzten arazoak eta jezarpena salatzeko, eta Apirilaren 5 eta 6 bitartean gure elkartasuna adierazteko Osny-ra egingo dugun kartzela-martxaren berri emateko.

Orain dela hilabete batzuk ikasle presoen aldeko taldeok batzen hasi ginen, maila nazionalean problematika hau lantzeko zeuden gabeziez jakitun. Ikasle presoen  arazoei erantzun bateratu bat eman beharrak eta hauen izaera politikoa plazaratu eta aldarrikatzeak ezinbesteko garrantzia duela uste dugu gaur egungo testuinguruan. Izan ere, presoen alorrean, askotan ahaztua geratzen den gai bat da ikasle presoena, askotan hezkuntzaren garrantzia albo batera uzten delarik, nahiz eta presoarentzat ezinbestekoa den lau hormen artean denbora pasatzeko, formatzeko eta psikologikoki aurrera egiteko.

Urteak joan, urteak etorri, ikasle presoen egoerak negargarria izaten jarraitzen du gaur egun ere. Gogoratu beharra dugu, gaur egun soilik frantziar estatuan dauden preso politikoek ikasi dezaketela UPVn, eta gradu determinatu batzuk bakarrik. Espainiar estatuan, ezinezkoa dute UPVn ikastea, euren ikasketak UNED bezelako distantziazko unibertsitateetan burutu behar dituztelarik. Hala ere, aukeratu ditzazketen graduak eramateko zailatsun handiak jartzen ditu sistemak berak. Izan ere, preso hauek jasaten ari diren baldintzak ez dira mendeku hutsa; horiek hartutako hautu politikoaren ondorio zuzena da. Beren militantzia politikoa jazartzeko eraso zuzena da, klase eta nazio zapalkuntzei aurre egiteko hartu duten paperagatik eta beraz baldintza horiek zapalkuntza horien parte dira.

Azterketak egiteko zailtasun argiak, apunteak eskuratzeko ezintasuna, UPVren zein beste instituzioen  pasibotasun garbia, ikasketa tasak osorik ordaindu beharraren kostu ekonomikoa, tutoretzak edukitzeko ezintasuna… hauek dira ikasle presoek euren ikasketak aurrera eramateko pairatu behar dituzten zailtasunak. Horiei gehitu behar diegu, nola ez, espetxeko zuzendarien zein funtzionarioen partetik jasotako tratu txarrak eta askotan honek guztiak eragindako etsipena, agobioa eta min psikologikoa.  

Ikasle presoen egoera ostera, ezin da ulertu begirada orokorrago bat egin gabe. Garai bereziak ditugu Euskal Herrian. Borroka armaturik gabeko garaia da egokitu zaiguna, eta garbi dago horrek baldintza aldaketa argi batzuk ekarri dituela gaur egungo testuinguru politikora. Euskal preso eta iheslari politikoen egoerak larria izaten jarraitzen du, eta Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren isla da. Sistema kapitalistan, burgesiak edozein motatako tresnak erabili izan ditu mugimendu iraultzaileak isilarazten saiatzeko eta praktika politikoa deuszestatzeko. Finean, bakearen eta konponbidearen aroan gaudela sinestarazi nahi digute, jakinik inoiz baino ageriagoa dela euskal herri langilea jasaten ari den errepresioa, sistemak birproduzitzen duen klase zapalkuntza eta Espainia, Frantzia zein Euskal Herriko hainbat eragile zein instituziok darabilten gatazkaren despolitizazioa. Kapitalismoak bizirik dirauen bitartean, ez da bakerik izango, euskal herri langileak askapen osoa lortu ezean, ezta konponbiderik izango. Duela hamarkada batzuk hasitako bidearen helburuak lortzera bidera, ezinbestekoa da euskal preso guztiak kalean izatea, garrantzitsua delarik etorkizunean errepresaliatu politiko gehiago egon ez daitezen baldintzak sortzea.Dena den kapitalismoaren aurkako borrokak dirauen bitartean ezin izango da errepesaliatu gehiago egotea ekidin, hauek egotea estatu kapitalisten indar errepresiboen menpekoa baita.

Preso dauden ikasle batzuk ikasten zuten bitartean izan dira atxilotuak, beste batzuk ikasketak barruan hasi dituzte ordea, baina funtsean, sistema honen aurkako borrokak eraman ditu barrura, eta sistema kapitalista suntsitzeko  hemen behar ditugu eta aldi berean, sistema suntsituz gero, kartzelekin amaitu eta gurera ekarriko ditugu.

Esan bezela, azken berri bat iritsi zaigu azken orduetan Osnytik. Bertako ikasle presoak diren Julen Mendizabal eta David Plari, ikasteko beharrezkoa duten materiala blokeatu egin diete, eta euren ikasteko eskubidea kenduko dietelakoarekin mehatxatu dituzte. Julen eta Davidek hilabeteak daramatzate ikasteko materiala eskuratzeko borrokan, eta erantzun ezkorrak eta zailtasunak besterik ez dituzte aurkitu. Era berean, ikasle preso guztiei eragin dakiekeen kontu baten aurrean egon gaitezkeela uste dugu.

Honegatik guztiagatik, Apirilaren 5ean Osny aldera abiatuko diren autobus guztiak beteko ditugu, Apirilaren 6ean, jezarpen hau salatu eta gure elkartasuna adierazteko Osnyko kartzelan dauden ikasle presoei. Argitara atera dezagun gure ikasgeletan ez gaudela denok, arazo serio bat dagoela hemen, eta ikasle presoek ere euren aitortza eta babesa merezi dutela. Datozen egunetan, euskal hiriburuetako taberna eta fakultate ezberdinetan jarriko dira autobusetako tiketak salgai, eta ikasle mugimenduko zein gazte mugimenduko  kide orori dei egiten diogu bertan parte-hartzera. Bonolaguntza bereziak ere kaleratuko dira nahi duen orok bere aportazio ekonomikoa egin dezan. Pertsona orori ere dei egiten diogu, Campus ezberdinetan diru bilketa aurrera eramateko egingo diren planteamendu ezberdinetan bere aportazioa egin dezan.

Ikasle presoak klasean nahi ditugulako, Apirilaren 6ean denok Osny-ra!

       Ikasle Presoen Sostengurako Taldeak,

      Euskal Herrian, 2017ko Otsailaren 15ean.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa