1857ko martxoaren 8an New Yorkeko polizia mobilizazio batean parte hartzen ari ziren emakumeen aurka oldartu zen; ehungintzako fabrika bateko langileak ziren, guztiz feminizatutako sektorea, pairatzen zuten esplotazioaren aurka (12 ordu baino gehiagoko lanegunak, soldata miserableak…) eta bizi baldintza duinen alde kalera atera zirenak.

1908ko martxoan, 15.000 emakume langilek berriz hartu zituzten New Yorkeko kaleak, aldarri berdintsuen baitan. Hurrengo urtean, martxoan berriro ere, 140 emakume baino gehiago erail zituzten euren lantokian jazotako sutean; ehungintzako sektoreko fabrika batean hain zuzen ere, zeinean baldintza guztiz jasangaitzetan lan egiten zuten.

Hauek ez dira emakume langileon ez lehenengo ez azkeneko mobilizazioak izan, baina martxoaren 8aren sustraiak ulertzen laguntzen digute. Emakume Langilearen Eguna; Emakumeok zapaltzen gaituen sistemaren aurka borrokatu, borrokatzen eta borrokatuko dugula omendu eta gogorarazteko eguna.

Euskal Herriko ikasleok ere badugu zeresana martxoaren 8an. Sistema kapitalista heteropatriarkala itxuraz aldatuta, bai, baina duela ehun urte bezain bizirik dago, eta egunero pairatzen dugu haren zapalkuntza; klasean irakasten dizkiguten erreferente guztiak gizonezkoak direnean; gizarte-laneko klasean gehiengoa emakumeak direnean, eta ingeniaritzan, aldiz, gizonezkoak; historiako klasean emakumeen borrokaz ezer gutxi irakasten digutenean; gure ondoko ikaslea arerioa dela pentsarazten digutenean; klasean zein kalean gure ahotsa isilarazten dutenean, txiki sentiarazten gaituztenean; gizarteak inposatutako roletan kabitzen ez garenean, eta horregatik gutxitzen gaituztenean; gure balioa bikotekidea izatearen arabera neurtzen dutenean; esku hutsik jaio eta esku hutsik hilko garela sinestarazten digutenean; askatasuna utopia urruna dela irakasten digutenean…

Baina egunero bizi ditugu sistema honen aurkako suteak ere, subertsioak: historia gizonezko txuriek idatzi dutela ohartzen garenean eta hura aldatzeko hautua egiten dugunean; kanpusetako garbitzaileak grebara ateratzen direnean; haiekin bat egiten dugunean; herri eskolak eta herri unibertsitateak feminismotik antolatzen ditugunean; emakume asanbladetan elkartzen garen bakoitzean; hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguru feministak antolatzen ditugunean; ikasleon arteko sareak ehundu eta indartzen ditugunean… modu kolektiboan ahalduntzen garenean.

Nazkatuta gaude inposatutako mundu honetaz. Nazkatuta haren sostengu den hezkuntza sistema patriarkalaz. Askatuko gaituen hezkuntza sistema baten beharra dugu, genero roletatik at heziko gaituen hezkuntza, eta hura eraikitzera goaz. Autodefentsa feminista arma izanik, emakumeon arteko elkarlaguntzaz horniturik, etenik ez duen bidean abiatu gara, Euskal Herria feminista iparrorratz dugularik. Emakume, ikasle, eta euskalduna izanagatik hiru aldiz zapalduak garelako, hiru aldiz errebelde izateko hautua egin dugu. Martxoaren 8an, ikasleok sistemari autodefentsa feministaz erantzungo diogula oihukatu dezagun; entzun dezatela, hezkuntza hezkidetzailea eraikitzera goazela. Eta borrokatu dezagun bizi dugun egun bakoitza.

Sistemari autodefentsa feminista; hezkuntza hezkidetzailea eraiki!
Egunero da martxoaren 8a!
Gora borroka feminista! 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa