131 urte bete dira aurten, 1886. urteko maiatzaren 1ean greba orokor historiko hura burutu zenetik. Milaka langilek, lantokiak hustu eta kaleak hartu zituzten lau egunez Chicagon, zortzi orduko lanaldiaren alde. Burgesiaren beso armatua den poliziaren errepresioaren ondorioz ehundaka izan ziren atxilotu eta torturaturatutako langileak, baita enfrentamentuetan eraildakoak ere. Gainera, borroka hauen ondorioz, bost langile anarkista urkatuak izan ziren, langile borrokaren irudi bilakatu zirelarik.

Ordutik aurrera, borroka eguna da maiatzaren lehena, borroka eta oroimenerako eguna. 24 orduko lanaldiak dituzten etxeko andreen oroimenerako eguna, asteburutan tabernan lan egiten duen gaztearen oroimenerako eguna, gorputza eta denbora merkantzia bilakatuz, diruaren truke saltzera behartua dagoen sexu-langilearen oroimenerako eguna, lan baldintza kaxkarren erruz eraildako langile guztien oroimenaren aldeko eguna, langabezian dagoen eta etxerik ez duen langilearen oroimenerako eguna…  eta abar luze bat.

Borroka eguna da maiatzaren lehena, ez baitira garai gozoak Euskal Herri langilearentzat. Bereziki 2007-tik aurrera finantza eta kreditu sistemaren eztandarekin batera sortu den testuinguruaren ondorioz, gero eta zailagoa zaigu gure bizitzak modu duin batean aurrera eraman ahal izateko, beharrezkoak ditugun gutxieneko baliabideak eskuratzea. Gainera, egoerak hobera egitetik oso urrun, langile klasea miseria eta sumisioan sakontzera kondenatu nahi du kapitalak.  

Sistemaren krisi fase berri honen ondorioz ordea, geroz eta nabarmenago azaleratzen ari dira kapitalismoak bereak dituen oinarrizko kontraesanak, eta honekin batera, baita aparatu politiko/estatal burgesek Euskal Herri Langilea dominatzeko dituzten modu konkretuen kontraesanak ere. Hala ere, historiak erakusten digun bezala, krisi garaiak abagune garaiak ere badira iraultzaileontzat, kapitalismoaren kontraesanetan sakonduz, mugimendu iraultzailea indartu eta gailentzeko baldintza objektibo zein subjektibo apartak dauzkagun garaiak hain zuzen ere.

Honetan ari da aspaldidanik ikasle mugimendua Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Hezkuntzaren merkantilizazio prozesuan sakontzea helburu duten erreforma eta estrategia ezberdinak (LOMCE, Heziberri, Estrategia Universitaria 2020…) errefuxatu, eta hauen bitartez hezkuntzak kapitalismoan daukan funtzioa azaleratuz, gehiengo zapalduaren beharrizanak asetuko dituen hezkuntza eredua eraikitzen, hain zuzen ere.

Hezkuntzaren merkantilizazioan sakontzea helburu dutela diogu, badakigulako gaur egungo hezkuntza eredua klase kapitalistaren akumulazio beharrizanei erantzuteko existitzen dela, hori baita estatu aparatu/administrazio/burokraziaren zeregina. Izan ere, merkatuak apropiazio indibiduala duenez oinarrian, lehia sustatuko da heziguneetan; merkatuak zentru-inperialistan (Alemanian, esaterako) ingeniari merkeak behar baditu, unibertsitateek gure herrian sobre-esplotatuta egongo diren langileak prestatuko dituzte; merkatuak hizkuntza unibertsalak behar baditu, euskararen presentzia gutxituko dute gure ikastetxeetan; merkatuak artea, filosofia edo literatura ez baditu behar, gobernu estatalek irakasgai eta gradu horiek ezabatu edo finantziatzeari uztearen aldeko apustuak egingo dituzte.

Horregatik, konturatuak gara gure borroka ezin dela erreforma hauen aurkakotasunera mugatu, erreforma hauek zein hezkuntza eredu honek asmo eta interes konkretu batzuk asetzeko helburua dutelako, gehiengoaren esplotazioaren bitartez gutxiengo pribilejiatuak aberastasuna metatzen jarraitzea, hain zuzen ere. Finean, zapalkuntza eta esplotazioan oinarritutako gizarte eredu eta harreman sozialak erreproduzitzea, burgesiak gainbalio kuotak handituz, kapitala akumulatzen jarraitu ahal izateko.

Gauzak honela, dei egin nahi diogu Euskal Herriko ikasle zapaldu guztiei, maiatzaren lehenean kaleak hartu eta kapitalari hortzak erakustera. Eta honekin batera, Euskal Eskola Nazionalaren irudikapen praktikoari ekin zein sakontzera gonbidatzen zaituztegu. Hasiak garelako iadanik, Euskal Herriko txoko ezberdinetan, kapitalaren logikatik at dagoen eta ikasle zapalduon autoantolakuntzan zein autogestioan oinarritzen den eta langileriaren emantzipazio soziala helburu duen hezkuntza eredua eraikitzen. Herritik eta Herriarentzat. Batu borrokara!!

Egunero da maiatzaren lehena!!
Gora zapalduon borroka!!

Maiatzak 1

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa