2016ko apirila. Ikasle mugimenduak parlamentu katalana presionatzen du 30 kilometrotako martxa jendetsu bat antolatuz, bi mozio onartzera behartzen dute instituzio hau. Mozioetan Unibertsitateetako tasak %30ean jaitsi behar zirela eta masterren prezioak graduen prezio berdinak izan behar zirela onartzen zen.

2016ko azaroa. Ikasturte berria hasita, oraindik mozioa ez da aplikatzen hasi. Manifestazio jendetsua egiten du ikasle mugimendu katalanak, zeinetan errektoretzaren babesarekin, mozioaren aplikazioa martxan jartzea exigitu egiten den.

Abendua heltzen da, eta gobernuak erantzunik ematen ez duela ikusita, SEPC ikasle antolakundeak Unibertsitateen Idazkaritza okupatzen du, gau horretan bertan indar polizialek ikasleak modu basatian kanporatuz. Jarraian, Unibertsitateen idazkari nagusiak, Arcadi Navarro, deklarazio batzuk egiten ditu unibertsitateetako tasen prezioak ez dituela aldatuko esanez, hezkuntza komunitatearen eskaerei men egin gabe.

Erantzun bezala, 2017ko maiatzaren 2rako ikasle greba deitzen da, jarraipen zabala lortuz ikasleriaren artean.

Bi hilabete beranduago, astelehen honetan, SEPCko hiru militante modu selektiboan atxilotu ditu poliziak, bakoitza bere kabuz zebilelarik. Horrek argi erakusten du ikasle antolakundeak jasaten dituen jarraipen eta kriminalizazio saiakerak.

Gertaera hau ez da kasualitatea: izan ere, aste hau borroka astea izan da ikasle katalanentzat, mozioen aplikazioa galdegiteko eta unibertsitateen idazkari nagusiari erantzukizuna eskatzeko helburuak zituena. Baina errepresioarekin ikasleria beldurtzetik urrun, kontrakoa gertatu zen ostegunean: 2000 ikasle atera ziren kalera ikasle mugimenduaren sendotasuna eta indarra agerian utziz, eta errepresioa beldurrik gabe gainditzeaz gain, kaleak bete eta ikasleon eskubideak errespetatu behar direla oihukatzeko gaitasuna duen ikasle mugimendua ikusi ahal izan zen. Manifestazioaren amaieran, 200 ikasle inguruk erabaki zuten Unibertsitateen Idazkaritzaren aurrean akanpatuko zutela, Arcadi Navarrori erantzukizuna exijitzeko parlamentuak onarturiko mozioak aplikatzeari uko egiteagatik.

Aste osoan zehar ikasleria erreprimitu ondoren, goizeko ordubatetan 300 Mossos d’Esquadra agertu ziren kanpalekuan, ikasleon aurkako eraso berri bat zuzentzeko asmoekin. Gauzak horrela, bertaratu ziren kazetariak gunetik kanporatu zituzten, eta eserita zeuden ikasleak banan banan desalojatzen hasi ziren inpunitate osoz, horietako askori zauriak eraginez, batzuk furgonetetan sartuz (bertan mehatxatu eta beldurtzeko) eta hogei bat ikasle identifikatuz.

Alde batetik, Alerta Solidària eta Sindicat d’Estudiants dels Països Catalans-ekin batera poliziaren jarrera salatu nahi dugu. Bigarrenik, errepresioak ikasleria ez duela inoiz geldiaraziko adierazi nahi dugu, argi eta garbi. Hirugarrenik, Gobernu katalanari eta Arcadi Navarrori erantzukizuna galdegiten diogu, erasoaldi hau eten dezaten eta ikasle borrokari esker onarturiko mozioak aplikatzen hasi daitezen. Azkenik, Herrialde Katalanetan borrokan dabiltzaten ikasle guztiei, eta bereziki SEPCko militanteei gure babes osoa adierazi nahi diegu, eta zuen borrokan alboan izango gaituzuela esan nahi dizuegu.

#ProuTaxesAbusives

Per una educació pública, popular, catalana, feminista i de qualitat… Gora ikasleon borroka!

Ikasle Abertzaleak,
2017ko maiatzaren 12an

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa