1948ko maiatzaren 15ean David Ben Guironek Israelgo estatuaren sorrera aldarrikatu zuen, eta horrekin batera, paramilitar sionistek Palestinako kaleak okupatu eta herriaren aurka erailketak eta erasoak burutu zituzten, Palestinarren kanporaketa masiboa eraginez. Milaka Palestinarrek beldurrez ihes egin behar izan zutela aprobetxatu zuten sionistek herriak okupatzeko eta hauek kolonoekin betetzeko. Hori izan zen Israelgo Estatuaren jaiotza, eta hori izan zen, aldi berean, Palestinarren hondamendiaren hasieraren eguna, Al Nakba eguna hain zuzen ere.

Geroztik estatu sionistaren erasoak amaigabeak izan dira Palestinar herriaren aurka: herrien okupazioak, garbiketa etnikoak, genozidio masiboak, kartzelaratze automatikoak, apartheida, palestinarren etxeen suntsipena, kaleratzeak, mehatxuak, okupazio militarra, arrazismoa eta abar luze bat.

Okupazioa hasi zenetik 800.000 palestinar baino gehiago atxilotuak izan dira Israelgo Estatuaren erruz, gaur egun 6.300 preso daudelarik. Horietatik 300 adinez txikiak dira, eta 500 automatikoki atxilotuak izan dira, euren atxiloketaren zergatia oraindik komunikatu ez dietelarik. Aurtengo apirilaren 17an 1.600 preso palestinarrek gose greba hasi zuten haien giza eskubideak aldarrikatzeko, kartzeletan jasaten dituzten basakerien amaiera galdegiteko eta hobekuntza minimo batzuk lortzeko asmoz.

Hala ere, Israelgo Estatuak bortizki erantzun du: preso palestinarren exijentziak “gehiegizkoak” direla esateaz gain, hauek gose greba egiteagatik mehatxatu eta grebaren buruzagiak isolamenduan jarri ditu. Adibide argiena Marwan Barghoutirena da. Berari grebaren zuzendaritza aitortzen zaio, eta horregatik guztizko isolamenduan dago apirilaren 17tik, bere abokatuari ere Barghouti ikustea debekatu diotelarik. Guzti honetaz gain, ezagunak dira jada gose greban daudenen aurka kartzeletako funtzionarioek burutzen dituzten torturak: ura edaten utzi gabe ura gainetik botatzen diete, bortizkeria erabiliz jatera derrigortzen dituzte etab.

Guzti horren helburua herri palestinarra izutu eta deskohesionatzea da, borrokan daudenen artean gatazkak sortzen saiatzea, alegia, horrela uste baitute Palestinarren Nazio Askapenerako borroka apalduko dela.

Hala ere, gaur egun argi eta garbi ikusten da giza eskubideen etengabeko urraketak, blokeoak, harresiak, apartheid sistemak eta errepresioak ez duela palestinarrek zapalkuntza onartzea lortu, preso palestinarrek egunez egun borrokan jarraitzen dutelako, Israelen aurkako Boikot Desinbertsio eta Zigorraren (BDS) aldeko kanpaina internazionala indartzen ari delako eta munduan zehar elkartasuna jasotzen dutelako. Eta hor ere, euskal ikasleriak bere alea jarri behar du.

Israelgo Estatuak bere erasoaldiak hiru esparrutan garatzen dituela ulertu behar da: esparru ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan. Horregatik, BDS kanpainiak ere hiru esparru horiek konkistatu behar ditu. Beraz, ezer baino lehen, ikasleok gure heziguneetatik Israelekin harremanak dituzten enpresa eta produktuak kanporatu behar ditugu, eskura dauzkagun baliabide egokienak erabiliz; eta gure heziguneak Israelgo estatuarekin (edo bere konplize diren erakunde, instituzio edo pertsonekin) dituen harreman guztiak moztera derrigortu behar ditugu. Hori da ikasle zapaldu bezala daukagun oinarrizko erantzukizuna. Bigarrenik, ikasleok heziguneetatik kanpo gaudenean ere, BDS kanpainaren aldeko jarduera garatzeko ardura daukagu, mobilizazioetan parte hartuz, palestinarren egoeraren difusioa modu aktiboan eginez, elkartasuna adieraziz edota esparru internazionalistetan lan egiten hasiz.

Guzti horregatik, eta gaurko egunean daukagun erantzukizunagatik, gaurko deituta dauden palestinaren aldeko mobilizazioetara batzeko deialdia egiten dugu, eta ikasle kontziente eta errebelde oro BDS kanpainan parte hartzera, difusioa egitera eta gaurko egunean palestinar herriari elkartasun publikoa adieraztera gonbidatzen dugu.

Gora Palestina askatuta!
Gora Ikasleon Borroka! Gora Euskal Herria internazionalista!

Ikasle Abertzaleak,
2017ko Maiatzaren 15a

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa