2014ko otsailaren 20an Vigoko kaleetan barrena ikasleen oihuak gailendu ziren. Egun horretan, hortzak erakutsi zizkioten zapaltzen dituen hezkuntza sistemari, hau da, etsaiak bere mesedetan diseinatutako aparatu ideologikoari. LOMCE den heinean, engranaje hau guztiaren gailurra, berau salatu eta zapalduon mesedetan egongo zen hezkuntza eredua aldarrikatu zuten. Agerraldia amaitzean, Xunta de Galiza-ko egoitza parean adierazpen bat burutzen ari zirelarik, delegaritza barrutik irten zen polizia talde handi bat, handik gutxira ikasleak bortizki erasotzen hasi zena. Istiluen ondorioz, 75 ikasle izan ziren identifikatuak, zenbait atxiloketarekin batera, eta hauetako batzuk zigor ekonomikoa jaso zuten. Gainera, horietako hamaika ikasleren aurka, prozesu judizial bat ireki zen, eta gertakari horietatik hiru urte  igaro badira ere, ekainak 18 honetan, hiruren aurkako epaiketa gauzatuko da: bakoitzari 11.500 euroko isunaz gain, sei urteko espetxe zigorra eskatzen diote, autoritateari atentatua, kalteak eta desorden publikoa egotzita.

Hau guztia gutxi balitz, azpimarratzekoa da auziperatuetako bat ez zela identifikatuta izan manifestaldian bertan, baizik eta handik egun gutxitara heldu zitzaiola salaketa. Hau da, burututako “operazio poliziala” kasualitatezkoa izatetik urrun, ikasle iraultzaile jakin batzuen kontrakoa izan da.

Hala eta guztiz ere, Galizako ikasleek jasandako errepresioa hau ezin dugu modu isolatuan ulertu. Aitzitik, ekoizpen eredu kapitalistaren baitan kokatu behar dugu langile klasearen aurka gauzatzen den edozein eraso, hau da, langileak, biziraun ahal izateko, bere lan-indarra saltzera behartzen dituen sistemaren baitan. Burgesia, baliabide produktiboen jabe delarik,  kapital metaketa mantentzea ahalbidetuko dion gainegitura sendo batez baliatzen da (gaur egungo Hezkuntza Sistema, Espainiar Estatua…). Horrela, esplotazioaren gainetik eraikitako “ordena” kolokan jar dezakeen edozer ekiditeko gaitasuna dauka etsaiak: alde batetik, errepresiorako mekanismo guztiaren bidez (legeak, sistema judiziala, indar polizialak…); eta bestetik, inor zapalkuntza honetaz ohartu ez dadin, iritzi publikoa manipulatzeko baliabide komunikatiboak zein bestelako tresna alienatzaileak erabiliz.

Horrenbestez, jakin badakigu hiru ikasle hauen aurkako epaiketa, mekanismo errepresibo honen guztiaren beste aurpegietako bat baino ez dela. Izan ere, aipatzekoa da orain dela egun batzuk, Santiagon, Escarnio Emaldizer gune autogestionatuaren  aurka burututako desalojoa. Bestetik, estatu espainola zein Frantsesa burgesiaren tresna izanik, Euskal Herrian ere, ez dira gutxi langileok pairatu behar izan ditugun erasoak. Ikasle mugimenduaren kasuan, aipatzekok dira San Mamesen burututako Herri Unibertsitatean emandako 203 identifikazioak  edota errebaliden ezarpena.

Honekin guztiarekin, gu, klase eta nazio zapalduetako ikasleok, eta bereziki zapalkuntza hirukoitza sufritzen dugun emakume ikasleok, langileon interesak defendatzeagatik epaituak izango diren kideak babestu beharrean gaude: haiei doakie Euskal Herritik gure elkartasun keinurik handiena!

Absoluzioa Nerea, Oliver eta Sinerentzat!
Gora Euskal Eskola Nazionala!
Gora ikasleon borroka!

Ikasle Abertzaleak,
2017ko Ekainaren 17an

 

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa