Bost urte inguru pasa dira LOMCE lege organikoaren zirriborroak aurkeztu zirenetik eta lau, Espainiako kongresu eta senatuan, PPren gehiengoari esker eta aho batez onartu zenetik. Ordutik, Hego Euskal Herriko jendarteak, behin eta berriro salatu du lege honen inposizioa, baita Eusko Jaurlaritzak LOMCE estaltzeko nahiarekin aplikaturiko Heziberri 2020 plana.

Horren adierazle dira, maiatza eta ekaina bitarte, LOMCEk eta Heziberri 2020k inposatzen duten errebalida azterketari 4.DBHko ikasleok eginiko planto dinamikak. Hego Euskal Herrian, 30 ikastetxe baino gehiagotan egin ditugu ekintza desobedienteak ehundaka ikaslek. Gaur hemen batu garenok, azken hilabeteetan antolatutako ikasleria borrokalaria ekarri nahi dugu gogora. Zorionak guzti guztiei!

Aipatzekoa da bide hau ez dugula bakarrik egin eta plantoa ez litzatekeela posible Hezkuntza Plataforma Topagunearen zein planto dinamiketan ikastetxe ateetan babesa erakustera agertu diren guraso, irakasle zein herritarren konpromisorik gabe. Elkarlan honek argi erakusten du Euskal Herrian badagoela hezkuntzaz kezka eta konpromisoa duen komunitate antolatua.

Honek argi erakusten du, herri honen gehiengo handi batentzat, LOMCE eta Heziberri 2020 hezkuntza legeak zein hauek ekartzen duten ebaluazio sistema inposatua eta arrotza dela. Hortaz, euskal jendarteak argi utzi du erreforma hauen aurrean borrokatzen jarraituko duela.

Azken ikasturte hauetan burututako greba, kontzentrazio, manifestazio eta mobilizazio jendetsuak, lege hauen inposaketa alde batera uzteko mugarri direla argi daukagu. Baina jakin badakigu, Cristina Uriarte eta LOMCE zein HEZIBERRIren bultzatzaileek, ez dutela jendartearen nahiei erantzuteko asmorik, eta ondorioz, ez dutela erreforma hauek bertan behera uzteko ezer ere egingo.

Horregatik, Ikasle Abertzaleok argi adierazi nahi dugu planto dinamika bukatu den arren, lanean jarraituko dugula euskal hezkuntza komunitateak behar eta nahi duen hezkuntza sistema propioa lortzera bidean. Gauzak horrela, hurrengo ikasturtera begira, LOMCE eta Heziberri zein hauen ebaluazio sistema gelditzeko konpromisoan berresten gara.

Guk, Euskal Eskola Nazionala!
Gora ikasleon borroka!

2017ko ekainean,
Ikasle Abertzaleak

IMG_0403

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa