Stonewall-eko matxinadaren 48.urteurrena dugu gaurkoa. Heteroarauatik at kokatzen zirenen aurkako sarekadak, erasoak eta atxiloketak ohikoak ziren garaietan, Stonewall taberna New Yorken aske izan zitekeen leku gutxietako bat zen. 1969ko Ekainaren 28an, gauez, polizia taberna beraren eta bertan zeudenen aurkako sarekada bat burutzen ahalegindu zen.  Baina ez zuten posible izan: ehundaka izan ziren poliziaren aurka altxatu zirenak, bi egunez luzatu zen matxinadan. Izatea, maitatzea eta gozatzea subertsiorako arrazoi direla erakutsi zuten, eta gerora, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egun bilakatu da Ekainaren 28a.

New Yorkeko kaleetan piztutako suak bizirik dirau, matxinatzeko arrazoiak ez baitira desagertu: heteroarauak nor, nola eta noiz maitatu behar dugun esaten digu oraindik ere, nor izan eta nola jokatu behar dugun, eta erasoek hamaika forma hartzen dituzte egunero. Zapalkuntza hau mantentzeko eta birsortzeko armarik eraginkorrenetako bat hezkuntza da. Horregatik, ikasleok argi dugu Euskal Herri aske bat lortzeko hezkuntza sistema irauli beharra dugula ezinbestez. Pertsona aske bezala heziko gaituen hezkuntza sistema behar dugu, garenaz harrotzeko, gozamenaz gozatzeko, nahi bezala maitatzeko eta hau libreki egin ahal izateko.

Stonewall-eko matxinatuen oihuen oihartzuna gara, heteroaraua lehertzera goazela diogun bakoitzean. Borrokaren lekukoa hartu eta Euskal Herri feminista, sozialista eta independiente baterako Euskal Eskola Nazionala eraiki dezagun, aske heziko gaituen hezkuntza sistema gaurtik borrokatuz!

Ekainak 28

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa