Urteetako lana eta esperientziaren motxilarekin ekin diogu ikasturte akademiko berriari. Herri Eskola, manifestazio, Herri Unibertsitate, talde kritiko, greba, asanblada, jardunaldi, ikasle presoen aldeko dinamika… oro gogoan izanda eta hauetatik ikasita, indarberriturik gatoz sistema zapaltzaile hau gogor kolpatzen jarraitzera!

Eta eskerrak hala den, izan ere, badakigu sistema kapitalistan boterean dagoen klaseak, hau da burgesiak, ez duela inolako asmorik atsedenik hartzeko. Alderantziz, langileriaren esplotazioan sakondu eta miseria gorrira kondenatzen jarraitzea da bere nahi bakarra. Honen adibide izan dugu pasa den ikasturtea, kapitalaren mesedetara diseinatutako LOMCE eta EU2015 bezalako erreformen ia %100 aplikatu zaigun ikasturtea hain zuzen ere. Eta honen adibide izango da datorren ikasturtea ere, izen, forma edo jatorri ezberdinak dituzten, baina helburu berbera duten hezkuntza mugimenduak emango direla aurreikusi dezakegun ikasturtea delako. Helburu berbera diogu, kapitalismo patriarkalaren biziraupena eta hauen erreprodukzioa bermatzea helburu duten mugimenduak direlako. Hau da, egungo zapalkuntza eta esplotazio egoeran sakonduz, burgesiak kapitala metatzen jarraitzeko behar dituen langile idealak sortzeko helburua duten hezkuntza erreformak. Jakintzaren espezializazioaren bitartez, lan emankorraren eta ez-emankorraren bereizketa bidez edo indibidualismoa, sumisioa eta lehiakortasuna bezalako baloreak sustatuz, esaterako.

Eraso hauen aurrean autodefentsaz eta klase-elkartasunaz jarduteko hautua egin dugu, gure kide bakoitza babestuz gure klasea defendatuko baitugu. Zentzu horretan, intsumisio praktikak hauspotzea izango dugu xede, Euskal Eskola Nazionala ipar eta hezkuntza komunitatea bidelagun izanik. Gure miserian sakontzea helburu duen jarrera oro intsumituz eta eduki berrien ekoizpenaren bitartez, botere propio bat sortzen ariko gara, klase borroka gainditzeko helburua dugularik.

Horregatik, udako ordaindu gabeko praktika, edo soldatapeko dendako, fabrikako, tabernako edo umeak zaintzeko lanez nazkatuta, eta hauek sortu diguten gorroto eta gogo guztiarekin gatoz, ikasturte honetan ere kapitalari eta honen menpe dauden txotxongilo guztiei egurra ematen jarraitzeko asmoz. Izan ere, ikasle zapalduok prest egon behar gara oztopoak gainditzeko, gure kideen aurkako erasoei erantzuteko, eta batez ere, botere propio baten eraketaren bitartez, gure behar eta nahiak aseko dituen hezkuntza ereduan sakontzen jarraitzeko.

Gora ikasleon borroka!!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa