Urriak 12, hispanitatearen eguna. Espainiako festa nazionala. Egun honetan Espainiak festa egun nazionala deklaratu du legez, antza Ameriketan egin zuten sarraskia gogoangarria eta goraipagarria da beraientzat.  Zapaltzaileak izateaz harro daude eta hori erakusteak ez ditu lotsarazten. Are gehiago, egun hori ere bere zapaltzaile izaera mantentzeko erabiltzen dute, atzoko egunean ikusi genuen moduan.

Kapitalismoaren baitan egituratutako gizarte eredu honetan, burgesiak dena du bere menpe, esparru oro bere onurarako du egituratuta. Hezkuntza bera ere bere interesak betetzeko du egituratuta, dena langileriari gainbalioa erauzi eta ahalik eta gehien irabazteko.

Euskal Herria desagertzera kondenatu nahi du kapitalak, Espainiar zein Frantziar estatua erabiliz, kapitalismoaren interesen baitan ez dagoen Euskal Herria desagertzea helburu izanik. Kapitalak estatu hauen bidez eskura duen edozein tresna erabiliko du, kapitalaren ordena kolokan jartzen duen edozer zapaltzeko. Oso argi geratu zaigu hori Kataluniarekin, non kapitalismoak eta hau islatzen duen Espainiar estatuak, ez duen inongo interesik euren sistematik at kokatzen den zapalduon izaera kultural eta politikoa garatzeko.

Egutegi arrotzen inposaketaren bidez izaera propio hori ezeztatu nahi digute, euren normalitatearen baitan nahi gaituzte. Hori da egun honek adierazten duena, bi klaseen arteko guda, langileon eta burgesiaren artekoa. Batak bestea bere menpe nahi du, eta menperatze horretan, Euskal Herriak izan duen garapen historikoa dela medio, Euskal Herriaren eta gure kulturaren aldeko borroka guda horren baitan kokatzen da, soilik langile klasea izanik borroka horretan interesa duen bakarra.

Honen aurrean ikasleon hautua argia da. Azken urteotan argi adierazi dugun bezala, zapaltzaileari gerra deklaratzen diogu. Bere arauen eta normalitatearen aurrean intsumiso izaten jarraituko dugu. Bere kontrolpeko eremu orotan arrakalak ireki eta zapaldok gure eremu propioak sortuko ditugu, gure interesen alde eta beraienaren aurka, bai atzo egin genuen moduan Hispanitatearen egunean eta baita edozein egunetan ere.

Guk gure egutegi propioa nahi dugu, gure edukiak, gure erabaki eremu propioak… Hezkuntzan guk erabakiko dugu zer egin. Ez dugu jai-egun arrotzik onartzen, eta jai-egun arrotzen aurrean herri-eskolak  eraikitzen jarraituko dugu, atzo Euskal Herriko hainbat puntutan egin genuen bezala. Herri  Eskolak gure borroka tresna dira, iraultzaile eskolak dira, zapalduok gure egoeraz jabetu eta gure jardun propioa garatzeko espazioak, gure formazioa erabakitzeko, gure arazoak plazaratu eta elkartasun sareak sortzeko eta etsaiaren aurka antolatu eta borrokatzeko.

Izan ikastetxe, gaztetxe, auzo okupatu, herriko plazan… gizartea aldatzea dugu helburu. Eta atzoko egunean Euskal Herriko plaza, kale eta eskola ezberdinetan erakutsi genuen moduan, ikasle iraultzaileok jai-egun arrotzetan kalera ateratzen jarraituko dugu, euren legediari intsumisioz erantzunez eta gure praktika lehen lerroan jarriz. Zorionak atzoko egunean Herri Eskolak eraiki zenituzten guztioi, eta hitzaldi, mahainguru, proiekzio zein eztabaida ezberdinetan parte-hartu zenuten guztioi.  Eraiki ditzagun esparru guztietan herri eskolak!

Intsumitu, irauli, Herri Eskolak eraiki!

U12 Herri eskolak

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa