Ikasle Abertzaleak antolakundetik, datozen lerroetan azalduko ditugun arrazoiengaitik ez dugu bat egiten Ikasle Sindikatuak, Urriaren 26ean aurrera eraman nahi duen paro eta manifestazio deialdiarekin. Are gehiago, iraultza prozesuan, hots gure helburu estrategikoak erdiesteko prozesuan, oztopo, traba zein ikasle zapaldu eta orokorrean langile klasearekiko engainu gisara ulertzen dugunez, horrelako jarrera zein planteamendu politikoak borrokatzeko beharra azalerazi nahi dugu.

Ikasleok aspaldi konturatu ginen ikasle sindikatuaren oportunismo hutsalaz. Estatu espainiarreko nazio zapalduekiko inoiz ezer egin ez dutenak (are gehiago traba izan direnak), orain bapatean “Kataluiniako errepresioaren aurka” mobilizazio bateratu bat aurrera ateratzeko beharra identifikatu dutenaren amuarekin datoz ikasleongana. Badakigu ordea, testuinguru konkretu hau baliatu nahi dutela euren bandera eta sinadura kalera ateratzeko. Jakitun gara, ez dela benetazko elkartasun edo babes keinu bat, soilik honek duen babes soziala eta sentsiblizazio maila baliatu nahi dituztela euren planteamendu eta ildo politiko erreformista eta espainolistak indartzeko, bestela lortzea ezinezkoa egiten zaien ohiartzuna erabiliz gainera.

Erreformistak diogu bai, badakigulako amu bat (soluzio faltsu bat, arazoaren parte alegia) direla ikasleontzat zein orokorrean langile klasearentzat. Hezkuntzak, dominazioan oinarritutako sistema kapitalistan betetzen duen analisi sakon eta integral baten faltaren ondorioz, hezkuntza borroka aislatu eta neutro gisara ulertzera eramaten dituelako. Hau da, batetik orokortasunarekin (bizitzako beste esparru guztiekin) duen harremanari ongi erreparatu gabe, eta bestetik, hezkuntza soilik gobernuan dagoen alderdi politikoaren esku egongo balitz bezala ulertuz. Oinarri honetatik abiatuz egiten dituzten planteamendu guztiak ez dira inoiz iraultzaileak izango, edo ez dute inoiz langile klasearen beharrak aseko dituen hezkuntza garatzea helburu izango. Labur esanda, ezingo delako inoiz langile klasearen mesedetara egongo den hezkuntza sistema bat garatu kapitalismoa gainditu gabe.

Honi gehitu beharra diogu antolakunde honen estrategia politiko baten falta. Badakigulako, ikastetxe eta unibertsitateko errealitatea ez dutela ezagutzen, batetik ez direlako ikasleak edo Euskal Herriko hezigune ia guztietan ez daukatelako militanterik, eta bigarrenez, bizi ditugun arazo eta zapalkuntza ezberdinak gainditu ahal izateko irtenbiderik ez digutelako eskaintzen. Horregatik, ez dakigu oso ondo nongo egoitza edo bulegotatik, noizean behin greba eta mobilizazio ezberdinak planteatzen dituzte, inolako jarraikortasun edo estrategia orokorrik gabe, eta oso ondo jakin gabe zeri eta nola egiten dioten ekarpena mobilizazio hauek. Hau da, modu oso espontaneo eta interesatuan erabiltzen dituzte mobilizazio hauek, euren bandera eta sinadura kalera atera ahal izateko.

Gehiago sakondu gabe eta esandakoa laburbilduz, Euskal Herriko ikasle zapaldu orori dei egiten diogu Ikasle sindikatuaren deialdi eta ildo politikora ez atxikitzea eta berau borrokatzea. Bide beretik, ildo politiko iraultzailea garatzen ari garen ikasle mugimenduko sektore ezberdinen parte izatera gonbidatu nahi zaituztegu. Bidezidor eta engainuak albo batera utzita, egunerokotasuneko konpromiso eta lan militantean ikusiko dugu elkar, animo eta egurra!

Era berean, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu Katalunian SEPCek Urriaren 26ean aurrera eramango duen mobilizazioari. Zuekin gaude! Endavant!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa