Urtebete igaro da jada, UPVk ustez demokratikoak ziren hauteskundeen bidez agintari berria jarri zuenetik. Urtebete igaro da jada, UPVko errektore feminista, ezkertiar eta euskalduna omen dena ezarri zutenetik.

Iazko azaroak 24, UPVko errektoretza taldearen aldaketa eman zen. Hauteskunde horietan, Nekane Balluerka buru zuen zerrenda bakarra aurkeztu zen, eta nahiz eta ikasleriaren gehiengo zabalak (%95) abstentzioarekin bat egin, zilegitasun osoa eman zitzaien hauteskundeei. Berau da gaurko errektorea. Horrez gain, unibertsitate ereduaren aurka Leioan burutu zen ikasle mobilizazioa zipaioak bidaliz erreprimitu zuen UPVk.

Argi genuen eta argi izaten jarraitzen dugu, UPV zein beste instituzioen agintari direnak ez direla gure bidelagun izango, haien erabakiek burgesiaren klase interes konkretuei, men egiten baitiete, eta beraz, ez baitira inolaz ere langile klasearen interesekin bateragarriak izango.

Arazoa ez delako errektore hau ala beste, unibertsitate eredu hau zein dominazio sistema baizik. Unibertsitateak, hainbat funtzio betetzen ditu sistema kapitalistaren baitan. Kapital metaketa areagotzeko, unibertsitatean burgesiari beharrezkoa zaion jakintza ekoizten da, langile klasearen sumisioa areagotzen da eta iritzi publikoa eraikitzen da. Beraz, botere burgesaren mesedetara dagoen instituzioa izanik, unibertsitate honen helburua klaseak betikotzea da. Izan ere, burgesiari bere lan indarra saltzera behartua dagoen langile klasea existitzea beharrezkoa zaio, kapitalaren akumulazioa langileriari lapurtutako lan indarretik lortzen baitu.

Gaurko unibertsitateak, zenbait aldaketa eta “onura” egingo ditu, ahalik eta demokratikoena izateko. Pauso hauek, klase borroka ezkutzatzeko eginak dira. Baliteke historian emakume izenak gehiago aipatzea, edo euskarazko ikasgaietan gehiago inbertitzea. Guk, ordea, hautua egina dugu. Unibertsitatearen baitan ematen diren aldaketekin ez gaituzte egainatuko. Errotiko aldaketa nahi, eta behar dugu. Horretarako, bizi eredu berri bat oinarri izango duen unibertsitatea eraikiz, unibertsitate hau apurtu behar dugu. Burgesiaren tresna den unibertsitatean, genero zapalkuntza jasatera, gure hizkuntza galtzera eta etorkizun ilun batean bizitzera kondenatuak baikaude.

Ikasleok, klase zapalduaren interesak oinarri izango dituen unibertsitate eredu berria eraikitzeko lanean ari gara. Hainbat proiektu jadanik martxan dira: elkarren artean harremandu eta ideiak elkarbanatzeko kanpus ezberdinetan gureganatutako gune askeak; jakintza arlo bakoitzak jasotako edukiak ezbaian jartzeaz gain, bizi eredu berria eraikitzeko beharko dugun jakintza ekoizteari ekiten dioten talde kritikoak eta urteetan zehar geroz eta indar handiagoa hartzen ari den Herri Unibertsitatea kasu aipagarriak ditugu. Herri Unibertsitatean, eduki propioak landu, eta lortu nahi dugun bizi eredu eta harreman berrien hurbilpena ematen dugu. Aipatutako eta aipatu gabe geratatzen diren proiektu horiekin, zapalduak izateaz nazkatuak gaudela adieraztearekin batera, instituzio burokratiko hauek guztiak suntsitu eta langile boterea eraikitzeko gaitasuna dugula argi uzten ari gara.

Urteak dira antolatu eta borrokari ekin genionetik, eta bide honetan gogotsu eta indartsu jarraituko dugu. Ikasleriari, proiektu hauetan parte hartzeko eta borrokari ekiteko dei egiten diogu. Ikasleok, inposatzen dizkiguten oztopo guztiei aurre egin eta gure beharrak asetuko dituen bizi eredu berri bat eraikitzeko prest egon behar baitugu.

GORA IKASLEON BORROKA!
INOIZ BAINO GEHIAGO,
IKASLE BORROKAZ GUREA ERAIKI!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa