Urtean berrogeita hamar emakume erailak. Zortzi minuturo bortxaketa bat Espainiar Estatuan. Egunean hamahiru salaketa Euskal Herrian. Ikasturte hasieran, Gasteizko kanpusean hainbat eraso sexista. Jarraipenak, ukituak, begirada lizunak, irainak… Hau da emakume zapalduon bizitza inguratzen duen errealitate gordina. Gaurko egunean bereziki, emakumeon indarkeriaren aurrean hortzak erakutsi nahi ditugu.

Hala ere, jakin badakigu emakumeon aurkako indarkeriaz ari garenean ezin garela agerikoa den horretara mugatu. Izan ere, ez dira kolpeak bakarrik min ematen digutenak, askotan indarkeria mediatiko, sinboliko zein psikologikoa ere jasanezinak baitira. Etxera bakarrik bueltatzearen beldur izatea, gure itxura fisikoagatik epaituak izatea, gure hitza eta historia ezkutatuak izatea, bestearekiko jabetza eta kontrolean oinarritzen den (eta indarkeria hau guztia birproduzitzen duen) bikote-harreman eredua asimilatzera behartuak izatea… Hauek guztiak, egunerokoan pairatzen dugun genero zapalketa patriarkalaren adibide gutxi batzuk baino ez dira, agerian uzten dutenak indarkeria kolpeak baino askoz gehiago dela. Hain zuzen ere, egungo gizarte kapitalistaren egiturazko eta ezinbesteko elementua da.

Ekoizpena eta merkatua determinatzen dituen sistema soil bat izatetik urrun, kapitalismoa osotasun konplexu eta kontraesanez beteriko errealitatea da, bereziki langile klaseko kideontzat. Burgesiak, bere dominazioa mantentzeko, hau da, kapitalaren diktadurak indarrean jarraitzeko, ezinbestekoa du harreman sozialen atzean dagoen logika ezkutatzea. Mota askotako trikimailuak asmatzen ditu bere boterea ez dadin kolokan jarri, langileok gure aurrean dugun etsaia ondo ez ezagutzeko xedez.

Berdina gertatzen zaigu genero indarkeriarekin; burgesiaren kontrolpean dauden botere guneetatik behin eta berriz zabaltzen dituzte honakoa era partzialean ulertzeko mezuak. Ikusgarria den bakarra indarkeria fisikoa izateaz gain (hori ezkutatzea ezinezkoa zaiolako), sistemaren osotasunarekin loturarik ez duen fenomeno gisa aurkezten digute. Baina gu, militante iraultzaileok, ohartu gara indarkeria estruktural honen atzean dagoena desjabetuon lan indarraren esplotazioan oinarritzen den ekoizpen eredu kapitalista dela eta honekin apurtu ezean ez dugula indarkeriaren forma guztiekin inoiz amaituko. Nolanahi ere, kapitalismoaren gaindipenak ez gaitu emakumeon askapenera mekanikoki eramango.

Sistema kapitalistaren funtsa gainbalioaren ekoizpena eta errealizazioa dira. Hori ahalbidetzen duena lan indarra da (burgesiak erosi eta esplotatzen duena) eta honek etengabeko erreprodukzioa galdegiten du, emakumeongan jausten dena eta aitortzarik ez duena. Ondorioz, merkantzien ekoizpena nahiz zirkulazioa eta lan indarraren mantenua bereiziezinak dira. Lan indarraren erreprodukzioak emakumeon bizkarraren gainean erortzen diren lan hauek barnebiltzen ditu, besteak beste: etxeko senideen zaintza afektiboa, janaria prestatzea, etxearen garbiketa, sexu-harremanak…

Hau guztia gutxi balitz, azken bi mendeetan lan merkatuak emakume langileok ere xurgatu egin gaitu, bizi ahal izateko lana etxetik kanpo bilatu behar izan dugularik. Honek independentzia ekonomikoa ahalbidetzetik urrun, gure kateak indartu ditu, zama bikoitza (etxeko lanak eta soldatapeko lana) suposatuz, genero zapalketa kapitalistaren oinarrietako bat delarik. Gainera, emakumearen lan baldintzak langile klasearen kaxkarrenak izaten dira: lan ordu partzialak, soldata baxuagoak, ama ez izatera kondenatzen gaituzten kontratuak… Ziurgabetasunez beteriko eremu honetan ere, behin eta berriz gara erasotuak: begirada lizunak, komentario matxistak, gutxiespenak, objektibizazioa… Gurera ekarrita, UPV-ko garbitzaileen egoera dugu adibiderik argiena. Langile izateagatik esplotatuta, baina emakume izateagatik bereziki kolpatuta.

Hezkuntzako egoerarekin jarraituz, ez dugu ahaztu behar hezkuntza zapaltzen gaituen sistemaren baitako beste instituzio bat den heinean, genero indarkeria patriarkala zein kapitalistaren birprodukzioan ezinbesteko papera duela. Hezkuntza sisteman bertan jartzen dira sexuaren araberako lan banaketaren oinarriak, emakume eta gizon langileak jakintza arloka banatuz: jakintza arlo batzukbereziki bideratuak dira erreprodukzio lanak egitera (erizaintza, magisteritza, psikologia…), beste batzuk ekoizpen zein zirkulazioaren esferaren baitako langileak sortzera (informatika, ingenieritza…). Bestetik, beste hainbat mekanismoren bidez sexuen arteko bereizketa bermatzen du ere hezkuntza sistemak, komunen bereizketaren bidez, kasu.Hori dela eta, aurpegia garbitzeko saiakerek ez gaituzte engainatuko; jakin badakigulako, erasoen aurkako hamaika protokolo prestatu, zenbait kanpaina antolatu, UPVren zein hezkuntza sailaren goi karguetan emakumeak jarri arren, instituzio burges honen atzean dagoena klase dominazioa besterik ez dela.

Horrenbestez, askotan gure barrenean sentitzen dugun beldurra amorru bihurtuz eta amorrua borrokarako grina, emakume langileok zapaltzen gaituen sistemaren aurka altxatzeko garaia da, ohikoak zaizkigun eremuetan (militantzia, etxea, ikasgelak, kalea, lanpostua….) ematen diren erasoetatik hasita. Elkarren arteko zaintza eta babesa gure arma izanik, aspaldi hasiak gara jada parekidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen. Horren adibide dugu aurrera eramaten ari garen prozesu feminista: emakumeon zapalkuntzaren jatorria eta nolakotasuna argitzen eta gure mesedetan egongo den metabolismo sozial berria marrazten ari garelarik. Batu gaitezen, beraz, kolpatzen gaituen mailuaren aurka!

ERASOEN AURREAN, EMAKUME LANGILEOK AUTODEFENTSA!

GORA BORROKA FEMINISTA!

EMAKUME LANGILEOK LEHEN LERRORA!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa