Badira aste batzuk EAEn eta hezkuntza publikoaren baitan, hainbat kolektibo borroka dinamika ezberdinetan murgildu zirela. Haurreskolak, sukalde eta garbiketa, heziketa berezia eta irakasleek borroka asteak burutu dituzte urria eta azaroan zehar, sektore bakoitzak bere mobilizazio eta greba egunak izan ditu. Honi jarraipena emateko asmoz, Abenduaren 12an greba deialdi bateratu bat burutuko dute EAEn, eta manifestazioak izango dira hiriburu guztietan: Donostia, Bilbo eta Gasteizen.

Ez dago esan beharrik, kolektibo hauen aldarrikapenek eragin zuzena dutela ikasleon bizitzan zein ikas baldintzetan, eta horregatik uste dugu guk ere zer esana badugula honetan. Izan ere, eta adibide moduan, langile plantilak handitzearen, behien behineko langile kopurua murriztearen, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua jeistearen, ordezkapenak lehen egunetik betetzearen edo zer esanik ez, LOMCE zein Heziberri bertan behera uztearen beharra dugu guk ere, gure egunerokotasunean gure azalean bizi ditugun problematikak baitira. Horregatik, aldarrikapen hauen gauzapenak gure ikas baldintzak hobetzea ekarriko duela ulertuta, mobilizazioekin bat egin eta Abenduaren 12an kalera ateratzera animatu nahi ditugu ikasleak.

Ez dadila gaizki ulertu ordea, ez dugu bat egiten soilik ikasleoi eragiten digun zerbait delako. Jakin badakigu borroka berdinaren parte garela, etsai berdina daukagulako eta etsai hau gainditu dezakeen subjetu bakarraren parte garelako soldatapeko langileak eta ikasleak, langile klasearen parte hain zuzen ere. Ikasleon zati haundi bat langile klasearen parte gara, eta horregatik, honen sektore ezberdinek dituzten borroka espresio inmediatoak klase elkartasunez babestea dagokigula uste dugu, langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko zein kontzientzia iraultzailea garatzeko aukera sortu dezaketelako.

Honez gain, ezinbestekoa deritzogu aipatzea, ezin garela borroka inmediato hauetan itsutu, eta behar beharrezkoa zaigula kapitalismotik kanpo Euskal Herriko langile klasearen behar eta interesak aseko dituen hezkuntza zein bizi ereduak diseinatzen eta praktikan jartzen hastea. Horretan jarraitu eta sakontzera ere animatu nahi zaituztegu ikasleak, eta nola ez borrokan ari diren hezkuntzako langile ezberdinak. Langile klasearen antolakuntza forma independiente eta autogestionatuaren bitartez, gure jakintza propioa sortu eta Euskal Eskola Nazionala materializatzen hastera alegia. Herri Eskolak edo Herri Unibertsitatea bezalako proiektuetan sakonduz.

Gora langile eta ikasleon borroka!

Gora langile klasearen borroka!

Ikasle Abertzaleak

2017ko Abenduan

Hezkuntzako greba

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa