Amaitzera doa 2017. urtea. Amaitzera doa, ikasle mugimenduarentzat zeresan handia eman duen urtea, eta era berean, gure praktika politikoan aurrera pausu handiak eman ditugun urtea. UPVk ekoizten duen jakintzarekin desobediente garen ikasleok, Herri Unibertsitate lokalak abian jarri genituen Euskal Herriko Campus guztietan, desjabetuen mesedetara egongo den eredu propioa garatzeko pausoak garatuz eta harreman sozial berriak eraikiz. Kimu bereizi horiek San Mamesen aurkitu zuten zuhaitza, errepresioari so eginez, adore eta ausardiaz Bilboko zerua gurea egin genuen arte. Haien zapalkuntzaren aurrean, gurea erakitzea posible zela erakusteko pausua eman genuen, San Mames gaineko zeru argitsu hura gurea eginez.

Martxoaren 8an, kapitalismoaren dominazio sistemaren baitan, emakume langileon aldarrikapenak kalera eraman genituen, hezigune zein unibertsitateetan, autodefentsa feminista iparrorratz izanik. Martxoaren 23an ostera, milaka eta milaka ikasle atera ginen Euskal Herriko hiriburuetan barrena LOMCE eta Heziberriren aurka eta sistemari hortzak erakutsiz; Inposaketak desobeditu, eta gurea eraikitzeko hautua lau haizetara zabalduz. Langileon borroka gogora ekarri genuen Maiatzaren lehenean, gaurko menderatuak bihar direlako garaile izango. Halako batean, iritsi ziren errebaliden proba pilotuak, eta PLANTO dinamika abian jarri genuen, heziguneetako probak intsumituz eta Hezkuntza sailari hortzak erakutsiz. Ikasle presoen sostengurako taldek, Osnyra ikasle martxa ere antolatu zuten, eta bertara euskal preso politikoen aldeko aldarria eraman eta ikasle preso guztien askatasuna exijitu genuen.

Udatik bueltan, klase elkartasunaren aldeko aldarria kaleratu genuen Kataluniako kontestu politikoa zela medio, “Autoderminazioz, Euskal Eskola Nazionala eraiki” lemapean. Unibertitatetako paretek, hezigunetako elkartasun keinuek, edota Donostian burututako manifestazioak izan dira elkartasun horren adibide garbiak. Errusiar iraultzako urteurrena aprobetxatu genuen, gure hautu iraultzailean berretsi eta berau gauzatzeko baldintzak sortzen jarraitzeko. Jai arrotz inposatuen aurrean herrietako plazak bete genituen Urriaren 12an eta Abenduaren 6ean, gure jakintza propioan sakonduz eta borroka lokalak garatuz. Gure barrenean sentitzen dugun beldurra amorru bihurtuz eta amorrua borrokarako grina, emakume langileok zapaltzen gaituen sistemaren aurka altxatzeko garaia dela aldarrikatu genuen Azaroaren 25ean, emakumearenganako indarkeriaren aurkako egunean. Hezkuntzako langileekin elkartasuna adierazi genuen Abenduak 12ko greban, eta gure artean ez ditugunak gogora ekarri ditugu beste behin, guztiak kalean eta aske nahi ditugulako, inor gehiago barruan nahi ez dugulako.

Unibertsitateetan garbitzailekin batera atera gara euren lan baldintzen defentsan, NUPen militarren presentzia salatu dugu, Bilbounin ingenieritzako ikasle eredua kritikatu, eta EKTren bidez lanketa ezberdinak aurrera eraman. Ibaeta Martxan sortu da Ibaetan, ikasle mugimenduaren espresio zuzena, eta Mondragongo unibertsitatean ere martxan jarri dira ikasleak. Talde kritikoak sendotu eta elikatu egin dira Gasteizen, eta Leioan jabetza kolektiboaren alde Gurutze Gorria okupatu. Nafarroako gobernuaren oldarraldiari aise erantzun zieten Eunateko zein nafarroako beste ikastetxe batzuetako ikasleek, ikastetxea aztoratuz eta inposaketei PLANTO eginez. Era berean, hezkuntza ertainean, barne mailan ditugun helburuak indartu eta 2018ko urtean, borroka lokalen bitartez kontzientzia iraultzaiea zabaltzeko lan ildoak ederki asko zehaztu ditugu.

2017.urtea joan zaigu, baina 2018.urtea idartsuago hasiko dugunaren hautua egina dugu. Urte zaharrari agurra, urte berriari egurra!

Intsumituz, irauliz, gurea eraikitzen jarraituko dugu!

Gora ikasle iraultzaileon borroka!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa