Ikasle Abertzaleak antolakundeak manifestazio nazionalerako deialdia egin du, Arrasaten, otsailaren 22an, osteguna, eguerdiko 12:30etan Laubide plazatik hasita, Arizmendik ikasleen eskubide politikoekiko erakusten duen axolagabekeria eta mespretxua ozen salatzeko.

Hilabete askotan, IA-k borroka egin du Arizmendik gaur egun daukan greba araudi onartezina aldatu dezan. Araudi hori baliatuta, grebak sistematikoki boikoteatu izan dira; izan ere, %25eko desbinkulazioa lortuz gero, greba ez da irteten, nahiz eta gainerako %75ak aldeko botoa eman. Egoera hori probokatzeko, atzeratu ezin omen diren azterketak jartzen dituzte greba egunetan, txantai gisa. Horrela, Arizmendi LOMCE bezalako lege erreakzionarioekin lerrokatzen da praktikan, eta ikasleei aldarrikapenerako aukerak isten diete, nahiz eta gero, hipokresiaz, LOMCEren aurkako sermoiak ematen dituzten. Une honetan, Arizmendi sistema kapitalistan guztiz txertatutako tresna bat gehiago da honen erreproduzkioan paper garrantzitsua jokatuz, behin eta berriz errepikatu dugun moduan, erreprodukzio hau, ikasleok sistema elikatzen duen lan merkaturako heziz, zein kultura kapitalista indartuz (saldu/erosi, jabetza pribatua normalizatuz, despolitizatuz edo esistitze ez den neutraltasuna gorazarriz besteak beste). Nahiago duena burgesia erreakzionarioaren legeak isilik betetzea eta euren ikasleak artalde isil eta konformistak izatea, euren artean ikasle militante eta kontzientziatuak egotea baino.

Dena dela, Arizmendik, bilera batean, otsailaren 1ean, hitza eman zion IAko ordezkari bati, greba araudia aldatuko zela, 3 hilabeteko epean, euren tramiteak bete eta gero. IAk, oso kontuan hartu zuen bertan hitzemandakoa. Baina azken asteotan egitekoak ziren urratsak (gela-ordezkariekin bilerak, greba araudiaren aldaketen berri emateko) egin ez dituztela ikusita, eta hiru hilabeteko epea ikasturte bukaerara gehiegi hurbiltzen hari dela ikusita, beste urrats bat emango du manifestazio nazionalaren bidez.

Hau ez da ikasle batzuen kapritxoa. Hau ikasle iraultzaileen ahalduntze ariketa bat da. Ez dugu onartzen grebarako aukera errealik ez izatea, eta ez dugu negoziatuko zilegizko zaigun ezer. Gure exijentziak argiak dira:

  • %25eko desbinkulazioaren puntua desagertzea
  • Paroak egin ahal izatea grebako baldintza berdinekin
  • 4.DBH-ko ikaskideak parorako eta grebarako eskubidea lortzea
  • Greba egunak azterketa egun batekin bat eginez gero azterketa atzeratzeko eskubidea
  • IA-ko militanteek askatasunez egin ahal izatea euren lan politikoa ikastetxean(aurkezpenak, bilerakā€¦)

Horrez gain, ez dugu onartuko luzamendurik Arizmendik hartzen dituen konpromisoetan. Gure exijentziak serio hartu arte eta aipatutako gutxieneko puntuak ofizialki onartu arte eta ikasleei zuzenean hala jakinarazi arte protesta eta mobilizazioek jarraituko dute. Ez dugu aitzakiarik onartzen: gurasoek ez dute zeresanik hemen, greba, ikasleok urte luzeetako borrokaren bitartez lortu dugun botere forma bat izanik, ez dugu zuzendaritzaren trikimailu burokratikoekin, onen onarpenaren erabakia ikaslea ez den beste inori hartzen uztiko.

Amaitzeko, ez dugu inola ere onartuko IAko militanteekiko inolako jazarpenik edo presiorik. Zentzu horretan salatu nahi dugu, IAren jardun politikoa oztopatzeko saiakerak izan direla, nagusiki, IAko taldearen aurkezpena egitea galaraztea hortarako gurasoen idatzizko baimena exijituz, non seme-alaben militantzia ontzat eman behar zen. Gu prest gaude, sistema kapitalista elikatzen, indartzen eta mantentzeko funtzioa duen edozein formaren (kasu honetan hezkuntza sistema kapitalista) kontra borroka egiteko, gurasoen baimenarekin edo baimenik gabe.

Noski, gure exijentziak ontzat eman zituztenean, eskertu egin genuen mugimendu hura, baina konpromisoak atzeratu izanak mesfidantza sortu du eta mobilizazioak aktibatzera eraman gaitu. Espero dugu aurrerantzean hitzartutakoa zintzotasunez eta zorroztasunez betetzeko balio izatea honek, ikasleok ez gara kikilduko!

Besterik gabe, otsailaren 22an ikusiko dugu elkar Euskal Herri osoko ikasleekin bat eginik; desjabetuoi zilegi zaizkigun neurriak aldarrizkatzeko Arrasateko kaleetan.

 

IKASLE BORROKAZ, LORTUKO DUGU!

JO TA KE, EUSKAL ESKOLA NAZIONALA ERAIKI ARTE!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa