Hemen dugu jada gure agendetan gorriz markatutako eguna, martxoaren 8a. Seguraski gehienok entzun dugu egun honen jatorriari buruzko kontakizun bat ala beste. Haietako ezagunenaren arabera, 1908an New Yorkeko Cotton izeneko ehungintza lantokian haien lan baldintza kaxkarrak salatzeko greba batean, jabeak grebalariak lantoki barruan zeudelarik eraikina itxi eta sua eman zion, emakume askori bizitza kendu zielarik. Hurrengo hamarkadetan, burgesiak leku eta garai ezberdinetako gertakariak jaso eta komeni zitzaion istorio hau osatu zuen, emakume zapalduon izaera borrokalaria murriztuz eta gertakarien atzean zegoen klase antagonismoa ezkutatuz.

Hala ere, egun honen jatorria ez da horren sinplea. Zalantzarik gabe, mugimendu sozialista eta haren baitako emakume iraultzaileen antolaketari estuki lotuta dago. Izan ere, XX. mende hasieran hasi ziren emakume sozialistak euren artean antolatzen eta 1910eko Emakume Sozialisten II Biltzarrean, Clara Zetkinen proposamenari jarraiki erabaki zen Emakume Langilearen Eguna ospatzea, egutegiko egun zehatz bati atxiki ez zitzaion arren. Urtebete beranduago jazo zen aipaturiko sutea, New Yorken hasi eta AEBetan zehar zabaldutako borrokaldi baten baitan emakume grebalarien (40.000 emakume baino gehiago batu ziren) aldarriak aplikatzeari uko egin zion lantokian, hain zuzen. Horretaz gain, 1917ko otsailaren 23an egutegi julianoan (gure martxoak 8 litzatekeena) Petrogradoko emakume langileek kaleak hartu zituzten, elikagaien eskasiaz itota, tsarra kanporatuko zuen Otsaileko Iraultzari hasiera emanez. Geroztik, egun honen inguruko kontakizun eta plantemenduen arteko borroka klase borrokaren adierazpen argia izan da. Honen adibide dugu historikoki mugimendu sozialistan Emakume Langilearen Egun bezala ezagutu den hau 1975ean NBEk “Bakearen eta Emakumearen Nazioarteko Eguna” izendatu izana.

Hau guztia dela eta, egungo koiuntura politikoan zapalduoi geroz eta ezinbestekoagoa zaigu gure iragana berreskuratu eta historia guk geuk idaztea. Honekin batera, beharrezkoa da mugimendu iraultzailean emakumeok izan dugun funtsezko papera gogoan izatea, emakume langileon borrokak posible egin baitu historian egondako iraultza oro. Horregatik, gaurko egunean bereziki, emakume iraultzaileak gurera ekarri nahi ditugu, burgesiak historia liburuetatik era deliberatuan ezabatu dituen horiek: Rosa Luxemburgo, Clara Zetkin, Aleksandra Kollontai, Inessa Armand, Clara Campoamor, Dolores Ibarruri, Anuradha Ghandy eta Ramona Komandantea, besteak beste. Haiek eta beste asko hasi ziren emakume langilearen askapena ahalbidetuko duen bidea irekitzen, klase antagonismoak sortzen dituen zapalketa forma orori aurre egingo dion iraultza integralaren beharra mahaigaineratuz. Hala ere, oroimen ariketa huts bat egitetik urrun, langile mugimenduaren historiatik ateratako irakaspenak gure egitea dagokigu, hau da, iraultza prozesuaren baitan emakume langileok lehen lerroan egoteko hautuan berrestea.

Burgesiaren mesedetan dauden jakintza zentroetan, gure heziguneetatik hasita, marxismoa teoria zaharkitu gisa aurkezten digute, gehienetan gainera era desitxuratuan. Hori horrela, Marx-ek kapitalismoaren alderdi ekonomikoa bakarrik azaldu zuela sinestarazi nahi digute, klase zapalkuntza termino ekonomikoetan bakarrik ulertu ahal izango balitz bezala. Zentzu horretan, langile klasea mono urdindun gizon txuri, heterosexual eta helduez osatuta dagoela saldu nahi digute, klase zapalkuntza lantokietan igarotzen ditugun orduetara murriztuz. Sasi zientzia horretatik urrun, Anuradha Ghandy emakume iraultzaile indiarrak dioen bezala “klase borroka ez da borroka ekonomiko soil bat, ekoizpen bitartekoak eta gizartearen bizitza politikoa kontrolatzeko zapaldu eta zapaltzaileen arteko borroka da. Bere baitan esfera ekonomiko, politiko, sozial eta ideologikoa barnebiltzen ditu eta klase iraultzailearen borrokan elementu nagusia ez da borroka ekonomikoa, borroka politikoa baizik, hots, botere politikoaren aldeko borroka”.

Beraz, argi dago dominazio kapitalistak esfera ekonomiko hutsa gainditzen duela, bizitzaren osotasuna bere baitan integratuz. Hala, langile klaseaz ari garenean, ez gara subjektu homogeneo batez ari, baizik eta opresio forma ugari, identitate forma anitz zein subjektibitate ezberdinak (trans, bollera, marika…) barnebiltzen dituen subjektu zabal eta konplexu batez, gizarte kapitalistan, bere bizitzaren gaineko kontrola galtzen duenaz, hain zuzen. Klase horren baitan, noski, emakume langileak gaude, geroz eta nabariagoa den zapalkuntza forma espezifiko bat pairatzen dugunak. Gu gara lan berdina egiteagatik soldata txikiagoa jasotzen dugunak; ekoizpen eta zirkulazio kapitalistak integratu eta bere mesedetan erabiltzen duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioz “feminizatutako lanak” egitera kondenatuak gaudenak; feminizatutako lan horietan lan gaixotasun gisa aitortuak ez dauden eritasunak pairatzen ditugunak; gure lan indarra saltzeaz gain, familiako kideen lan indarraren erreprodukzioan funtsezko papera betetzen dugunak (etxeko lanen bidez bereziki); gure gorputza sexualizatu eta saldu behar dugunak… Hau guztia gutxi balitz, azken hamarkadetan kapitalismoak geroz eta eremu gehiago xurgatu ditu, orain arte balio formaren menpe ez zeuden eremuak irentsiz eta, beraz, gure bizitza eta gorputzen gaineko kontrola areagotuz: haurdunaldiaren salerosketa, beharrarengatiko obuluen zirkulazioa, munduaren periferiatik ama-esnea erdigune inperialistako herrialdeetara esportatuz…

Kapitalismoak eragindako emakumeonganako indarkeria estruktural honekin batera, ezin salatu gabe utzi gure klase berekoak diren gizon langileengandik jasotzen ditugun erasoak eta haien beldurrez beteriko egunerokoa: bortxaketak, indarkeria matxista, irainak, ukituak, gure hitzaren gutxiespena, kontrolean oinarrituriko harremanak… Gure militantzia esparruan ere aurki ditzakegunak. Kasu horietan, gure klase berekoak izan arren, argi utzi behar dugu gizon horiek ez ditugula gure alboan onartuko, gu erasotzeaz gain langile klasearekiko traidoreak diren heinean.

Esandako guztiak agerian uzten du emakume zapalduon askapenaren bidean, iraultza dela aukera bakarra, hau da, ez dagoela emakume langileon askapen posiblerik metabolismo sozial kapitalistaren baitan. Hala ere, honekin ezin dugu ulertu klaseen deuseztapenak zapalketa forma ororen gaindipena mekanikoki ekarriko duenik, baizik eta klase iraultzaile osoaren eginkizuna dela emakumeok egunero pairatzen dugun zapalketa forma espezifikoari aurre egitea, jasaten dugun edozein erasotatik hasita, gure harremantze eredua (militantzia esparruan ere) kontzientzia burgesaren eraginetik askatzeraino.

Honengatik guztiagatik, gaurko egunean bereziki, ezinbestekoa iruditzen zaigu emakume langileok kaleak gure egitea eta gauden lekuan gaudela emakume zapalduon interesen alde borrokatzea. Zentzu honetan, ikasleak aspaldi hasiak gara zapalduon arteko elkartasunean oinarritutako harremanak garatzen, eta emakume langileon askapen totalerako bidea jorratzen. Hala, aipatzekoak dira, martxoaren zortzi honetarako emakume* langileok planto lelopean unibertsitateetan burutuko diren paro eta bestelako mobilizazioak, unibertsitate esparruko beste sektore zapalduekin aliantzak eginez (garbitzaileak, administrazioko langileak, irakasle proletarizatuenak…). UPV-k eguna bere egin eta bere burua zuritzeko feminismoaren txapa jantzi arren, guk argi daukagu gure borroka gure klase berekoak diren emakumeekin egingo dugula eta ez genero zapalkuntza erreproduzitzen duen dominazio kapitalistaren instituzioa babesten dituzten agenteekin. Ikastetxeetan ere bazterrak mugitzeko hautua egin dugu emakume zapalduok eta gaurko egunean greba feminista, herri eskola, hitzaldi eta tailer ezberdinak burutuko ditugu, gure askapen osoranzko hautuan berretsiz.
Jarrai dezargun borrokan lotzen gaituen azken katea hautsi arte.

EMAKUME LANGILEON BORROKAZ SISTEMARI AURRE!
EMAKUME LANGILEAK KALEAN GAUDE!
EMAKUME LANGILEOK LEHEN LERRORA!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa