Hasteko, gure zorionik beroenak helarazi nahi dizkizuegu kalera atera zareten ikasle guztiei, forma ezberdinetan babes aktiboa adierazi diguzuen norbanako zein kolektiboei, eta batez ere hau guztia posible egin duzuen militante guztiei. Zorionak!

Martxoaren 21eko greba egun honetan, milaka izan gara Hego Euskal Herri osoan egungo hezkuntza sistemak ez dituela gure beharrak asetzen aldarrikatzeko, greba egin dugun ikasleak zein kaleak hartu ditugun langile klaseko ikasle zein ez ikasleak. Geroz eta modu argiagoan geratzen ari dira miseriara kondenatzen gaituen hezkuntza sistema honen ezaugarrik eta honen izaera zapaltzailea. Jakitun gara gainera, honen erantzule nagusia ikasle mugimendua dela, gure eguneroko lan militante zuzenaren fruituak direlako kapitalismoari sortzen ari garen pitzadura eta kontraesanak geroz eta haundiagoak izatea.

Aipatutako pitzadura hauetan sakontzeko eguna ere izan zen atzokoa, hezigune bakoitzeko hezkuntza problematikari erantzunez, ikasturtean zehar garatu ditugun borrokei indarra eta zabalpena gehitu diegu, eta egunero hezigunetan bizi ditugun arazoen azken erantzulea hezkuntza kapitalista dela lau haizetara zabaldu dugu.

Badira ordea hau gustuko ez dutenak, kapitalismoaren eta estatu espainiarraren zaintzaile armatu gisara, egungo egoera mantentzeko eta langile klasea miseriara indarrez kondenatzeko betebeharra duten soldatapeko mertzenarioak ez dute gure jarduna atsegin, euren jabeak eta hauen pribilejioak jopuntuan jartzen ditugulako batez ere. Horregatik, ezinbestekoa zaigu greba egun honetan ere, indar armatuen presentzia eta jarrera salatzearekin batera, erasotuak izan diren guztiei gure elkartasun eta babes osoa helaraztea, batez ere Altsasuko, Gasteizeko eta Beasaineko ikasleei, ez gaituzue geldituko!

Honi jarraiki, zenbait ikastetxe eta hezigunetan irakasle eta zuzendaritzen partetik egon diren traba eta oztopoak ere salatu nahi ditugu, dei eginaz bertako partaideei ikasleoi gure jarduna aurrera eramaten pakean uzteko, ahal duten neurrian eta behar izan ezkero laguntza emanez. Bereziki Luberri, Arizmendiko eta Markiñako ikasleei gure animorik beroenak bidali nahi dizkiegu greba eskubidearen aldeko borrokan jarraitzeko, gure miresmen eta babes osoa adieraztearekin batera.

Amaitzeko, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko borrokan jarraitzera edo batzera animatu eta gonbidatu nahi zaituztegu, hurrengo jopuntu nagusia LOMCEren baitan ikasturte amaierarako aurreikusita dauden errebalidetan jartzen dugularik. LOMCE hezkuntza erreforma zapaltzaile eta arrotz honen aurkako borrokak aktibatuz, ikastetxez-ikastetxe errebalidei planto egitera animatzen zaituztegu. Euskal Herriko langile klasearen beharretara eraikitako hezkuntza baten alde, animo eta egurra!

Gora Ikasle mugimendua!

Gora Euskal Eskola Nazionala!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa