Ondo ezaguna dugu iraultzaileok maiatzaren lehena, 1886 garren urtean Chicagon burutu zen langile greba historikoaren omenez sortutako eguna, hain zuzen ere. Omenaldi eta aitortza eguna dela ulertzen dugu, egun simboliko zein garrantzitsua: Iraultzaren bidean lapurtu dizkiguten anai-arrebak eta mota askotariko sufrimendua jasan duten burkideak omentzeko eguna. 1871, 1917… urteetako zein beste esperientzia edo saiakera iraultzaile asko omendu eta gure egiteko eguna. Eta nola ez, egunak joan eta egunak etorri, langile familia aurrera ateratzeko duten guztia ematen duten gizon-emakumeei gure aitortza eta miresmen osoa adierazteko eguna ere. Aupa zuek!

Guzti honen gainetik ordea, borroka eguna izan behar du maiatzaren lehenak langile klasearentzat, eta nola ez langile klasearen parte garen ikasleontzat. Kapitalismoan, hezkuntza, sarritan esan dugun bezala, langile klasea miseria, dominazio eta zapalkuntza egoeretara kondenatzeko tresna moduan erabiltzen du burgesiak, honetarako aproposak dituen instituzio, mekanismo eta tresnak sortuz. Horren adibide dira esplotazioan sakontzea helburu duten aurrerapen teknologiko zein zientifikoen ikerketak sustatu eta sortzea, edo zuzenean kateatuta gaituen soka gero eta gehiago estutu izana, izan beka bezalako laguntzak gutxituz edo tasen zein ikasketetarako beharrezkoa dugun materialaren prezioa igoz besteak-beste.

Burgesiak gure esplotazioa areagotzeko daukan tendentzia horrek ordea, indar berezia hartzen du egun bizi dugun bezalako krisi testuinguruetan. Burgesiak krisia gainditzeko aitzakipean geroz eta gehiago estutzen dizkigu kateak, ondorioz, gure bizi baldintzak are gehiago kaxkartzen direlarik.

Erasoaldi horiek errazago egin ahal izateko, langile klaseari ekonomia gaizki joatearen errua gurea dela pentsarazten digute, eta horren arira, ikasleoi geroz eta zama eta presio handiagoak jartzen dizkigute gure gain. Ikasleoi ikasketetan gero eta gehiago saiatu behar dugula diote, etorkizuna ondo bideratzeko ez dugula nahikoa lan egiten, gure bizitza nahiko genukeen bezain ondo ez joatearen errua gurea dela sinestaraziz. Honela, behin eta berriz, klasera ez joateagatik edo edozein lan ez egiteagaitik gaizki sentitu beharra daukagula sineztarazten digute. Azken finean, zanpatzen gaituzten kateez nazkatuta egoateagatik barkamena eskatu beharra daukagula. Guzti hauek noski, burgesiaren aberastasuna pilatzeko gaitasuna handitzeko zein gureganako dominazioan sakontzeko helburua duten mugimenduak dira.

Honen aurrean ordea, ikasleak ez gara ezer egin gabe geratuko. Jakitun gara, krisi testuinguru honek langile klaseko ikasleon bizitza aurrera ateratzeko zaitasunak areagotzen dituen bezala, iraultzarako aukera errealen hauspotzea ere badakarrela bere baitan. Motzean esanda, langile klaseko ikasleok geroz eta gutxiago daukagunez galtzeko, geroz eta gutxiago eskaintzen digunez burgesiak, kapitalismoaren kontraesanak geroz eta ikusgarriagoak direnez, orduan eta prestutasun eta behar gehiago daukagu iraultzarako.

Horren eraginak gure egunerokoan bizitzen ari gara jadanik. Krisi testuinguru honetan burgesiak egiten dituen maniobra hauek eragiten dizkiguten itoaldiei eutsi nahian, makina bat izan dira aurten ikasle mugimenduak bere behar inmediatoei erantzunez aurrera ateratako borrokak. Horien artean daude kopistegi autogestionatuak sortzeko mugimenduak, etxeko lanen aurkako grebak, ikasleontzako gune autonomoak sortzearen aldekoak etab. luze bat. Guztiak koiuntura honen baitan ulertzen ditugu, burgesiak guregain eragiten duen itoaldian arnas pixka bat hartzea helburu duten borrokak baitira.

Hala ere, ezinbestekoa den arren, ez da nahikoa itoaldietan arnas pixka bat hartzea. Donimazio sistema hau gainditu eta bere baitan dauzkan zapalkuntza forma ororekin amaituko duen iraultza prozesu erreal eta integral batek soilik apurtuko dizkigulako kateak. Horretan ari gara gu, dagokigun esparruan, hezkuntzan. Ikasleon behar inmediatoei eratzuten dieten borrokak garatu, eta hezkuntza esparruan kokatzen diren langile klaseko beste sektoreekin elkarlanean, euren lan baldintzak hobetzeko borrokan aritzeaz gain, gure behar estrategikoei erantzungo dion hezkuntza diseinatzen eta praktikara eramaten hasiak gara.

Hemen kokatzen dugu ikasle mugimenduaren ekarpen nagusia iraultza prozesuan, euskal langile klasearen emantzipazio soziala helburu duen jakintza edo ezagutza sortu eta berau sozializatzea. Klase borrokaren garapenaren fase bakoitzean langile klaseak behar duen ezagutza sortzea dagokigu, zapalduok gero eta gaitasun gehiago eduki ditzagun politikoki burgesiarekin konfrontatu eta garaitzeko. Jakintza ekoizpen propio honen helburua beraz, Euskal Herri sozialista eta feministaren hezkuntza sistema diseinatu eta ahal den neurrian praktikan jartzea da. Hots, Euskal Eskola Nazionalaren eraikitzea.

Horra hor gure ekarpen eremu nagusia. Horregatik, inoiz baino gehiago iraultza ala sumisioa diogu: egungo Euskal Herriaren antolamendu, funtzionamendu eta zapalkuntzen oinarrian dauden ekoizpen harremanak aldatzeko iraultza prozesua ala langile klasearen sumisioa, dominazioa eta zapalkuntza. Ez dagoelako hirugarren aukera posiblerik.

Gora ikasleon borroka!

Gora langile klasearen borroka!

Iraultza ala sumisioa!

Ikasle Abertzaleak

2018ko Maiatza

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa