Jaio bezain pronto esaten zaigu nor eta zer garen; munduan kokatzen gaituzte. Inposatzen diguten nortasun zurrunaren araberako izena zein arroparen kolore bat ala bestea ezartzen digute. Emakume gisa identifikatuak bagara, belarriak zulatzen dizkigute; mutilon kasuan, ilea moztera behartu. Denborak aurrera egin ahala, neskoi panpinak erosten dizkigute, txikitatik ama izatea zer den ikasi behar dugulako. Hazten garen heinean, nortasun itxi eta arrotz jakin batean mugitzen jarraitzen dugu: emakumeok behin eta berriz errepikatzen diogu gure buruari sentiberak, goxoak eta adeitsuak izango garela. Gure burua eta gorputza intseguritateek inguratzen dituzte, gu ez baikara telebistan agertzen diren emakume horiek bezain lirainak. Gure gorputza kondenatzen hasten gara horrela, makillatzen, depilatzen, gure titiak ezin gorago ipiniko dituzten sujetadoreak erosten eta, maiz, atzamarrak ahoan sartzen, gure gorputz “inperfektuaz” gozatzea galarazten digute eta. Mutilon kasuan aldiz, gure sentimenduak kanporatzea oztopatzen digute, indartsuak, adoretsuak eta ausartak izan behar omen garelako. Gure kideekin norgehiagokan murgiltzera behartuak gara, gauden lekuan gaudela guri baitagokigu liderrak izatea: klasean, kuadrillan, kirol taldean… Hala, gaztetatik, jokabide autoritarioak eta besteen kontrako jarrera biolentoak erreproduzitzen ditugu: batzuetan gurasoen kontra, bestetan irakasleekin eta ugaritan, bikotekidearekin. Baina, zer gertatzen da kanon horietan sartzen ez garenokin? Zertara kondentatzen gaituzte? Zergatik entzun behar dugu behin eta berriz ilea mozten dugun emakumeok “marigizonak” garela? Eta gona janzten dugun mutilok zergatik gara “mukizu” bezala irainduak? Zer gertatzen da gizon ala emakume izan nahi ez dugunokin? Eta bihar beldurrik gabe esnatuko bagina?

Eraikuntza maltzur hau guztia baina, ez da hemen amaitzen. Gure ezaugarri fisikoak nahiera moldatu eta nortasun bat ala beste inposatzeaz gain, gure arteko harremanak ere konfiguratuak dira. Gu heztearekin batera, gure desira sexuala sortua da txiki-txikitatik, zoriontsu izateko beste generokoa izango den norbait behar dugula salduz. Disney-eko pelikula, maitasunezko kanta eta ipuinen bidez preso nahi gaituzte: gaztetatik behartuak gaude gelako mutil edo neska politena zein den pentsatu eta bere nobio edo nobia izan nahi dugula imaginatzera, hura gabe gutxiago baikara, pertsona osatugabeak. Hau guztia gutxi balitz, hazi ahala, bikotekidea ez al dugun galdetzen digute familia bazkarietan. Enpresa afarietan ere, gure kideak aditzen ditugu gure adinean mutxurdin izateaz txutxumutxuan. Eta seme-alabak noiz izango dituzu? Emakumeon ametsik ederrena seme-alabak edukitzea omen delako, noski.

Hortaz, jaiotzen garenetik norbanako eredu jakin batzuk sortu eta euren arteko harremanak arautzen ditu burgesiak, kapitalaren akumulazioaren beharren arabera aldakorrak direlarik. Sortutako egitura sozial eta historiko horretan, genero, sexu eta identitate sexualaren arteko uztarketa zurrun batean murgilduak gara: emakume ala gizonaren identitate zurrunak, gorputz forma bat ala beste exijitzeaz gain, desira sexual jakin bat dakarrelako bere baitan, desira heterosexuala. Gure gizarteetan heteroaraua sexualitatea kontrolatzeko instituzio sozial, kultural, historikoa eta beraz, politikoa da, beste generoarekiko praktika sexualak normalizatu eta gure identitatea bera eraikiz. Baina normala dena arautzearekin batera, hortik kanpo geratzen garenak, normalak ez garenak gara, “besteak”, baztertuta beharrekoak. Era horretan, normalizatutako desirarekin bat ez datozen milaka pertsona zigortuak, medikalizatuak eta patologizatuak (izan) dira. Sexualitatearen dispositibo indartsu hau, kapitalismoaren garapenarekin, hau da, bereziki XVIII. mendetik aurrera sortu zen. Horren bitartez, burgesiak ezinbestekoa zaion zutabea menderatu izan du historikoki: biztanleria bera, hezkuntza, medikuntza edota psikologiaren instituzioak erabiltzen dituelarik gure desira sexuala diziplinatzeko.

Horregatik, hain zuzen, gaurkoan bereziki, 1969an New Yorkeko kaleetan egondako homosexual eta transexualen kontrako erasoak gogora ekartzea badagokigu ere, ezin dugu ahaztu historian zehar identitate subertsiboak sistematikoki erreak, jazartuak eta kolpatuak izan direla (eta segitzen dutela izaten). Halaber, gure gizarteetan presio mekanismoek indarrean jarraitzeaz gain, gu ere logika zapaltzaile honen konplizeak gara askotan: emakume lodi bat kaletik ikustean eta nazka aurpegia jartzen dugunean, kuadrillarekin gaudenean eta gu ere guayak izateko komentario homofoboak botatzen ditugunean, bikote homosexual bat gure ondoan eseri eta muxuka hasten direnean deseroso sentitzean…

Baina zergatik gara logika zapaltzaile hau erreproduzitzeko diziplinatuak? Zergatik da burgesiarentzat hain garrantzitsua gure gorputza zein identitate sexualaren gaineko kontrola edukitea? Edozein gizartek ezinbestekoa du ugalketaren gaineko kontrola eskuratzea, jendarteak berak denboran irautea nahi badu. Behar honetan hain zuzen, kokatu behar ditugu kapitalismoaren sorreratik gorputzaren kontrolaren gaineko estrategia guztiak, emakumearen gorputzaren arautzetik, desira sexualaren murrizpeneraino. Feudalismotik kapitalismoranzko bilakaeran, biztanleria kopurua auzi erabakiorra izan zen jaiotzen ari zen klase burgesarentzat, ugalketara bideratuak ez zeuden praktika sexualak gogorki zigortuz. Haurdun zeuden emakumeen erregistroak burutzen hasi ziren, eta ezarri zitzaien betebehar erreproduktiboak onartzen ez zituztenak jazartu eta sistematikoki erre zituzten. Gaur egungo gizarteetan burgesiak martxan jarritako Populazio Politika zein Familia Planek funtzio berdina jokatzen dute, kapitalak behar duen langile kopuruaren arabera, familia eredu bat ala bestea bultzatzen duelarik.

Kapitalismoaren gailentzeak harreman sozialak aldatu zituen, hots, harreman kapitalistek morrontza harremanak ordezkatu zituzten. Formazio sozial berri honen helburua, eta bere klase menperatzailearena (burgesia) kapitalaren akumulazioa da, merkantziak ekoiztuz eta trukatuz egikaritzen duena. Merkantzia berri baten esplotazioaren gainean artikulatzen da aipatutako prozesua: lan indarraren esplotazioan, berau delako berak balio duena baino balio handiagoa sortzeko ahalmena duen merkantzia bakarra. Hortaz, burgesiaren interes nagusia lan indarraren ekoizpena eta erreprodukzioa bermatzea izan da hasieratik.
Horretarako, alde batetik, kapitalaren beharren arabera, bugesiak langilearen gorputza modu batera edo bestera moldatzeari ekin zion hasieratik, langile produktiboak ekoiztuz medikuntza, zientzia modernoa zein estatuaren aparatuaren bitartez. Bestetik, lan indarra xahutzen den merkantzia denez, bere erreprodukzioa bermatzea funtsezkoa izan zaio burgesiari, berak sortutako langile familiaren instituzioari egotzi ziolarik nagusiki hori ahalbidetzearen funtzioa. Horrez gain, familiaren bidez langile klasearen portaerak sistematikoki arautzea lortzen du: genero bakoitzari lan ezberdinak esleitu izan dizkio, inperatibo sozialagatik emakume langileak egindako lan oro gutxietsia izan delarik, subordinazio politikora kondenatuz. Emakume langilearen eginbehar eta kezka nagusia familiako kideen erreprodukzioaz arduratzea izan da, bere soldatapeko lana horren arabera moldatu behar izan duelarik. Azkenik, familiaren bitartez, gure arteko harreman sozialak instituzionalizatuak dira, familiakideak heteroarauan heziak direlarik: gizon eta emakumeen arteko ezkontza naturalizatuz eta seme-alabak hori desiratzera behartuz. Hau guztia dela eta, familiaren instituzioaren papera erabakiorra izan da kapitalismoaren garapenean, esan bezala, kapital metaketaren funtzionala izango zaion forma bat ala beste hartuz.
Alabaina, familia ez da burgesiak inposatutako baloreetan hezten gaituen instituzio bakarra, hezkuntzak ere antzeko funtzioa hartzen baitu. Askotan azaldu dugun moduan, hezkuntzaren paper nagusietako bat burgesiari funtzionalak izango zaizkion langile akritikoak ekoiztea da, indibidualitatean eta lehian murgilduak garelarik. Heziketa prozesuan genero harreman jakinetan heztea hezkuntzaren beste zutarri bat da, emakumeari gizonarekiko menpekotasuna onartzen irakatsiz eta heterosexualitatea bera normalizatuz. Funtzio honetan, agerikoagoak diren mekanismoak aurkitzen ditugu, hala nola, genero bereizkerian sakontzen duten komun edota soinketako aldagela bereiztuak. Dena dela, genero rolak ere modu izkutuan barnearazten dizkigute: neskon kasuan, burgesiak inposatutako txukuntasun eta garbitasunaren rolak indartzeko presioa formulak gogorki aktibatzen dira, esaterako, modu jakin batera eseri behar garela etengabe errepikatuz zein letra ona eta apunte ezin garbiagoak izan behar ditugula azpimarratuz. Gizonon rolak ere normalizatuak dira heziketa prozesuaren bitartez: ohikoa bihurtzen dute klaseko “graziosilloa” gizona izatea, emakumeoi isilak izan behar garela sinistarazi baitigute.Atsedenaldietan ere oso ohikoa da patioko espazioaren banaketa desorekatua agertzea: mutilak erdi-erdian kirolen batera jolasten eta neskak eskina batean nahiz komunetan baztertuta topatzea. Horrez gain, esku liburuen bitartez generoaren araberako funtzio sozialak irakasten dizkigute maiz, beste generoarekin familia osatu beharra normalizatuz. Zer esanik ez soinketako klaseetan ematen diren gorputzaren jarrera bereiztuak. Izan ere, nahiz eta modu agerikoan ez banatu generoaren araberako kirol bat ala beste, inplizituki, mutilok gure “indarra” erakutsi behar dugu kirol “gogorren” bidez, eta neskok, ordea, gure xamurtasuna dantza zein bestelakoen bitartez. Azkenik, salatu beharrekoa da LOMCE eta HEZIBERRI bezalako erreformek egoera besterik ez dutela okertzen, erlijioa bezalako ikasgaiak inposatzearen bitartez genero bereizkeria naturalizatzea ahalbidetuz.

Haatik, ezin aipatu gabe utzi burgesiaren estrategia bere ordena kolokan jar dezakeen edozein praktika politikoren apropiazioa dela. Identitate eta gorputz subertsiboekin berdina gertatzen dela ikus dezakegu: tolerantzia eta aniztasunaren aldeko mezuak lau haizetara zabalduko dira gaurkoan, kontuan hartu gabe burgesiaren diktadura bera dela errealitate zapaltzaile honen iturri. Heziguneetan ere antzeko fenomenoa gertatzen ari da azkenaldian: sexualitate anitzen aldeko kanpainak edota LGTBI Mugimenduaren banderarekin egindako muralek berdintasun mezu faltsuak saltzen dizkigutelarik.

Hala ere, ikasle zapalduok argi daukagu burgesiaren amua irenstea ez dela aukera posible bat, jakin badakigulako egunaren arabera maskara bat ala beste janzten duela. Aspaldi konturatuak gara hezkuntzan parekidetasuna bultzatzeko erreformak egin arren, arazoa ustelduta dagoen errealitate sozial kapitalista dela. Honen guztiaren aurrean, langile klaseko kideon apostua logika burgesaren erabateko suntsipena izan behar da, teoria zein praxi iraultzailearen bitartez egikarituko duguna. Gure esparrura ekarrita, desjabetuon mesedetan egongo den Euskal Eskola Nazionala marraztu eta praktikara ekartzen jarraituko dugu, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske eta feminista lortu arte.

Kapitalismoan ez dagoelako identitate eta gorputz askerik… eta identitateak kolektiboki askatuz suntsituko dugulako kapitalismoa…
SEGI DEZAGUN BORROKAN LOTZEN GAITUEN AZKEN KATEA HAUTSI ARTE.

Ikasle Abertzaleak, 2018-06-27

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa