Maiatzaren 21ean Bilboko UPVren ingeneritza fakultatean gertatutako ezbeharraren ondorioz, Uztailaren 6 arratsaldean hil den langilearen harira Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra:

Lehenik eta behin, besarkada bero bat eta gure animo zein doluminik bizienak helarazi nahi dizkiogu ezbeharra izan duen langilearen familiari, lagunei eta gertuko guztiei, gure babes osoa adieraztearekin batera.

Bukatu berri den ikasturte honetan ere, ondo frogatua geratu zaigu UPV zein UPNA ez direla euskal langileriaren instituzioak, gure interes eta beharren arabera jardutetik oso urrun, langileriaren esplotaziotik bizi direnen boterea handitu eta zabaltzeko tresna bat besterik ez direlako gaur egungo “Euskal Herriko” zein Nafarroako Unibertsitatea.

Gertakari latz honek errealitate honen zuzentasun eta gaurkotasunaz ohartarazten digu. 2015. Urtean, gertakari hauek jazo diren eskailera berean, beste langile batek istripua izan zuen, hauetatik erori eta besoa lesionatuz. Hala eta guztiz ere, hiru urte beranduago leku eta baldintza berdinetan, beste langile bat erori eta zorte gutxiagorekin buruan kolpe larria jasan du, honen ondorioz koma egoeran pasa dituelarik hilabete eta erdi, azkenean bukaera jarriaz bere bizitzari. Nola da posible hau? Istripuak eragin dituen eta legezko segurtasun baldintzak betetzen ez dituen eskailera bat bere horretan izatea? UPVko zuzendaritzaren eta dagozkien karguen utzikeria hau onartezina da, eta hitz bakarra dauka: ERAILKETA!

Ez dezala uste inork ordea, gertakari puntual baten aurrean gaudenik, izan ere, jarrera hau estrukturala denez, asko dira soldatapeko langileen baldintzekiko utzikeria kasuak UPV eta UPNAren partetik. Entzutetsuena agian, azken urteetan garbitzaileak euren lan baldintzen alde ematen ari diren borrokak eta honen aurrean UPVk izan duen jarrera pasiboa izan daiteke.

Hala ere, UPV eta UPNA langileriaren unibertsitateak ez direla diogunean, ez gara soilik soldatapeko langileekiko duten jarreraz ari, nahiz eta, agian hau izan adibiderik ikusgarriena. Honetaz gain, unibertsitateak instituzio bezala, egungo Euskal Herrian betetzen duen rol edo funtzioaz ari gara. Hau da, bereziki krisi garai hauetan, nola unibertsitateak ikasleoi geroz eda gehiago estutzen digun gerrikoa matrikulekin, ikas materialarekin etabar luze batekin. Nola unibertsitateak ahalbidetzen dituen gradu edo graduondoko ikerketa bidez, ematen den aurrerapen zientifiko edo garapen teknologiko oro, langile klasearen esplotazioan sakondu eta burgesiak guregandik gainbalio gehiago xurgatzera bideratuta dagoen. Nola unibertsitateak transmititzen digun ezagutza eta mundu ikuskera oro burgesa den, klase borroka zein langileriaren existentzia bera ukatuz, egun burgesiari interesatzen zaizkion zapalkuntza eta balioak betikotzeko tresna gisara erabiliaz…

Horregatik, honelako gertaerek sortzen diguten haserre, ezinegon eta tristurak gure eginez, dei egiten diogu langile klaseko ikasleei ez ezik, euskal langile klase osoari, UPV instituzio etsai gisara kokatuz, langile klasearen interes historikoei erantzungo dien hezkuntza eta unibertsitatearen garapenean parte hartu eta bere aletxoa jartzera, hots Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan. Izan ere, ikasleotatik haratago langile klasearen egin beharra dela uste dugu gure hezkuntzaren eraikuntza. Beraz, borroka honen parte izatera dei egiten dizuegu.

Amaitzeko, erailketa honen erantzuleek aurpegia ematea exijitzen dugu, dagokion arduradunaren dimisioa eta familiari zein lagunei behar duten laguntza eskeintzea egin beharko luketen gutxienekoa dela ulertzen dugu. Urteko 25 garren lan erailketa zifraren atzean pertsonak daudelako, sufrimendua dagoelako.

Ikasle Abertzaleak.                    

2018ko Uztailaren 7an

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa