Omenaldi eta aitortza eguna da 2018. urteko Azaroaren 17a. Ikasle Abertzaleak antolakundeak 30 urte betetzen dituen eguna denez, batetik urteetan antolakunde honen parte izan diren belaunaldi guztietako  milaka kideenganako aitortza eta omenaldi eguna da. Neurtzea ezinezkoa den urteetako lan eta konpromiso militanteari esker aurkitzen garelako gauden leku eta egoeran, eskerrik asko bihotz- bihotzez antolakunde honen parte eta babes izan zareten guztioi, zorionak zuei!

Aitortza eta omenaldi eguna izateaz gain, begirada atzera bota eta gaur arte izan dugun ibilbideari zintzotasun zein kritikotasunez erreparatzeko eguna ere bada bestetik azaroaren 17 berezi hau. Azkar esaten bada ere, ez da makala 30 urtetako ibilbidea, honek berarekin dakarren lan, garaipen, atsekabe, zoriontasun, buru-hauste, eztabaida, irakaspen, erronka eta abar luze batekin.

Gure antolakundeari errepaso historiko bat eman ahal izateko, ezinbestekoa da lehenengo begirada 1983. urtean jartzea, zehazki Jarrai antolakundearen II.Kongresuan. Izan ere, bertan eman ziren eztabaida eta hartu ziren erabakiek marraztuko dituzte gerora Ikasle Abertzaleak izango denaren lehen zutabe eta oinarriak.

Aipatutako kongresuan ondorioztatu zen Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren (ENAM) beharrei erantzuteko erakunde baten beharra zegoela hezkuntza esparruan (zehazki LH, bigarren hezkuntza eta unibertsitatetan), eta beraz, beharrezkoa zela ENAM elikatuko zuten militante berriak lortzeko ikasle masa erakunde bat sortzea. Masa erakundea zioten, Jarraik abanguardia politikoaren papera betetzen zuenez eta kuadro antolakunde moduan definitzen zenez, euskal langile klaseko gazte sektore kontzientziatu gabeen eta Jarrairen arteko zubi lana egingo zuen ikasle erakundea izatea zuelako helburu. Printzipio ideologiko eta antolakuntza eredu lausoagoarekin eta kontzientzian garapen handia ez zuten ikasleentzat, praktikaren bitartez kontzientzia hau garatu eta ENAM-ren parte izatera pasatzeko helburua hain zuzen ere.

Honen onarpen eta urteetako garapenaren baitan ulertu beharra daukagu gure sorrera. 1988. Urteko Azaroaren 17an sortu zen ofizialki Ikasle Abertzaleak antolakundea. Hasiera batean hezkuntzarako programa zehatz-mehatz egituraturik ez bagenuen ere, urteetan zehar garatzen joan garen erronka izan da. Bide horretan lehenengo kongresuaren baitan salto nabarmena ematea lortu genuen, bertan helburu estrategikoa adostu baikenuen. Hau da, Euskal Herri aske eta sozialistaren hezkuntza eredua barnebiltzeko kontzeptua definitu genuen, urte gutxira Euskal Eskola Nazionalaren izena hartuko zuena.

Erronka handi hori jopuntuan izanik jarraitu genion bideari lehenengo kongresutik aurrera. Pixkanaka definitzen eta sakontzen joan garen proiektu estrategikoa izan da Euskal Eskola Nazionala beraz, eta belaunaldi bakoitzari, beren garai historikoari erantzunez, horren lorpenerako pausu eta ibilbideak marraztea egokitu zaio. Ildo honetan, badira gaur arte garatu diren ekimen eta dinamikak: Herri eskolak,  jai egun arrotzei intsumisioa egiteko eta bestelako hezkuntza eredu baten eraikuntzan aurrera pausoak emateko proiektua direlarik gaur-gaurkoz, edo “Ekin euskalduntzeari” kanpainak abiarazi zuen euskalduntzearen aldeko borroka kasu. Baina badira ere epe jakin baterako sortu ziren edo agortu ziren dinamika edo erronka taktikoak. Guztiak, ordea, bizitako garai eta testuinguru anitzei erantzuteko antolakundeak hartu dituen erabaki eta jarrerak izan dira, norabide bera izanaz ipar: Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza.

Plan edo erronka taktikoei dagokionez aipatzekoa da bereziki, antolakundearen IV. Kongresuan adostu genuen Euskal Eskubideen Karta, ikasleon 9 eskubiderekin osatua zegoena. Mende berrian sartu eta hortik gutxira martxan jarri genuen berau, antolakundearen baitan emandako ezinbesteko pausu modura identifikatzen dugularik gaur-gaurkoz. Ikasleok, hezkuntza esparruan jasaten ditugun zapalkuntza eta erasoen indartze eta gogortze modura ulertzen genuen ere Bologna prozesua bera. Eta horren aurka abiatu genuen dinamika, ildo honetan eman genuen borroka nagusieenetakoa litzateke. Borroka honek, urteetako dimentsioak hartu zituen -honek berarekin dakarren guztiarekin- eta plan honen inposaketaren ondorioak arlo akademikoan oraindik ere jasaten ditugu, baita arlo militantean sentitu ere.

Ondorio horietatik eratorri ziren ondoren egin genituen plan taktikoaren birmoldaketa eta egokitzapenak. Izan ere, hurrengo kongresuan (V. Kongresua) erabaki genuen Euskal Eskola Nazionala ahalbidetuko ziguten proiektu zehatzak martxan jartzeko garaia zela. Eta erabaki honetatik abiatuko dira esaterako, Euskal Curriculuma edo Euskal Unibertsitatea aldarri izatetik proiektu erreal izateko konpromisoa aurrena, eta Herri Unibertsitatea edo Talde Kritikoak bezalako proiektuen sorrera geroago. Izan ere, V. Kongresuan hartu genuen konpromisoaren berrespen eta sakontze bat izan zen seigarrena. “Biharko egunaren edo inoren zain egon gabe, ikasleok beste eskola eredu baten aldeko eraikuntzako praktika errealak martxan jartzen” hastea zela lehentasuna genion azken kongresuan. Eta baita egin ere, apustu estrategiko honen ondorio izan direlako (ez bakarrik) egun Herri Unibertsitate eta Talde Kritikoak daukaten indar eta gaitasun maila.

Hamaika dira hemen aipamena merezi duten baina espazio faltagatik aipatu ezin ditugun borroka, dinamika, erabaki eta irakaspenak. Esan bezala 30 urtetako ibilbideak  askorako ematen du eta akats bat izango litzateke aipatutako guztia modu lineal eta jarraikor batean ulertuko bagenu. Ikasle Antolakundeak bere gora-beherak eta fase ezberdinak bizi izan ditu, eta inolaz ere ez da izan modu lineal batean aurrera egin duen bidea. Honetan zerikusia handia izan du etsaiak noski. Maila internazionalean, estatu zapaltzaileen bidez edo Euskal Herrian bertan etengabeakoa izan delako etsaiaren ofentsiba, honek berarekin dakarrelako gure miseria, sufrimendu eta zapalkuntzara kondenatzea. Finean bereganako dependentziara eta sumisioa. Horrela ulertzen ditugu batetik, egin dituen hezkuntza mugimendu guztiak, izan plan estrategikoak, erreformak edo egokitzapen taktikoak. Eta baita ere, zuzenean gure antolakundeak edo ikasle mugimenduak bizi izan dituen eraso errepresibo guztiak.

Ez dago dudarik ibilbide korapilatsu eta zaila izan dela, bere momentu eta ondorio guztiekin batera ulertu behar duguna gainera. Horregatik, guri dagokigu orain urteetako borrokaren oinordekotzak eskatzen duen mailan jardutea. Orain arte egin bezala, Euskal Eskola Nazionala helburu eta ipar izanik, testuinguru eta koiunturak eskatzen diguten berregokitzapen eta proposamen taktikoak garatzea dagokigu, Euskal Eskola Nazionalaren proiektua geroz eta gauzagarriago eta errealago bihurtzeko helbururarekin.

Bide horretan eta hurrengo ziklo politikora begira, ezinbestekoa izango zaigu hezigunez-hezigune, etsaiaren ofentsiba etengabe horri aurre egiteko gaitasunak erdietsiko dituen mugimendu zabal baten artikulazioan buru-belarri jardutea. Koiuntura orokorrari erreparatuta, etsaiaren ofentsibak ez du amaiera iragarririk, eta ez dago bermerik langile klaseko ikasleon baldintzak onera egingo dutela pentsatzeko. Horregatik, ikasleon zein hezkuntza esparruko beste hainbat sektoreen problematika eta bizi baldintzetan aurrerapausoak emateko eta masa mobilizatzeko gaitasuna izango duen mugimendu edo bloke politikoa eraikitzeko beharrezkoa izango zaigu sentsiblitate desberdinen artikulazioa, errespetuzko interlokuzio eta elkarlana oinarri hartuta. Hau da, garai batean Euskal Eskubideen Kartak betetzen zuen erronka taktikoaren birformulazioa eta egungo garai historikoari egokitutako plan taktiko baten osaketa izango da datorren ziklo politikorako erronka nagusia.

Etsaiaren aurrean defentsa antolatzeaz gain ordea, beharrezkoa zaigu pasa diren bi kongresuetan azpimarratu eta berretsita dugun, “proiektu zehatzen eraikuntza” filosofian sakontzea. Horregatik guri dagokigu filosofia honen baitan aurrerapasoak ematea, geroz eta indar gehiago artikulatuz Euskal Eskola Nazionalaren oinarri izango diren instituzioak eraiki eta indartzea, hain zuzen ere. Honen baitan bereziki Herri Unibertsitate eta Talde Kritikoek osatzen duten Eskola Kolektiboen proiektuan sakontzea batetik, eta Herri Eskolen garapena, bestetik.

Gehiago luzatzeko asmorik gabe, agur eta besarkada berezi bana bidali nahi diegu, antolakunde honen parte edo babes izan diren burkideei eta bahituta edo ihesean dituztelako, gaurkoan behar bezala ospatu ezin dutenei. Dohakie beraiei gure indar, babes eta besarkadarik beroena!

Gure ibilbide osoaz harro gaude eta bertatik ikastea dagokigu orain. Garaiak eta oinordekotza indartsu honek eskatzen duen maila eta erantzukizunaz jakitun, lanean jarraitzeko prest gaude. V. Kongresuan Altsasun esan genuen bezala: “ …ikasle borrokak honaino ekarri gaitu eta orain aurrera begiratzeko garaia da. Burua altxatu eta gure bide nekaezinaren oztopoak eta aukerak begiztatzen ditugu, jorratu beharreko bidea marrazteko garaia da…”.

Gora urteetako lan eta borroka militantea!
Gora Ikasle Abertzaleak!

Ikasle Abertzaleak, 2018ko azaroaren 17an

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa