Ugariak dira gure barrenak astintzen dituzten bizipenak, emakumeon kontrako indarkeriaz dihardugunean. Izan ere, sistematikoa den fenomeno batez ari garen heinean, zenbatezinak dira jasan behar ditugun biolentzia kasuak.  Ezin ezagunagoak zaizkigu, esaterako, gure gorputzak epaituak izaten diren aldiak: “gure desiragarritasunaren” arabera gelakideek sailkatu izan gaituztenean; besteek onartuak izatearen presioz, arropa jakin batzuk jantzi behar izan ditugunean edo lodiak izate hutsagatik baztertuak izan garenean. Beldurra gure buruen jabe egin den kasuen zerrenda ere amaitezina zaigu: kaletik bakarrik joatearen beldurrez, azkarrago ibili edo kalez gurutzatu behar dugunean; ezetz esatearen ondorioen ikarak eraginda, nahi ez ditugun harremanak, nahi ez ditugun pertsonekin onartu behar izaten ditugunean… Inpotentzia sentitu dugun uneak ere ugariak zaizkigu, gure lagun minaren bikotekideak dituen kontrolean oinarritutako jarreren aurrean nola erantzun ez dakigunean; edota beste behin, beste emakume bat bortxatua izan dela ohartzen garenean.

Gainera, areagotzen ari den errealitatea da emakumeon kontrako indarkeria, azken urteotan gora egin baitute biolentzia kasuek: EAEn, adibidez, 2017. urteak 4020 biolentzia kasu utzi zituen, aurreko urteak baino 246 kasu gehiago. Hau gutxi balitz, zazpi erailketa matxista eman dira (momentuz) aurten Euskal Herrian.  Honen arrazoia argia da: biolentzia matxista, etsaiaren boterea mantentzeari zein gure miseria zein sufrimenduan sakontzeari mesede egiten dion mekanismoa da. Biolentzia edo ofentsiba sistematiko honen egikaritzeari dagokionez, aparatu ezberdinen bitartez egiten du etsaiak, bere mesedetan dauden tresnak erabiliz (Justizia, Hezkuntza, indar polizialak eta, oro har, Estatu aparatuak), zein zapalduok gure artean balore kapitalistak (lehiakortasuna, homofobia, arrazakeria, inbidia, matxismoa…) erreproduzitzeko heziz.

Guri dagokigun esparruan ere, hezkuntzan alegia, gogor kolpatzen gaitu burgesiak: aipatzekoak dira, besteak beste, zipaio zein seguraten presentzia heziguneetan, gune okupatuen hustutze sistematikoak, ikas materialen prezioaren garestitzea, garbitzaileen lan baldintzen kaskartzea, beken murrizketak… Ofentsiba burges honen zutabe garrantzitsu bat dugu genero indarkeria: Estatu Espainoleko unibertsitateen artean,  UPV-k salatutako jazarpen sexista kasu gehien (iazko urtetik hona 24 kasu erregistratu dira) dituen hirugarren unibertsitatea izateaz gain, irakasle erasotzaileak bere plantillatik botatzea ukatzen du. Honen aurrean, klase menperatzaileari genero biolentziaren existentzia bera ezkutatzea baino ez zaio geratzen,  arazoaren erroa inolaz ere kolokan jartzen ez duten azaleko neurriak hartuz: Leioan iazko M8an mugimendu feministako hainbat ikasle erasotu zituen irakaslea hilabete baterako bakarrik suspenditzea, pasaden ekainean UPV-k indarrean jarritako eraso sexisten kontrako protokoloa, ugaritzen ari diren generoaren inguruko ikasketak (NUP eta UPVko Graduondoak kasu)…

Bigarren Hezkuntzari dagokionez, salatzekoa da beste behin burgesia espainiarrak erakutsitako jarrera erreakzionarioa: LOMCE bera zalantzan jarri gabe, honen azaleko aldaketak baino ez baititu proposatu PSOEren gobernuak, paperak hezkidetza zein emozioen heziketa bezalako kontzeptuz betez. Aldaketa formal hutsak direla diogu, kutsu progresistagoez izkutatu arren, indarrean mantentzen dutelako generoaren araberako segregazioa,  genero bakoitza errealitate kapitalistari funtzionalak zaizkion gaitasun konkretuen barnerapenean heziz.

Gure bizien eta gorputzen gaineko kontrola berreskuratu nahi dugunok aldaketa formalen aurrean, errealitate kapitalistaren erroko iraultzeko beharrean berresten gara, berau egikaritzeko, burgesiaren ofentsibaren espresio diren erasoen aurrean, autodefentsa antolatzea delarik eman beharreko lehenengo urratsa. Horretan trebatzen hasiak gara, lekuan leku erasoaldiak hartzen dituen formak aztertuz (irakasle zein ikasle babosoak, jazarpen sexualak, bazterketak…), pairatzen ditugun erasoen aurrean kolektiboki babestu ahal izateko. Gure defentsaren artikulazioaren forma politikoetako bat autodefentsa sareak dira, zapalduon batasun politikoan sakondu eta elkartasun erreala gauzatzea helburu dutenak. Genero indarkeriaren kontrako borroka ez baita soilik emakumeon ardura, langile klase osoaren erantzunkizuna baizik.

Horrenbestez, genero indarkeriaren gaindipenari dagokionean, ikastetxe zein eskualdetako autodefentsa sare sendo eta eraginkorren eraikuntza da, momentu historiko honi dagokion eginbehar nagusia. Langileon artean ematen diren botere harreman zein erasoak ekidin eta gainditzeak ahalbidetuko digulako ofentsiba burgesa geldituko duen gaitasun politikoa garatzea. Horrela, emakume langilea iraultzaren lehen lerroan egon behar dela konsigna hutsa izatetik eskuratuko dugun errealitatea izatera igaro behar da.Batetik, emakume zein zapaldu guztientzat, erasorik gabeak eta erosoak izango diren borrokarako espazioak sortuz, eta bestetik, ikasleria langile guztiak bere eginez genero indarkeriarekin amaitzeko konpromisoa.

Izan ere, etsaia gure arteko etsaitasuna areagotzen saiatzen ari den honetan, denon ardura da zaintza aktibo bat bermatzea,  zapaldutako kide ororentzat eroso eta seguruak izango diren guneak eraikiz. Eta era berean, denon ardura da konturatzea ere, etsaiarekiko indar korrelazioan posizioak irabazi ezean, ez dugula gaitasun errealik izango emakumeon kontrako indarkeria errotik ezabatzeko. Hau da, etsaia geroz eta ahulago eta gu geroz eta indartsuago bihurtu ezean, ezinezkoa izango zaigu gaitz honen erradikazioan pausoak ematea

Hau guztia dela eta, gure barrenean sentitu izan dugun beldurra amorru bihurtuz, eta amorrua borrokarako grina, euskal langleriaren parte garen ikasle emakumeok, zapaltzen gaituen sistemaren aurrean babestuko gaituzten mekanismoen eraikuntzan jarraitu behar dugu.Sistematikoki eta inpunitate osoz gutxietsiak, epaituak, erasotuak eta erailak izatetik, gure burua subjektu politiko bilakatzeko helburuarekin. Asko dugulako irabazteko, eta geroz eta gutxiago galtzeko. Emakumeonganako indarkeriaren aurkako egunaren harira, antolatutako ekimenak, emakume langilearen askapen integralaren aldeko borroka luzearen haziak izan daitezela.

Erasoen aurrean, AUTODEFENTSA ANTOLATU!
IKASLE EMAKUMEOK IRAULTZAREN LEHEN LERRORA!

Ikasle Abertzaleak   

2018ko Azaroaren 25a

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa