Gaur egun ezaguna zaigu euskal herriko langile klaseari abenduaren 6a, Espainiar kostituzioa onartu zen eguna. Aurten gainera 40 urteren ondoren behin eta berriz ikusten ari gara bizitzaren aspektu guztietan honek uzten dituen ondorio kaltegarriak. Gurean, hezkuntzan, batzuk aipatzera begira, besteak beste askotan errepikatu dugun sistema kapitalistaren erreprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzeko balio izan du kostituzioak. Izan ikasleoi balore, bizi ohitura, egunerokotasunean izan beharreko jarrera, kode etikoa, egitura kulturala (hizkuntzak, historiaren kontaketa,…), eta finean mundua ulertzeko era dominatzailea edo burgesa inposatzeko eta zilegiztatzeko, zein etorkizunean gutxi batzuek (burgesiak) gure lanak sortutako aberastasuna lapurtzeko, soldatapeko lanerako formazioa arautzen du legeen lege honek. Gaur gaurkoz estatu mailan LOMCE eta EU2020 erreformak baliatu dira lan hori burutzeko, eta Euskal Herrian hezkuntza ertainean Heziberri eta unibertsitatean bolognari jarraiki dagoen EU2020 dira klase interesak hezkuntzan betetzeko arduratzen diren araudiak.

Egun hau ezaguna zaigula aipatzen denean, 40 urte hauetan euskal herriko langileok gure aurkako mekanismo modura identifikatu eta honen aurka borroka forma ezberdinak esperimentatu ditugulako esaten da. Gaurkoan ere badaude milaka motibo, etsaiaren boterea erreproduzitzeko sortua den kostituzioaren aurka zein hau ospatzeko deitu den jai eguna borrokatzeko. Borrokatzeko arrazoiak egonagatik ordea, kontziente izan behar gara aipatzen dugun norabide honetan zein pausu egiteko gaitasuna dugun. Alegia, eguna, kostituzioa zein etsaiaren boterea desagertzea nahi izanagatik, egun, aspirazio hori lortzeko adina gaitasun ez ditugunez gure lana gaitasun horiek lortzeko lan egitea izan behar da.

Ikasleok norabide horretan baditugu hainbat tresna sortuak, besteak beste herri eskolak: Alegia, etsaiaren espazioari intsumiso ariketa eginez, aipatutako norabidean aurrera egiteko lagungarriak izango zaizkigun jakintzen kolektibizazirako espazioak zaizkigu herri eskolak. Unean une behar ditugun beharrei erantzuteko egokituko ditugularik bertako edukia, izan autodefentsa antolatzerako orduan ditugun zailtasunei aurre egiteko taierrak eginez, izan gure arteko harremanak sendotuz edo mundua eta hezkuntza analizatzeko tresnak eskuratuz. Edukiaz gain, herri eskoletan ere ezinbestekoa izango zaigu beste harreman batzuk praktikara eramatea, alegia kode etiko propio bat duten espazio modura ulertzea.

Hau esanik, gaur egun abenduaren 6ari aurka egiteko forma hau dugu, horregatik, aurrerago beste forma batzuen bitartez aurre egiteko gaitasunak izateko tresna honen garapena ezinbestekoa izango zaigu. Hau horrela, Ikasleabertaleak-etik dei egiten dugu Euskal Herriko langileria sumisiora eramatea bultzatzen duen egun honetan ikasleok jai egiteari intsumitu eta herri eskoletan parte hartzera. Bidea luzea izango da, baina hau hasi besterik ez da egin, ekiñaren ekiñez Euskal Eskola Nazionalera!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa