Urteak daramatzagu Ikasle Antolakundetik genero zapalkuntzaren aurka borrokatzen. Ugariak izan dira oso, zapalkuntza honen gaindipenerantz hamarkada hauetan zehar egin ditugun ahalegin, dinamika eta borroka moduak: manifestaldiak, borroka egunak, mural margoketak, jardunaldiak, salaketa antzerkiak, erasotzaileen aurkako dinamikak… Hala ere, gure agendetan morez seinalatutako egun esanguratsu hau hurbiltzen ari den heinean, ezin dugu ekidin urduritasuna sentitzea gure barrenetan.

Izan ere, ez da samurra izaten egun honen bueltan sortzen den panorama politiko aztoratuan, burua ziurtasun eta irmotasunez ateratzea; hots, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren esentziari eustea. Bestela esanda, hamarkadetan zehar emakume sozialisten kemenaz, indarraz, adorez eta konpromezuz eraikitakoaren lekukoa hartzea. Ehun urte baino gehiago igaro diren arren lehenengo emakume langilearen egunetik, emakume iraultzaile haien proiektu politikoak, hots, mundu mailako iraultza sozialistak, bizirik dirau. Gurean, Euskal Herrian, ez dira gutxi emakume langilearen ahalduntze politikoaren mesedetan sortzen ari diren ekimenak: feminismoaren bitartez emakumea gaitasun politikoz hornitzen duten dinamikak, bai eta langileriaren antolakuntzan emakume langilea lehen lerroan egon daitekeela frogatzen dutenak ere. Gauzak horrela, poztasunez begiratzen diogu langileon mugimendu feministaren hedapenari, egunero proletargoaren interesen defentsan dena ematen dutenen ekarpenei, hau da, langileriaren sektore zapaldu guztion askapena egunero gertuago ikustarazten digutenoi.

Ildo beretik, politika egiteko gure esparrua den hezkuntzan, badugu zer egina: langile antolakuntzaren baitako Mugimendu Feminista indartzearekin batera, ikasle mugimenduaren espresio ezberdinak emakume iraultzailez indartzea. Horretarako funtsezkoa dela deritzogu, batetik, heziguneetako emakume proletarioen artean elkartasun sareak eraikitzea: Ikasleok, soldatak ezin arnasturik uzten dituzten heziguneetako langileekin (garbitzaileak, harreragileak, bekadunak…) zaintzan oinarritutako elkartsaun harremanak eratuz. Bestetik, gure militantzia esparruetan sarritan birproduzitzen dugun lan banaketa sexualarekin bukatu ahal izateko mekanismo errealak identifikatu eta praktikan eraginkortzea. Finean, heziguneetako langileriaren defentsaren artikulazioa zaintza harremanetan eraiki eta emakumeok bertan inplikazio aktibo eta lehen mailakoa izatea.

Helburu edo eginbehar hauei jarraiki, Martxoaren 8a emakume langilearen ahalduntze politikoaren bidean urratsak emateko egun edo tresna gisa identifikatzen dugu. Zentzu horretan, tokian tokiko baldintzen araberako ekimenak bultzatu eta indartuko ditugu ikasle antolakundetik, beste zenbaitetan gure jarduera propioak garatzearekin batera. Unibertsitate esparruari dagokionean, urteetan zehar lanean egon diren talde feministek garaturiko martxoaren 8rako planteamenduak indartu eta babestea da gure eginbehar politikoa, haiek baitira unibertsitateko emakume langileon errealitatea aztertu eta aldatzera bidean ditugun bidelagun nagusiak, bai eta emakumea ikasle mugimenduaren lehen lerroan egotea ahalbidetzen dutenak ere. Honi dagokionez beraz, Martxoak 8aren bueltan talde feministek antolatuko dituzten ekimen ezberdinetan (hardbass-ak, hitzaldiak, kontzentrazioak, manifestaldiak) parte hartzeko dei egiten diogu ikasleriari.

Bestalde, Bigarren Hezkuntzako Heziguneei dagokienez, ikasleon greba feministaren gauzapena burutzea izango da egingo dugun ekarpena. Ikasleon greba feminista lekuan lekuko baldintzetara egokituko den borrokarako tresna izango da. Horrela, hezkuntza kapitalistaren geldialdi hau, bertan irenstera behartzen gaituzten eduki zapaltzaileak ukatu eta gure praktika politikoa elikatzeko erabiliko dugu: langileok askatuko gaituen estrategiaren baitan, borroka feminista eta greba feminista zer-nolakoak izan beharko liratekeen hausnartu ahal izateko, emakume langilearen mugimenduaren historia ezagutzeko, grebaren papera iraultza prozesuan aztertzeko zein manifestazioerako ikasle blokeak bideratzeko, adibidez.

Hortaz, Martxoaren 8 honetan ere, proletargoaren antolakuntza formak potentziatuko dituzten ekimenen lehen lerroan egongo gara ikasleok eta bereziki ikasle emakumeok!

GORA IKASLEON BORROKA!

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

M8 | Batu grebara, batu iraultzara!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa