Irailetik martxan zen hausnarketa-prozesua burutu ostean ehundaka militante batu dira Berriozarren. Hala,Ikasle antolakundeak bere historiako VII. Kongresua itxitzat jo du gaurkoan. Ikasturte hasieratik martxan zen barne-prozesuari amaiera emanez, Berriozarreko Musika Eskola bete dute ehundaka gaztek.

Indarberritze politikorako ekimenean parte hartu duten kide guztietaz harro eta esker oneko mintzatu dira lehen unetik. Eztabaida eta hausnarketa guztien emaitzen indar zein partaidetza zabalak azpimarratu dira. Militantziaren %83ak hartu du parte dinamikan eta 102 emendakin izan dira onartuak. Bozketa beharrik gabe eta aho batez adostu da beraz amaierako ponentzia.

Berrikuntza metodologikoak ere aipatu dituzte, militantzia osoak uneoro eduki, erabaki eta emendakinen gaineko kontrol zein jakintza zuzena izatea hain zuzen ere. Horrek suposatzen duen lanketa eurena eginez, prest azaldu dira aurreko belaunaldiek bizitako kongresuetako “ohitura burokratak alboratu” eta autokritikaren bidez “aurrekari positibo eta beharrezkoa” ezartzeko.

Metodologiaz gain, “kongresua bere osotasunean” ere aurrekari gisa identifikatu da. Horregatik izendatu dute “Errainu” ponentzia, Euskal Eskola Nazionalaren norabidean “argituko duen errainua” izango delako. Langile belaunaldi berrientzat burgesiak prestaturiko “etorkizun beltz eta ilunean” itxaropenaren argi errainu izan nahi du ponentzia honek, ildo politiko sozialista iraultzailearen berme.

Euskal Eskola Nazionalaren helburu estrategikoan berretsi eta beste esparruetan ere norabide berean aurrerapausoak emateko prestutasuna azaldu dute, hezkuntza kapitalismoaren esparru independiente bat ez dela eta soilik “prozesu sozialista orokorraren baitan” koka daitekeela adieraziz.

Prozesu sozialista orokorra elikatzeko bidean, langileriak jasaten duen zapalkuntza bakoitzaren aurka “aurrerapausoak ematea” beharrezkoa izango dela aurreikusi dute. Halaber, Errainu ponentziako marko teoriko eta ideologikoaren baitan ezarri dituzte euskal langileriaren baitan jasaten diren genero eta nazio zapalkuntzaren auziak.

Antolakuntza eredua birplanteatzeko beharra ere mahaigaineratu da, batez ere “aurreko ziklo politikoaren amaiera nabarmena” kontutan harturik. Ordura arteko ikuspegi politikoek “muga operatibo nabariekin” topo egin zutenez, “ziklo berri baten unea” heldu dela adostu dute.

Azken borroken emaitzen balorazio positiboak ere nabarmendu dira: autodefentsa sareak, Herri Unibertsitatea, espazio propioen eskurapena eta Unibertsitateko Indar Batasuna beste hainbaten artean. Lanketa forma guztiok antolakundearen “militantzia ereduaren” baitan ulertzen dituzte. Zentzu hortan azaltzen dute prozesuaren diskrezioa: eguneroko lan “umil, isil eta eraginkorraren” kulturari jarraiki, foku mediatikoa eta kanpo-interbentzioak ekiditeko asmoz.

Iraultza haziak, iraultzan heziak

Proletalgoak bere kateak hausteko historikoki eginiko borroka bakoitzaren oinordekotza onesten dute, ez doktrinaren jarraipen itsu bezala baina. Esperientzia bakoitzetik ateratako irakaspen historikoen sintesi gisa interpretatzen dute oinordekotza. Irakaspenak iraultza saiakera eta gauzapen guztiak bezain ugari zein aberatsak dira. Badute zer ikasi, badute zer irauli.

Gedar.eus langile kazetatik zuzenean jasotako berria.

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa