Ikasle abertzaleontzat lehentasunezkoa da, Euskal Herrian langileriak jasaten duen zapalkuntza nazionala azaleratu, eta berau gainditzeko beharra azpimarratzea. Batez ere gaurko egunean, Aberri Egunean.

Espainiar eta Frantziar estatuen partetik, Euskal Herria nazio gisara errealizatzeko aukera oro sistematikoki ukatua da. Izan ere, Euskal Herria proiektu nazional gisara errealizatu gabea da, euskal territorioa bere horretan, egitura sozioekonomiko moderno gisara ez delako egikaritu. Hain zuzen ere, gure herriko egitura eta instituzio sozioekonomiko guztiak, Espainiar eta Frantziar estatuaren parte dira.

Beraz esan dezakegu, Euskal Herria, borondate nazional -nazio gisara egituratu eta elkarbizitza bateratu bat eratzeko borondate- modura ukatua dela. Ukapen hau ordea, ezin dugu automatikoki nazio zapalkuntza bezala ulertu. Izan ere, zapalkuntza, burgesiak langileria bere interesetara subordinatua mantentzeko jarduera da. Eta nazio zapalkuntzari dagokionean, ezaugarri etnikoak, territorialak, kulturalak… baliatuz, langileria burgesiari subordinatua mantentzean datza. Ondorioz, Euskal Herria, proiektu nazional bezala ukatuta izatearekin batera, proiektu politiko proletario gisara da zapaldua. Hau da, burgesiaren proiektu nazionalarekin alderatuz, proiektu politiko proletarioa zapaldua ere bada, ukatua izateaz gain. Proletargoaren proiektu politiko nazionala, proletargoaren defentsan, euskal nazioa egituratzeko borondate antolatu bezala ulertzen dugu. Euskal territorioa, estatu sozialistaren baitan egituratzeko borondate eta proiektu politikoa, alegia.

Euskal nazioaren ukapenean, eta euskal langileriaren borondate nazionalaren zapalkuntzan, hezkuntza sistemak eta hezkuntza instituzioek paper garrantzitsua jokatzen dute. Batez ere, espainiar eta frantziar estatu aparatuen parte diren hezkuntza instituzioen bitartez egikaritzen dena. Batetik, instituzio hauen egituraketa administratibo-territorialak, gure herria territorialki zatitzen du -Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herria-. Bestetik, euskararen eta orokorrean euskal kulturaren azpiratze edo zokoratze egoera hauspotzen dute -Euskaraz ikasteko ezintasunak, espainiar eta frantziar historia, kultura etab ikasteko derrigorrezkotasuna,…-. Eta azkenik, nazio zapalkuntza gainditzeko aterabide bakarra den prozesu sozialistarean aukera, sistematikoki eta formalki ezeztatzen dute -esaterako, langileria, modu askotako prozesu burgesetan inplikatu, eta hauetan itxaropena jartzera kondenatuz-.

Euskal langileriak bizi duen zapalkuntza nazionala gainditzeko aterabide bakarra, prozesu sozialistaren baitako nazio eraikuntza da. Hau da, langileriaren Euskal Herria gaurdanik egituratzea, maila nazionaleko insituzio sozialista eta euskaltzaleen bitartez. Kapitalismoan, euskal kulturaren eta euskararen biziraupena bera ere, burgesiari irabaziak eskaintzen dizkion bitartean soilik dago bermatua.

Lemak ondo laburbiltzen duen bezala, arlo honetan gure ekarpen nagusia, Euskal Eskola nazionalaren eraikuntza da. Hau da, Euskal Herrian egituratutako eskola eta hezkuntza instituzio proletarioa. Euskarak eta euskal kulturak bizi duen azpiratze eta urgentzia egoera gainditzeari begira, lehentasuna eskainiko dion heziketa prozesua. Horretan dihardugu antolakunde nazional gisa, eta horretan jarraituko dugu. Sozialismoaren aldeko borroka, zapalkuntza bakoitzaren eta zapalkuntza guztien aurkako borroka delako.

Gora Euskal Herri euskalduna!

Gora Euskal Eskola Nazionala!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa