Egun garrantzitsua da langileontzat maiatzaren lehena. Gure egoera edo posizio soziala adierazteko, borroka esperientzia eta saiakera iraultzaile historikoak omentzeko eta sozialismoaren aldeko borrokan berresteko egun garrantzitsua. Noski, baita ikasle langileontzat ere.

Bizi dugun testuinguruan, langileriaren egoera soziala adieraztea ariketa gogorra suertatzen da. Ez baitira garai gozoak langileriarentzat. 2007. urteko krisialdi ekonomikoaren zikloaren baitan, gogor kolpatzen jarraitzen du burgesiak gure klasea, eta batik-bat gu, generazio gazteena. Krisiaren fenomenoak komunikabideetako titularretatik ihes egin badu ere, gure gizartearen errealitate eta aktualitate gordina izaten jarraitzen du. Eta jarraituko du. Izan ere, krisi garaian muturrera iristen ari diren lan eta bizi baldintza prekario eta kaxkarrak, ez dira bere horretan aurreko egoerara itzuliko, tendentzia natural bat izango balitz bezala. Alderantziz, baldintza hauek mantentzera edo okerrera egingo dutela pentsatzeko arrazoi sendoak dauzkagu -Erreferentzia historikoek eta gizartearen bilakaera tendentzial orokorrak erakusten diguten moduan-. Kapitalismoaren tendentzia naturala bada ere, burgesiak langileria ahalik eta gehien esplotatzea, krisi garaian muturrekoa bihurtzen da tendentzia hau. Are muturrekoago eta basatiago gainera, egungo testuinguruan gertatzen den bezala, proletargoa babesik gabe eta abandonatuta aurkitzen bada.

Honek, eragin nabarmenak izan ditu hezkuntza esparruan ere. Burgesiak, batez ere krisialdi ekonomikoaren testuinguruak sortutako behar eta interesak asetzeko helburuarekin, Europan programa ezberdinak abiatu ditu (azkena 2012. urtean onarturiko ET 2020). Programa hauek izan dira, azken urteetan estatu guztiek egin dituzten erreforma, lege eta mugimendu ezberdinen ardatzak. Honen baitan kokatu behar ditugu beraz, Espainiar zein Frantziar estatuen mugimendu eta erreformak -Macronen hezkuntza erreforma, LOMCE, Heziberri 2020, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza politikak, EAEko Lanbide Heziketako legea…- Aipatutako azken programaren (ET 2020) helburu nagusia finean, hirugarren zikloko ikasketak burutzen dituzten pertsona kopurua handitzea da. Hau da, orokorrean langileriaren ikasketa prozesua luzatzea, honela gutxieneko formakuntza maila handitzeko batetik, eta formazio hau ahalik eta gehien espezializatzeko bestetik. Kapitalaren behar koiunturaletara ahalik eta hoberen egokituko den lan indarra eratzea da helburua. Honi, klase dominazio ideologikoaren arlo askotariko hobekuntza gehitu behar zaio. Ikasketa prozesua handitzea, lan indar sumisoaren ekoizpena perfekzionatzeko.

Ikasketa prozesuaren luzapen orokorraz gain, garrantzitsua da ere, honen garestitze sistematiko eta tendentziala aipatzea. Geroz eta luzeagoa eta garestiagoa da langileriarentzat, saltzera kondenatuta dagoen lan indarren ekoizpena. Honen adierazle dira esaterako, eskolako materialaren garestitzea, unibertsitateko tasen igoera, beken gutxitzea, unibertsitateko ikasle bizitza orokorrean garestitzea -alokairua, garraiobidea…-.

Hau da bizitzea tokatu zaigun garaia eta hau da datorkigun errealitate latza. Burgesiaren ofentsibari aurre egin eta gelditzea dagokigu. Ez ordea, ikasketa prozesu laburragoa nahi dugulako edo langileria formatzerik ez dugulako nahi. Ezta antzeko edozerrengatik. Ikasketa edo formakuntza luzapen eta espezializazio hau, burgesiaren dominazioa eta langileon subordinazioa indartzeko mekanismoa delako baizik. Izan ere, bizitzeko oinarrizkoak diren baldintza onak eskuratzeko, geroz eta lan eta sakrifizio gehiago egitera kondenatu nahi du burgesiak langileria. Hau da, langileriak, erreproduzitu ahal izateko behar duen gutxieneko soldata lortzeko, geroz eta sufrimendu gehiagora kondenatu nahi du.

Horregatik dagokigu basakeria hau gelditzea. Hezkuntza esparruko proletargoak klase batasunez eta klase independentziaz, erreforma, mugimendu eta orokorrean ofentsiba kapitalista gelditzeko gaitasunak eskuratu behar ditu. Ikasteko, lanerako eta jarduera politikoan geroz eta baldintza hobeak lortzeko, langileria antolatzea da prozesu sozialistaren gaurkotasuna.

Hezkuntza instituzio burgesen baitan hobekuntzak lortzeaz gain, hezkuntza instituzio proletarioak sortu eta egonkortzea da, langileriaren urgentzia nagusia. Gure heziketa eta formakuntza prozesua ez dadin soilik soldatapeko lanaren bitartez burgesia aberastera bideratuta egon. Proletargoaren beharrak asetuz, prozesu sozialista indartzera baizik.

Guk, ikasle abertzaleok, ikasle antolakunde sozialista modura, ildo honetan ikasleak subjetu politiko modura eratu eta indartzeko, gure esku dauzkagun baliabide eta gaitasun guztiak jarriko ditugu. Ildo honetan ere, heziguneetan ikasleez haratagoko langile dinamikak indartu, eta hauekin elkarlana sustatzeko hautua egina daukagu. Ofentsiba kapitalistaren aurrean, proletargoaren babesa klase batasuna eta elkartasuna izango da. Printzipio hauen baitan eraikiko dugu hezkuntza sozialista, Euskal Eskola Nazionala.

Gora Maiatzaren lehena!

Gora Ikasle langileon borroka!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa