Badator Selektibitatea, ikasleon bizitza baldintzatzen duen eta gure etorkizunaren nolakotasuna jokoan jartzen duen froga. Neurtu ezin diren ezinegon, estres eta buruhausteak sortzen dizkigun azterketaldi nazkagarria. Amaitzeko gogoarekin hasten ditugun hiru egun hauek geroz eta gertuago daude -ekainak 4,5, 6 Nafarroan, eta 5,6,7 EAEn-, eta egunak pasa ahala urduritasuna ere geroz eta nabariagoa da. Guztiaren gainetik beraz, gure animo eta babesik gertukoena helarazi nahi dizuegu azterketa hauek egingo dituzuenoi, eutsi horri! Bide batez, animoak ere Ipar Euskal Herriko ikasleei, ekainaren 17tik 24ra izango duten Baxoa frogarako.

Bigarren mailako hezkuntzaren azken froga da Selektibitatea. Ordurarteko ikasketa prozesu guztia auzitan jarri eta ebaluatua izateko azterketaldia da. Selektibitatearen bidez, Bigarren Hezkuntza prozesuak, ikasle eredu jakin bat eratzeko bete duen funtzioa baloratzen da. Hau da, ea azken bi urteetan, ikasleak zenbateraino barneratu duen hezkuntza prozesuak ezarritako ikasketa disziplina. Hau, irakatsitako edukia memorizatzeko gaitasunaren arabera baloratzen du selektibitateak.

Bestalde, eta honekin lotuta, ikasketa disziplina hau egokien barneratu duenak -edukia modu jarraitu batean hoberen memorizatu duenak sozialki maila onera iristeko gaitasuna izango du. Izan ere, selektibitateak ikasketa disziplina hau baloratzearekin, filtro soziala izatearen funtzioa betetzen du. Hau da, ikasleak sozialki maila batean edo bestean kokatzearen funtzioa betetzen du, batez ere nota bidez. Izan ere, Bigarren Hezkuntzak betetzen duen Filtro Sozial funtzioaren azken pausua da Selektibitatea. Ikasketa disziplina hau azken urteetan hoberen barneratu dutenak, ikasketa prozesu jakin batzuetara izango dute sarbidea. Hau da, estatus sozial altua dutenentzat, nota gehien dutenentzat eta ikasketa disziplina hobekien barneratua dutenentzat –horregatik filtro soziala izatearen funtzioa-. Gerora, soldata altua izan eta posizio sozial altuagoa izango dutelako alegia.

Ikasketa disziplina baloratu eta honen mailaketa sozial bat egitearekin batera, ezin diogu garrantzia kendu edukiari. Hau da, Selektibitatearen bitartez, Espainiar Estatua kontrolatzen duen burgesiak ideologizaziorako daukan gaitasunari. Espainiar estatuko bigarren batxillergoko ikasle guztiek ia materia berbera irensteko gaitasuna du burgesiak, honek suposatzen duen homogenizazio eta ideologizazio gaitasun handiarekin. Miloika ikaslek, zehatz-mehatz jakingo baitute komeni zaien ikuskera historiko, filosofiko eta ekonomikoa, besteak beste. Gobernuan dagoen alderdiaren interes partidisten arabera, moldagarria da edukia. Esaterako, batzuk erlijioa indartuko dute filosofia ordez, besteren batek hizkuntza batzuk beste batek baino gehiago gutxietxiko ditu -balio gutxiago emanez azken notan-. Guztiek jarraituko dute patroi kapitalista berbera ordea. Moldaketa edo desberdintasun hauek ezin ditugu inolaz ere gutxietsi, eragin handia baitute langileriarengan.

Laburbilduz, kapitalismoak erreproduzitu eta indartzeko helburua duelako honek bere baitan dakartzan zapalkuntza guztiekin eta langileongan eragiten duen sufrimendu, estres, depresio, min eta ezinegon guztiagatik, Selektibitateari ez! esango diogu Ekainaren 4ean Iruñean, eta Ekainaren 5ean Gasteizeko, Donostiako, Leioako eta Bilboko unibertsitateetan. Euskal langile klasearen beharrei erantzungo dien hezkuntza eraikitzen jarraituko dugu, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen jarraituko dugu. Ikasleok eta hezkuntzako langile mugimenduak, ebaluazioan kontrol kuotak handitzeko borrokan jarraituko dugu.

Amaitzeko, deialdi berezia egin nahi diegu Selektibitatea egingo duten ikasleei. Izan ere, batez ere aurten frogatu den bezala, oraindik bada itxaropena izateko adina arrazoi. Nahiz eta egoera latzak iragartzen dizkigun etorkizunak, Orixek, Eunatek, 12.2 aldatzearen aldeko borrokak eta Euskal Herriko hamaika txokotako mugimenduak erakutsi digu, antolakuntzak eta borrokak merezi duela. Ikas baldintzak hobetzearen eta hezkuntza eredu propioa eraikitzearen aldeko ikasle eta langile mugimendua martxan dago. Zure zain gaude, datorren ikasturtean ikusiko dugu elkar.

Ikasle Abertzaleak

2019ko maiatzean

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa