Despolitizazioa, lehiakortasuna eta indibidualismoa nagusi den gizarte honetan, berebiziko urgentzia eta garrantzia hartzen dute proletargoaren auto-heziketa iraultzailera bideratutako espazioek. Hauen gabezian, mekanismo ideologiko dominatzaileak hartzen dute gure bizitzaren gaineko agintea, langileon potentzial iraultzailea guztiz neutralizatuz eta anulatuz. Ikasleok aspalditik tendentzia honekin bukatzeko konpromisoa hartua dugu, eta norabide horretan urratsak ematen hasiak gara. Bidearen zailtasun graduak hankak lurrean jartzera behartzen gaitu ordea, ematen dugun urrats bakoitza irmoa izateko helbururarekin.

Gazte sozialiston topagune arrakastatsua amaitu berritan, gisa honetako espazioek ikasle langileon auto-heziketa iraultzailean duten ahalmena handia dela frogatua geratu da beste behin. Horregatik, norabide honetan urrats bat gehiago ematera goazela jakinarazi nahi diegu Euskal Herriko ikasle langileei: uztailaren 23tik 26ra Eskola Ibiltaria antolatu dugu. Ikasleon formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan sakontzeko espazioa da Eskola Ibiltaria, borroka komunitatea sendotzeko ekimen garrantzitsua izatearekin batera. Udako aisialdi errutinatik atera eta lau egun atsegin bezain aberasgarri pasatzeko aukera aproposa da ikasleontzat.

Aurten, Lekeition hasi eta Gernikan bukatuko da eta tartean Aulesti eta Munitibar herrietatik igaroko gara. Gure herriaren paisaia ederrez eta Ibilaldi jasangarriez gain, hitzaldiak, tailerrak, jolasak zein eskaintza kulturalaz osatuta egongo da, eta azken egunean ospakizunerako tartea ere hartuko dugu Gernikan. Eskola Ibiltari guztirako bonoak 20€ balio du, eta egun batekoak 8€. Hauek eskualdekako taberna ezberdinetan daude eskuragarri Uztailaren 16a bitarte.

Bidea egiten hasiak gara, prestatu motxila eta eman urrats bat aurrera!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa