Irakurketa honen bitartez Sortuk Bilboko Alde Zaharreko Erronda kaleko Ikasle Abertzaleak-en egoitza lapurtu duela salatu nahi dugu.

2018ko urrian argitaratu genuen idatzi baten bitartez, gure Bilboko egoitzaren inguruko gertaera batzuen berri eman genuen. Orduan azaldu genuen bezala, egoitzaren titulartasuna “Euskal Ikasleen Erakundea” elkartearen esku dago, eta bertako zuzendaritza taldea urtetan Ikasle Abertzaleakeko militanteek osatu dute. Ikasturte honen hasieran ordea, egoitza erabiltzen eta kudeatzen dugunon ezkutuan, Sortuk “Euskal Ikasleen Erakundeko” zuzendaritza batzordea aldatu zuen, egoitzaren titulartasuna Sortuko kideen izenean jarriz. Mugimendu hau egin ondoren, Sortuk Ikasle Abertzaleok mehatxatu gintuen: egoitza hustu eta epe batean bertatik alde egin ezean, inongo erreparorik gabe egoitzatik botatzearekin mehatxatu gintuen.

Sortuk Estatu Espainiarraren aparatu juridikoak baliatuz egindako mugimenduen eta helarazitako mehatxuei entzungor eginez eta egoitzaren jabe legitimoa Ikasle Abertzaleak antolakundea den heinean, egoitza erabiltzen jarraitu dugu Ikasle Mugimenduarekin eta beste hainbat hezkuntza eragilerekin batera. Gure lan politiko eta sindikalerako beharrezkoa den azpiegitura izanik, duela hogeita hamar urte Ikasle Abertzaleak sortu zenetik ikasturtero eman diogun erabilera eman diogu aurten ere. Erabilera legitimo hau oztopatua izan da ordea. Izan ere, Sortu alderdiak Ikasle Abertzaleon egoitzako sarraila aldatu du eta, honela, egoitza eta bertan dagoen material guztia lapurtu digu. Gainera, ez da kasualitatea lapurreta hau udan gertatu izana, ikasturte akademikoa amaitu denez ikasle mugimenduaren jarduna modu nabarian jeisten den momentua delako uda.

Lapurreta hau Ikasle Abertzaleak antolakundearen eta ikasle mugimenduaren aurkako erasoa da. Sortu alderdi milioiduna da (eurek argitaratutako datuen arabera 6 milioi euro baino gehiago dituen alderdi politikoa da) eta azpiegitura logistiko ugariren jabe da. Gurea bezalako egoitza batek ez dio etekin ekonomiko eta logistiko handirik emango eta, horregatik, lapurreta honen helburua bere kontrolpetik ateratzen den ikasle sindikatua eta orokorrean izaera politikoa duen herri mugimendua ekonomikoki itotzea dela argi ikusten dugu. Sorturen baliabideei erreparatuta huskeria bat dirudien egoitza hau ezinbesteko azpiegitura da Ikasle Abertzaleontzat. Militanteen borondatean oinarrituta jarduten duen ikasle antolakundearentzat Bilboko egoitza behar-beharrezkoa da bere lan politikoa egingo badu.

Azkenik, urrian adierazi genuen bezala, gu izanik egoitzaren jabe eta erabiltzaile legitimoak, bere defentsa burutzeko determinazio osoa adierazten dugu.

Ikasle Abertzaleak

2019ko Uztaila

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa