2018-19ko ikasturtea gogorra bezain emankorra izan da ezbairik gabe. Ikasle Mugimenduari dagokionez, Autodefentsa Sareen sorrera eta hedapena azpimarratzekoak izan dira. Ikasle Abertzaleok, Ikasle Mugimenduan jardun aktibo bat izateaz gain, ikasle antolakundearen VII. kongresua gauzatu eta Errainu Ponentzia ondu dugu, GKSrekin batera Gazte Sozialiston Topagunea aurrera eraman eta udako Eskola Ibiltaria ere egin dugu.

Esan bezala, Autodefentsa Sareen sorrera aurrerapauso erabakigarria izan da Ikasle Mugimenduarentzat ikasturte honetan. Elkartasuna eta indarren batasuna ardatz, hamaika ikastetxe eta fakultatetan antolatu da ikasleria langilea ikas baldintzen zein heziguneetako askatasun politiko eta gure kontrolpeko guneen aldeko borroka egiteko. Tokian tokiko dinamiken bidez batzuetan, dinamika nazionalen bultzadarekin egoerak hala eskatzen zuenetan (Eunate eta Orixen kasu), hainbat hezigunetan egin dugu borroka, Euskal Herriko hamarnaka ikastetxe eta fakultateren elkartasuna izanik borrokaren hauspo. Garaipen sonatuenak Orixeko ebaluazio irizpideen aldaketa eta Eunateko kamerak kentzea izan badira ere, aipatzekoak dira ikastetxe ezberdinetan lortutako aurrerapausoak, hala nola, Iturraman komun komunak eta Hernanin zein Tolosako Laskorainen ikasle gelak lortzea, Azpeitin eta Gernikako institutuetan ebaluazio irizpideak aldatzea, Laudion Alexiaren jarduna baldintzatzea, Gernikako ikastolan greba eskubidea eta Ibarrekolandan azterketa astea ez kentzea eta 10 minutuko atsedenaldia berreskuratzea, baita Irunen, Donostin, Lizarran, Durangon eta beste hainbatetan lortutakoak ere.

Ezin ahaztu bigarren lauhilekoan jaiotako Unibertsitateko Indar Batasuna eta hilabete eskaseko borroka biziaren ondoren lortutako EHUko ebaluazio arautegiko 12.2 artikuluaren aldaketa. Lehen urratsa irmoa izan da unibertsitateko ikasle zein gainontzeko langileriaren defentsa antolatzeko bidean. Herri Unibertsitateak, bestetik, bere bidea egiten jarraitu du beste urte batez; kritikotasunari tokia eginez fakultateetan eta ikasle mugimenduaren bateragunea izanez Leioan egindako nazionalean.

Ikasle Abertzaleok Ikasle Mugimenduaren espresio ezberdinetan eta bereziki Autodefentsa Sareetan lan egin dugu, horiek indartu eta aurrera egin dezaten gure alea jarri dugu, zalantzarik gabe. Ez gara, baina, horretara mugatu, eta joan den ikasturtean Ikasle Abertzaleaken VII. Kongresua egin dugu eta Errainu Ponentzia osatu antolakundeko militantziaren partehartze azpimarragarriarekin. Antolakuntza eredua findu, sistema kapitalista eta hezkuntzaren analisiak sakondu eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko oinarri sendoa ezarri dugu.

Klaseak amaitu eta udagiroa nabaritzen hastean, Azpeitiko Esklabetan bildu ginen GKSrekin batera antolatutako Gazte Sozialiston Topagunean. Euskal Herri osoko ehundaka gazte batu ginen hiru egunez herriko proiektu ezberdinen beharrak asetzeko gure ekarpena egin eta azken egunean egindako lana ospatzeko, formatzeko eta ikasteko tarteak ahaztu gabe.

Azkenik, iaz berreskuratutako udako Eskola Ibiltariari jarraipena eman diogu aurten, Lekeitio eta Gernika batu dituen hiru eguneko ibilaldian gure militanteen formakuntza politikoan sakondu eta komunitatea indartuz. Berrehun ikasle baino gehiago bildu gara hiru egunez, eta tailer ugariz gain, presoei zein Autodefentsa Sareei buruzko mahai-inguruak, genero problematika edo militantzia ereduari buruzko hitzaldiak izan genituen.

Ikasturtea amaitu eta inadarrak berritzen ari gara, eta hurrengo ikasturteari heltzeko irrikaz gaude, borrokan segi eta iraultza sozialistara bidean indarrez aurrera egiteko!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa