Urteetako tradizioa duten Herri Eskolak dira urriaren 12an egin ohi ditugunak. Izan ere, burgesiarentzat eta bere agenteentzat hispanitatearen eguna da urriaren 12a, Espainiako jai egun nazionala hain zuzen ere. Guretzat ordea, langileriaren heziketa teoriko eta politikoan sakondu eta prozesu sozialista elikatzeko eguna izango da, ikasleon arteko harremanak estutu eta borroka komunitatea indartzekoa.

Ez dugu burgesiari interesatzen zaion festa espainolistaren parte izan nahi eta ez dugu inolaz ere duela 527 urte Amerikan egindako sarraski eta basakeria ospatu nahi. Izan ere, eta jakina den bezala, egun horren jatorria “Amerikaren aurkikuntza” deitutakoan dago, Cristobal Colon buru zuen espedizioaren bitartez, Europaren eta Amerikaren arteko topaketa bezala ezagutzen den gertakarian, hain zuzen ere.  Errealki, Amerikaren kolonizazioa funtsezko gertakaria izan zen, besteak beste  inposatutako gaztelar kultura hedatu eta politikoki zein ekonomikoki indartzeko. Gerora, gertakari hau eta horrek inplikatzen duen guztia Espainiar Estatu modernoaren eraikuntzan ezinbesteko oinarria izan ziren. Guzti hau, bertako milaka eta milaka biztanleren erailketa, bortxaketa, bahiketa eta beste hamaika bortizkeria sistematiko aplikatzearen ondorio izan zela ezin dugu aipatu gabe utzi. Bortizkeria mota guzti horiek sufritu zituztenak gogoratu eta omentzeko eguna ere bada guretzat urriaren 12a.

Gaur egun, sinbolismo eta indar erakustaldirako eguna bihurtu da urriaren 12a. Finean, Espainiar Estatuarentzat eta honen boterearen zein egonkortasunaren gorazarre egiten duten agente politiko eta sozialentzat arnasgune bat da. Izan ere, batetik, espainiar identitate nazional zapaltzailea zabaldu eta harrotasunez aldarrikatzeko eguna da. Espainiar langileriari, esplotazio kapitalistatik eratorriak zaizkion arazo eta zapalkuntzak espainiar identitate nazional burgesarekin ahazteko erabiltzen du burgesiak. Euren arazo guztien eta Espainiar Estatuaren krisiaren jatorria, estatu horren parte diren beste nazioen erantzukizuna dela sinestaraziz. Gainera, espainiarra ez den proiektu nazionala ukatua zaigun nazio zapalduetako langileria, kulturalki dominatu eta zapaltzeko ere erabiltzen du egun hau burgesiak. Honela, finean, Espainiar Estatuko nazio ezberdinetako langileria baraien arteko etsaitasunera eta elkarren arteko gatazka kulturalera bultzatzeko eguna da burgesiarentzat.

Bestalde, Espainiar Estatuaren indar eta boterearen erakustaldirako funtzioa ere betetzen du Hispanitatearen egunak. Zehazki, alardeen bitartez estatuak dituen gaitasun militar eta politikoak erakutsiz egiten du hau. Honi aurre egin nahiko liokeen orori indar eta botere mezu argia helarazteko.

Egun garrantzitsu honek betetzen dituen bi funtzio nagusi hauek indar berezia hartzen dute egungo testuinguruan. Espainiar Estatuak bizi duen krisi politiko eta nazional sakonean, eta bereziki Kataluniako auziari erantzuteko, burgesia espainiarrak daukan proposamena ildo horretatik kokatzen baita, indarraren aplikazio autoritarioan sakondu eta espainiar identitate burgesa zabaltzean, hain zuzen ere.

Esan bezala, gu ez gara egun horren parte izango, eta Euskal Herriko ikasleei dei egiten diegu berau errefuxatzeko. Horregatik, Urriaren 12an Herri Eskolak antolatu ditugu Euskal Herriko hamaika txokotan. Adi eskualde bakoitzeko deialdiei eta parte hartu.

Jai egun arrotzei intsumisioa!

Gora ikasleon borroka!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa