Gaur hemen elkartu gara Ikasle Abertzaleak antolakundearen deialdian, kataluniar prozesu independentista aurrera eramateagatik zigortuak izan diren hamabi preso prolitikoen absoluzioa aldarrikatu, eta beraien aurkako epaiari gaitzespena adierazteko helburuarekin.

Ostiralean komunikabideen bitartez jakin genuena, astelehenean baieztatu zen. Alegia, bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxealdiarekin zigortu ditu Estatu Espainiarrak Hamabi buruzagi independentista. “Sedizioa”, “desobedientzia” eta “diru publikoaren erabilera bidegabea” delituen aitzakipean, espainiar estatua zatitzeko borondate politikoa zigortu eta kolpatzea izan da burgesia espainiarraren helburua.

Gatazkaren muina politikoa da eta horrela izan da kataluniar prozesuaren hasiera hasieratik. Euskal Herriaren historian aski ezaguna zaigun auzi politikoa dago oinarrian, borondate nazionalaren ukapen sistematiko eta estrukturala burgesia espainiarraren aldetik. Kasu honetan borondate nazional kataluniarraren ukapena. Hau da, laburki esatearren, Katalunia nazio moderno bezala egituratu eta errealizatzeko borondate politikoaren ukapena da gatazkaren muinean dagoena. Ukapen sistematiko eta estruktural honen baitan ulertu behar dugu prozesu independentista martxan jartzeko borondatea eta baita ere honen harira emandako gertakari eta botere talka guztiak. Ez da gure asmoa gaurkoan, Kataluniar saiakera independentistaren genealogia bat egitea, ezta ere honen inguruko analisi osatu bat helaraztea, hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu gatazkaren oinarrian dagoen borondate nazional katalanaren ukapena azpimarratzea. Honekin batera, sozialismoaren eraikuntzan nazio zapalkuntzaren aurkako borrokak duen ezinbestekotasuna azpimarratzea garrantzitsua da gaurkoan. Zapalkuntza guztien eta bakoitzaren aurkako borrokarik gabe ez dago prozesu sozialistarik.

Burgesia kataluniarraren eta espainiarraren arteko botere lehia bihurtu den gatazka honetan, beste behin galtzaile nagusia proletargoa izango da. Burgesia kataluniarrak bere boterea eta kapital metaketa handitzeko egin zuen apustu politikoari, ondoen dakien moduan erantzun dio burgesia espainiarrak, errepresio eta autoritarismo gogorrarekin. Burgesia espainiarrak errepresioaren erabilera bortitz hau zein bere izaera autoritarioa kulturalki hegemonizatzea lortzen badu, proletargoaren aldeko borrokarako zein honen antolakuntzarako posizioak galtzea ekarriko du. Besteak beste, egoera honek proletargoaren edozein adierazpen borrokalari bortizki jazartzea eta zigortzea baimenduko duelako. Horregatik, Ikasle Abertzaleak antolakundetik sarritan adierazi dugun moduan, errepresioaren eta autoritarismoaren aurkako borroka guztion erantzukizun dela ulertzen dugun heinean, gure egiten dugu honi aurre egiteko ardura.

Amaitzeko, gure babesa helarazi nahi diegu, Estatu Espainiarraren bortizkeriari Kataluniako kaleetan duintasunez  erantzun dioten eta erantzungo dioten guztiei. Honekin batera ere, duela aste batzuk atxilotu zituzten CDRko militanteen askatasuna aldarrikatu nahi dugu gaurkoan, gainontzeko preso politiko guztientzako amnistia aldarrikatzearekin batera. Amnistia ipar, zuekin gaude!

Borroka da bide bakarra!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa