Ohar honen bitartez, Ikasle Abertzaleok 2019ko azaroaren 17 goizean, Bilboko Erronda kaleko egoitza berreskuratu dugula jakinarazten dugu. Egoitza erabil ez genezan udan Sortuk aldatu zuen sarraila kendu dugu eta berriro ere Ikasle Abertzaleon eta ikasle mugimenduaren eskuetan utzi dugu egoitza.

Egoera horretan iritsi gara azaroaren erdira. Historikoki erabili eta kuadeatu dugun azpiegitura garrantzitsu horren faltak, asko oztopatu du, azken hilabeteetan, Ikasle Mugimenduaren ohiko jardun politiko eta sindikala. Sorturentzat ez bezala, Ikasle Abertzaleakentzat eta ikasle mugimenduko hainbat eragilerentzat behar beharrezkoa da egoitza hau. Antolakuntza premiek eta Sorturen borondate ezak ez digu bide hau hartzea beste aukerarik utzi.

Nabarmena da Sortu alderdiak modu kontzientean eragin duen gatazka honi aterabidea emateko daukan borondate falta. Gatazkaren hasieran, 2018an, deitu genituen lehen aldiz, konponbidea lortzeko asmoz; ez ziguten erantzun. Ikasturte honen hasieran (2019-20), publikoki deitu genituen biltzera, irail erdiko deialdi horretara ere ez ziren bertaratu. Gurekin harremanetan jartzeko aukera eta bide asko izan dituzten arren, ez dute gatazka zehatz honi aterabidea emateko borondaterik adierazi. Bestalde, Ernai antolakundearekin hainbat komunikazio izan baditugu ere, horiek ere ez digute egoitzaren inguruan hitz egiteko prestutasunik adierazi. Edozein auziren gainean hitz egin eta eztabaidatzeko borondate guztia daukagu; elkarrizketarako prestutasuna zintzoa izan dadin baina, elkarrekiko errespetua bermatzea lehentasunezkoa deritzogu. Egoitzaren arazoa lehen mailakoa da gure jardun politikorako. Hori ondo dakiten arren, ez dira konponbide erreal bat eskaintzeko gai izan. Errespetuz ekiteko borondatea praktikaren bidez erakusten da, eta ez dute balio hitz totelek eta aitzakiek, konponbideek baizik.

 Honenbestez, gatazkari behin betiko aterabidea emateko helburuarekin, Sorturi dei egiten diogu gurekin harremanetan jar dadin. Izan ere, orain arte erakutsi dugun moduan, Ikasle Abertzaleok arazoa ebazteko borondatea adierazten dugu. Dialogoak zintzoa eta konprometitua izan behar du, ezinbestean; Ikasle Abertzaleok dugun azpiegitura premiari erantzuna eman behar zaio. Ez dugu itxarongo egoitzaren erabilera bermatzen ez digun proposamen bat heldu arte: gurea den azpiegitura erabiltzen jarraituko dugu.

Azken gertakarien inguruan azalpen bat eskainita, Bilboko Erronda kaleko egoitzaren gatazkaren laburpen bat egitea beharrezkoa dela uste dugu:

Egoitzaren gatazka 2018 urteko urrian hasi zen, Sortu alderdiak bere erabiltzaileon bizkarretara, egoitzaren titularitatea Sortuko hiru militanteren esku jarri zuenean. Berriro diogu: egoitzaren titularitate aldaketa, hamarkadetan egoitza erabili eta kudeatu duen Ikasle Abertzaleaken bizkarrera eta horretarako zilegitasunik eduki gabe egin zuen, prozedura irregularrak erabiliz. Izan ere, egoitzaren titularra den Euskal Ikasleen Erakundeko (egoitza kudeatzeko helburuarekin sortu zen elkartea) zuzendaritza batzordea 2006 urtetik eguneratu gabe zegoen. Egoera hori baliatu zuen Sortuk Ikasle Abertzal eakeko militante ohiak diren eta juridikoki Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza batzordea osatzen zutenekin elkartu, eta Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza batzordea bere militanteen titularitatepean jartzeko. Ezkutuko mugimendu irregular horrekin, Euskal Ikasleen Erakundearen kontrol juridikoa lortu zuen Sortuk; ondorioz, baita Euskal Ikasleen Erakundearen (EIE) titularitatean dagoen Bilboko Erronda kaleko egoitzaren berme juridikoa ere. Berriro azpimarratuko dugu, zuzendaritza aldaketa batek beti eskatzen du bazkideen oniritzia: ez genuen baina horren berririk izan. Are eta  gehiago, zuzendaritza zaharreko kideek ez zituzten bazkide izateko baldintzak betetzen. Beraz, ez zuten egin zutena egiteko eskumenik. Hala, behin egoitzaren titularitate juridikoa eskuratuta, bilera batera deitu gintuzten. Bertan jakinarazi ziguten egoitza 2018ko iraila bukaera baino lehen utzi behar genuela; hala ez egitekotan, erreparorik gabe bertatik botako gintuztela mehatxu egin ziguten.

Horren aurrean, zilegia den markoan, arazoa konpontzeko lehen deialdia egin genien: EIEren batzar orokor bat deitu genuen. Batzar horren berri eman genien Sortuko militanteei gutun zertifikatuz, baina ez zen inor agertu.

Bitartean, gurea dena defendatzeko daukagun zilegitasuna geure eginda, ikasle mugimenduko hainbat eragilerekin batera egoitza erabiltzen jarraitu genuen, 2018-2019 ikasturte amaiera arte. Ikasturtea amaitzearekin batera ordea, udan Ikasle Mugimenduaren jarduna gutxitzen dela jakitun  Sortuk egoitzako sarraila aldatu zuen. Hala, muturreraino eraman zuten euren jokaldi irregularra:  egoitza eta bertako materiala lapurtu zigun ikasle mugimenduari eta egoitzatik kanporatu gintuen. Mugimendu horren larritasunak atzetik dagoen borondate kontzientea agerian jarri besterik ez du egiten.

Gauzak horrela, ikasturtea hasi zenetik, ikasle mugimenduak, azken urteetan ez bezela, ezin du bere jardun politiko eta sindikala aurrera eramateko egoitzaren erabilpena egin. Horren aurrean hainbatetan adierazi dugu Bilboko Erronda kaleko egoitza behar beharrezkoa dela Ikasle Abertzaleontzat zein ikasle mugimenduko beste hainbat eragileentzat gure jarduna aurrera eramateko. Horregatik, modu publikoan, bigarrenez, Sortu Euskal Ikasleen Erakundeko bilera batera deitu genuen bere mugimenduen berri eman eta arazoari aterabidea emateko helburuarekin. Beraien burua irregularki Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza gisara izendatu zuten Sortuko militanteak ez ziren agertu bilerara, eta Sorturen partetik arazoa konpontzeko borondate falta nabarmen geratu zen.

Egoerari aterabidea emateko ez digute beste aukerarik utzi. Berretsi egiten dugu gure zilegitasuna. Sorturi egoitzaren erabilera eta jabetza IA eta ikasle mugimenduari bermatzeko egin beharreko mugimenduak egin ditzan exigitzen diogu, berriz ere.

Ikasle Abertzaleak

2019/11/17 7

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa