“Gora Ikasleon Borroka”-k sinatuta, azaroaren 28rako euskal hezkuntza sistema propio baten aldeko ikasle greba deialdia egin dute Euskal Herriko zenbait ikastetxetan, eta, greba deialdiaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundetik gure ikuspuntu politikoa azaldu nahi dugu. Ezer azaltzen hasi aurretik ordea, gure errespetua adierazi nahi diegu hezkuntza kapitalistaren aurka mobilizatzeko hautua egiten duten guztiei; kasu honetan, greba deialdian parte hartuko duten ikasleei. Mobilizazioaren eta orokorrean borrokaren aldeko hautua egitea guretzat errespetagarria eta txalogarria da.

Lehenik eta behin, azaldu nahi dugu grebaren deitzailea den “Gora Ikasleon Borroka” ez dela ikastetxeetako asanbladetatik sortu den saretzeko beharraren ondorio. Aurreko ikasturtean Ernaik abiatu zuen “Ikasleok Zorrotz” dinamikaren ondoren sortu da, eta “Ikasleok Zorrotz” dinamikak zituen helburuen jarraipena da, ikastetxeetan Ernairen koltrolpeko taldeak sortzeko helburuaren jarraipena, beraz.

Ikasle Abertzaleak 31 urtez heziguneetan besteak beste feminismoa eta euskal hezkuntza sistema propioa elikatzen dituen antolakundea da. Funtsean, Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza prozesuan diharduen antolakundea da. Ikasleekiko zintzotasun eta errespetuzko ariketak Ikasle Abertzaleaken jardun politikoarekin dituzten desadostasunak azaltzea eskatzen du. Sortu berri den edozein antolakuntzaren lehen zeregina bere izateko arrazoia azaltzean datza, eta beraien ustez Ikasle Abertzaleakek zergatik ez dituen zerrendatutako helburu politikoak betetzen azaldu beharko lukete. Ariketa hau ez egiteak eztabaidarako prestutasun falta adierazten duelakoan gaude.

Greba deitzaileen zintzotasun falta eta Ernairen koltrolpeko taldeak sortzeko asmoak ez ditugu babesten, eta ondorioz, Ikasle Abertzaleakek ez du helburu horiek bultzatzeko greba deialdi eta mobilizazioetan parte hartuko. Izan ere, mobilizazio horien bitartez ikasle langileon bizi baldintzak hobetu eta epe luzerako antolakuntza kultura sortu ordez, antolakunde eta agenda instituzional zehatzak indartzeko funtzioa betetzen  du. Gainera, mobilizazio eredu horrek ez ditu helburu zehatzak gauzagarri egiten, eta epe luzera ikasleen desmotibazioa eta desmobilizazioa areagotzen dituelakoan gaude.

Azaroaren 28ko ikasle greba deialdiak ez du azken urteetako greba eta mobilizazio esperientzietatik ikasita mobilizazio ereduaren eztabaidan eman ditugun aurrerapausoetan ekarpenik egiten. Euskal Eskola Nazionalaren aldeko indarrak biltzeko bidean ikasle langileak hobekuntza materialen aldeko borroka eraginkorren bidez  politizatu eta antolatzeko apustua egin dugu. Kontrara, proposamen politiko abstraktuak eta edukiz hutsalak dira azaroaren 28ko greba deialdiaren aldarrikapenak, helburu horiek gauzatzeko bideorriaren inguruko proposamenik ez baitu egiten.

Bide batez, garatzen ari garen greba ereduaren zein praktika politikoaren adierazle diren eta norabide honen zuzentasuna erakusten diguten hainbat borroka prozesu aipatu nahi ditugu amaitu aurretik. Izan ere, pasa den ikasturte amaieran argitaratu genuen idatzian azaldu genuen bezala, dozenatik gora kasutan lortu zuen Ikasle Mugimenduak aldarrikatutako helburua gauzatzea. Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan, Autodefentsa Sareen borrokaren ondorio izan ziren garaipen horiek ikas baldintzetan hobekuntzak aplikatzea ekarri zuten kasu guztietan. Hala nola, ebaluazio irizpide eta ordutegiak hobetzean edo kontrol sozialaren gutxitzean eman ziren aurrerapausoak. Borroka prozesuen bitartez ikas baldintzak hobetzeko eraginkortasunari eta azken urteetan Ikasle Mugimenduaren parte diren ikasle kopuruaren gorakada, bide onean lanean ari garen zantzuak direla uste dugu. Joera hau nabaria da Ikasle Mugimenduaren parte diren Ikasle Autodefentsa Sareen jardunean, Ikasle Abertzaleak antolakundean edo Ikasle Asanbladen lanean.

Azaroaren 28ko greba deialdira itzuliz eta gure posizioa laburbiltzeko helburuarekin, adierazi nahi dugu Ikasle Abertzaleakek ez duela greba deialdi honen harira antolatu diren mobilizazioetan parte hartuko. Esan bezala, langile mugimenduaren tresna historikoa den greba partekatzen ez dugun ikuspuntu partikular bat indartzeko helburu soilarekin erabiltzea ez dugula babestuko adierazi nahi dugu.  Horrekin batera, ikasle langileon intereseko hobekuntzak lortzeko borroka prozesuak aktibatu eta indartzeko konpromisoan berresten gara, hala behar izatekotan borroka horiek bultzatzeko greba deialdiak egiteko konpromisoa adieraztearekin batera. Honekin, Euskal Herriko ikasle langileon defentsan egiten diren dinamikak babestu eta elkarlana sustatzeko apustua egiten dugu, baita bideorriaren eta mobilizazio ereduen eztabaida elikatzekoa ere, beti ere abiapuntu zintzo eta zuzen batetik. Ikasle langileon antolakuntzak eta egunerokotasunean honen aldeko borrokarekin daukagun konpromisoak soilik ahalbidetuko digute Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan aurrera egitea.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa