Ohar honen bitartez, Ikasle Abertzaleak antolakundea urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorrera batzen dela adierazi nahi dugu. Horregatik, DBH eta batxilergoko, lanbide heziketako eta unibertsitateko Euskal Herriko ikasleria langilea greba egitera eta ondorengo lerroetan zehaztuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Azken urteetan krisi ekonomikoaren eraginak hezkuntzaren eremuan modu nabarian bizitzen ari gara, baita ikasle langileon kasuan ere, sektore kolpatuenetakoa baikara. Izan ere, bizitzeko gutxieneko baldintza ekonomiko eta sozialak lortzeko eskatzen zaigun ikasketa maila geroz eta altuagoa da, hots, belaunaldiz belaunaldi ikasketa prozesua geroz eta luzeagoa da. Bestalde, maila altuko ikasketekin etorkizun egonkor bat bermatua ez izateaz gain, ikasketa prozesuaren kostuak gero eta handiagoak dira. Esaterako, unibertsitateko tasen, ikasle pisuen, garraio kostuen eta ikasketa materialaren prezioek garestitzen jarraitzen dute, langile familien erosteko ahalmena modu berean hazten ez den bitartean.

Krisi ekonomikoaren ondorioak askotarikoak dira, eta, nabarmenenak agian, edukiaren kalitatearen kaskartzea eta langileriaren sektore geroz eta zabalago bat ikasketa prozesutik kanporatzeko joera izan dira. Lehenengoari dagokionean, begi-bistakoa da krisi garaiko murrizketek eragin zuzena izan dutela hezkuntzako edukiaren kalitatearen okertzean, idatzi honetan sakondu ezin dugun hainbat aspektutan ikus daitekeen moduan. Irakasleen egoera ezegonkorrak kalitatean izan duen eragin negatiboa, adibidez, nabarmena da. Langileriaren zati geroz eta handiago bat ikasketa prozesutik kanpo geratzeari dagokionean, aipagarria da langile familien ezegonkortasun ekonomikoak ikasleok ikasketa prozesua behar bezala garatu ahal izatea oztopatu duela, sektore proletarizatuenei goi mailako ikasketetarako sarbidea ukatzera helduz.

Egoera horren adierazpen gordinenetakoa Euskal Herriko hainbat hezigunetan gertatzen den hezkuntza segregazioaren fenomenoa da. Nagusiki bigarren hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuen arteko banaketan nabarmentzen da, eta ikasleen artean klase posizioaren araberako banaketak sortzean datza. Horrek ikasketa prozesua garatzeko orduan familia proletarizatuenetako ikasleek dituzten oztopoetan gehiagarri bat suposatzen du, kasu gehienetan ikasle horien ikasketa prozesua garatzea ezinezko bihurtuz. Krisi ekonomikoaren ondorioz, ikasleok belaunaldiz belaunaldi egoera horren muturreko adierazpenak ezagutzen ari gara.

Zentzu horretan, aipatzekoa da krisi ekonomikoak izan duen eragina hezkuntza esparruko proletargoaren lan baldintzetan. Egoera horren adierazle argienak, agian, unibertsitateko garbitzaileen urtetako borroka duina eta ikerlarien egoerari lototutako aldarrikapenak izan daitezke, mobilizazioaren bitartez beraien egoera kaskarraren berri eman baitigute.

Egoera horren aurrean, borrokaren hautua egitea ezinbestekoa dela ulertzen dugu, baita langile batasuna gorpuzteko pausuak ematea ere. Helburu horrekin eta krisi kapitalistaren ondorioei erantzunez, Ikasle Abertzaleak antolakundea, beste zenbait eragilerekin batera, ikastetxe eta unibertsitateetako hainbat borroka prozesuren parte da. Ildo beretik, Greba Orokorra ikasle langileon aldarrikapenetan aurrera pausu bat emateko aukera dela uste dugu: besteak beste, langile sektore ezberdinen arteko lankidetzarako baldintzak sortzen dituelako, ikasle langileon aldarrikapen eta problematikak sozializatzeko aukera ematen duelako eta horren antolakuntzarako aukerak irekitzen dituelako.

Greba babesten dugunon artean ikuspegi eta proposamen politiko ezberdinak daudela begi-bistakoa da. Betetik, greba eta langile borroka paktu soziala berreraikitzeko indar bezala erabili nahi duen ikuspegi politikoa presente dago. Bestetik, langile borroka Euskal Estatu Sozialista eta Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzarako indar bezala egikaritu nahi duen ikuspegia ere presente dago. Ikasle Abertzaleak azken horretan kokatzen da: gure ustez, krisiak eragindako haustura sozioekonomikoaren testuinguruan sortzen ari garen ikas baldintzen eta lan baldintzen aldeko langile dinamikek, langile batasuna eta Euskal Estatu Sozialista elikatu behar dute halabeharrez, azken hau baita langileriaren ongizaterako berme bakarra.

Beraz, norabide horretan ulertzen ditugu guk ikasle eta langile borroka orokorrean, eta greba deialdi hau konkretuan. Ondorioz, aipatutako bide-orriari eta ikuspuntu politikoari erantzuten dioten dinamikak elikatzeko deialdia luzatzen diogu ikasleriari, egunerokotasunean Unibertsitateko Indar Batasuna eta Ikasle Autodefentsa Sareak bezalako eragileen borroketan parte hartuz, eta Greba Orokorraren egunean mobilizazio hauetan parte hartuz:

1- Ikasle Abertzaleok deituta, goizeko lehenengo orduan Gasteizko, Leioako, Bilboko eta Donostiako unibertsitateetan zein Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan egingo diren piketeak.

2- Eguerdian, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egingo diren manifestazioetan, “Ofentsiba kapitalistaren aurrean langile batsuna”, “Langileon interesen alde klase batasuna”, “Ofentsiba kapitalistaren aurrean langileok haustura politikoa” eta “proletalgoa grebara” lemapean antolatu diren blokeak.

IKASLE BALDINTZEN HOBEKUNTZAN LANGILE BATASUNA!

2020.urteko urtarrilean.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa