Urteko gainontzeko egun guztien gisako borroka eguna bada ere, martxoaren 8ak badu izaera historiko bat, militante iraultzaileontzat garrantzia berezia duena. 1910ko emakume sozialisten II. Internazionalean bildutako emakume langileek Emakume Langilearen Nazioarteko Egun bezala izendatu zuten.

Historian zehar langile klasearen baitan eman diren borroka ezberdinak desitxuratzeko hautu garbia du burgesiak, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean zuzenki eraginez: borroka egun hau bere interesen arabera moldatuz eta egunaren sorreraren historia komeni zaion moduan kontatuz, emakume zapalduon izaera iraultzailea murriztu eta klase batasuna oztopatu du. Horregatik, langile historiaren berreskurapenean jardutea dagokigu ikasle langileoi, irakaspen politikoek ekarpena egingo digutela jakinik.

Gaur-gaurkoz, sistema kapitalistaren oinarri objektiboaren baitan, hau da, lan banaketa sozialaren baitan artikulatzen den lan banaketa sexualaren ondorioz, kapitalak emakume langilea subjektu azpiratu moduan heztea lortzen du.  Emakumea aitortza politikorik gabeko eta gaitasun politikorik gabeko subjektua da, hau da, errealitate sozialaren maila guztietan bigarren mailako subjektu gisa sozializatua da. Aipatutako guztiak bete-betean eragiten du emakumeon subjektibitatean: segurtasun eza, norgehiagokak, asanbladetan gure iritzia ematen ez ausartzea… Proletalgo femeninoaren despolitizazioa beharrezkoa zaio burgesiari, horrela, langileriaren sektore handi bat gaitasun politikorik gabe uzten baitu, iraultza prozesua etengabe atzeratuz. Horren aurrean, beharrezkoa dugu emakume langilea aktibo militante bilakatu eta beharrezkoak diren gaitasun politikoak lortzeko antolakuntza tresnak mahaigaineratzea.

Hezkuntza esparruari dagokionez, espazio honetan genero auziak hartzen duen formaren ikerketa urgentziazkoa dugu, bertan agertzen diren problematika ezberdinak identifikatu eta aterabide eraginkorrenak proposatzea xede. Horien artean aipagarria da, gizartea lan banaketa sexualaren baitan hezteko hezkuntzak betetzen duen funtzioa, aurretik aipatu bezala genero zapalkuntzaren oinarri bezala identifikatzen dugularik lan banaketa sexuala. Beraz, ezinbestekoa da guretzat hezkuntzatik emakume langileon antolakuntza martxan jartzea, egunerokotasuneko antolakuntzan eta elkartasunean oinarritutako jardunaren bitartez, emakume langileon askapen prozesuan gure ekarpena egitera bidean. Guzti hau garbi ikus genezake modu desberdinetan aurrera eramaten ari den praktikaren bitartez: unibertsitateko emakume taldeen eguneroko jarduna, ikastetxeetan hilabete osoan zehar aurrera eramandako dinamika edota garbitzaileek grebarako hautua egin izana, euren lan baldintzak hobetzera bidean.

Hortaz, emakume langileok borrokaren lehen lerroan izango gara, desjabetuon kontzientzia garatu eta etengabe erasotzen gaituen ofentsibari erantzunak bilatuz. Aspaldi ohartu ginelako nor den burkide eta nor etsai, guri dagokigu langile klaseko sektore zapaldu guztien askatasun erreala erdiestea.

Bortitz eraikitako munduan miraririk ez denez gertatuko, guk argi daukagu: antolakuntzan datza iraultza.

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa