Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxe eta campusak itxi dituzte Covid-19 birusaren zabalpenari aurre egiteko prebentzio neurri modura. Neurri horren harira, eta egoera nahasia dela jakinik, Ikasle Abertzaleok ondorengoa adierazi nahi dugu:

1-Martxoaren 26an Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntza eta lanbide heziketako zentroetan eta unibertsitateetan deitu genuen ikasle greba ezingo da aurreikusi genuen moduan garatu: heziguneetan aplikatu diren neurriak direla eta greba behar den bezala egiteko inolako baldintzarik ez dago. Beraz,  martxoaren 26ko ikasle greba deialdia bertan behera uztera behartuta gaude.

2-Gertakarien bilakaera arretaz jarraituko dugu eta egoeraren araberako neurriak hartuko ditugu. Gaur gaurkoz, ez dugu baztertzen greba deialdi berri bat egitea datozen hilabeteetan. Hau da, martxoaren 26an egitekoak ginen greba apirilean edo maiatzean egiteko baldintzarik dagoen baloratzen ari gara.

3-Amaitzeko, gure babesa eta animoa helarazi nahi dizkiegu EHUko garbitzaileei. Azken bi asteetan ikasleokin batera garatu duten greba eta mobilizazio eredugarrien ondoren greba bertan behera uztera derrigortuak izan dira, besteak beste, haien greba eskubidea urratua izan delako. Grebaren harira azken asteetan praktikan jarri den ikasle eta garbitzaileen arteko elkartasunak erakusten digu aurrera egiteko bidea.

Ikasle Abertzaleak

2020ko martxoaren 12a

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa