Ikasle Abertzaleok bat egiten dugu Gazte Koordinadora Sozialistaren kanpaina politikoarekin eta egoeraz egiten duen analisiarekin. Mundu mailako osasun larrialdiarekin batera ematen ari den burgesiaren ofentsiba politikoari aurre egiteko konpromiso osoa adierazi nahi dugu Ikasle Abertzaleok.

Alarma egoera hau osasun larrialdiari ahalik eta era eraginkorrenean aurre egiteko tresna neutroa baino salbuespen egoera bat dela uste dugu. Sortu den krisian, goi-burgesiari bere interesak ahalik eta era eraginkorrenean babesteko eta langileriaren gaineko ofentsiban sakontzeko aukera eman dion salbuespen egoera da hau, enpresa handien eta banketxeen esku-hartze zuzena ahalbidetu duena krisiaren kudeaketan, ohiko bitartekaritza eta itxurakeriarik gabe.

Produkzioa etetea saihestu nahian ari da batetik, plusbalioaren erauzketaren erreprodukzioa eten ez dadin, langileriaren osasunaren eta bizitzen bizkar bada ere. Bestetik, ofentsiba honi aurre egiteko antolaketa politiko oro ezinezkoa egin du itxialdiaren neurriarekin eta indar polizial eta militarrak horren berme gisa kalea hartu dutelarik.

Hezkuntza esparruan nabarmena izan da honen eragina. Oro har, plusbalioaren erauzketarako esparru garrantzitsua ez denez, neurri hauek eragin dioten lehenengo esparruetako bat izan da, dagoeneko bi aste igaro baitira Arabako campusa eta Gasteizko ikastetxeak itxi zirenetik, ondoren Euskal Herriko hezigune guztietara zabalduko zen neurria.

Ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak nabariak dira unibertsitatean nahiz bigarren hezkuntzan aurrez aurreko dozentzia bertan behera utzi eta ikasteko materiala gordetzen duten liburutegiak itxita. Internet bidezko irakaskuntza martxan jartzen saiatu diren arren, begi-bistakoak dira horrek dituen berezko mugak, ikasle sektore proletarizatuenek sufritzen duten arrakala digitalak areagotzen dituenak, bestalde. Gainera, informazio faltak norbere ikasketa prozesuaren antolaketa asko zailtzea dakar, gaur-gaurkoz ez baitakigu ez noiz, ez nola egingo diren unibertsitatean azterketak, eta ebaluatzeko irizpideak etengabe aldatzen ari dira egoera berrira moldatu asmoz, horrek sortzen duen ziurgabetasunarekin. Antzekoa da Lanbide Heziketako ikasleen egoera ere: praktikaldiak bertan behera utzi ostean ez dakigu errepikatu egin beharko dituzten edo balekotzat joko diren orain etendakoak kalifikaziorako.

Selektibitateko proba atzeratu izana ere aipatzekoa da, eta Baxoa atzeratzeko erabakia oraindik hartu ez bada ere, pentsatzekoa da berandu baino lehen atzeratuko dela hau ere. Unibertsitaterako sarbide probek beti eragiten dituzten urduritasun eta ezinegonari aurten egoera zail hau gehitu beharko zaio, izan ere, uda bete-betean izango da aurten, uztailaren 6-8 bitartean EAEn.

Azkenik, ikasturtearen balizko luzatzeak eta azterketak uda garaian egiteak zuzenean eragingo die beren ikasketak ordaintzeko udan lan egin behar duten ikasle guztiei, ikasleria langileriaren sektore proletarizatuenei bereziki, beste behin.

Argi dago, beraz, alarma egoerak sortutako zailtasun guztiei egin beharko diela aurre ikasleria langileak lan indar kualifikatuaren ekoizpena eten ez dadin.

Bestalde, esan bezala, burgesiaren ofentsiba politikoari aurre egiteko antolaketa politiko oro ezinezkoa egitea da salbuespen egoera honen helburutako bat. Hala, esanguratsua da EHUko garbitzaileen kasua: greba bertan behera uztera behartuak izan ziren garbitzaileak birusaren aitzakiapean. Kasu hauek alarma egoeraren albo ondorio izatetik urrun, salbuespen egoeraren beraren helburu dira, krisi garaian burgesiaren posizio ekonomiko eta politikoak hobetzeko esku-hartze zuzenean baitatza salbuespen egoera hori.

Amaitzeko, zera exijitzen dugu: 1) osasun larrialdiari dagokion informaziorik ez ezkutatu eta egia osoa azaltzeaz gain, airean dauden ebaluazio irizpide eta data guztiak lehenbailehen finkatzea, 2) unibertsitateek, ikastetxeek eta gobernuek egoera honetan ikasle langileen ikas baldintzak okertu ez daitezen beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea eta 3) hezkuntza esparruan hartzen diren  erabaki guztietan ikasleria langilearen interesen ordezkaritza bermatzea bere antolakundeen bitartez.

Azkenik, dei egiten diegu hezkuntza komunitateko eragileei Gazte Koordinadora Sozialistaren kanpaina politikoarekin eta gure aldarrikapenekin bat egin eta parte hartu dezaten.

Ikasle Abertzaleak

2020/03/25

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa