Programa pdf formatuan:

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu

Salbuespen egoeraren ondorioak gogorrak izaten ari dira hezkuntzan eta horren lekuko zuzenak gara ikasleak. Azken asteetan egoera orokorra nahasia eta aldakorra izan da, eta hezkuntzari eta gure ikasketa prozesuari dagozkien erabakiak ere horrelakoak izan dira, zurrumurruz inguratuak eta oso aldakorrak. Badirudi egoera egonkortzen ari dela eta agintari politikoak hasiak direla gehiegi luzatu diren erabakiak hartzen; oraindik, ordea, oso airean daude ikasketa akademikoaren nondik norakoak.

Martxoaren 25ean behar-beharrezkoak ziren honako exijentzia hauek mahai-gaineratu genituen: 1)Airean dauden erabaki guztiak lehenbailehen hartzea, 2)Ikasleoi egoerak jartzen dizkiguna baino zailtasun gehiago ez jartzea eta 3)Ikasleria langileriaren interesek erabaki markoetan presentzia eta pisua izatea ikasle antolakundeen ordezkaritzaren bitartez. Ezinbesteko gutxieneko aldarrikapen orokorrak dira hauek, baina egunak aurrera joan ahala, aldarrikapenetan sakondu eta exijentzia zehatzagoak mahai-gaineratzeko beharra ikusi dugu. Langile klaseko ikasleen defentsarako programa osatu dugu.

Ondorengo lerroetan sakonduko ditugun aldarrikapen eta exijentziak osatzeko erabili dugun irizpide politikoa langileriaren eta bereziki ikasleriaren interesen defentsa egitea da. Bizi dugun salbuespen egoeran eta ondoren etorriko den testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoan, beste behin, kaltetu nagusia langileria izango baita. Horrek, lehenagotik ere lehentasunezkoa eta urgentea zena are  premiazkoago egin du: langileon ikas-baldintzen eta bizi-baldintzen aldeko aldarria lehen lerroan kokatu eta bere defentsa muturrera eraman behar dugu. Funtsean, salbuespen egoerak ikasle langileon ongizatea ahalik eta gutxien kolpatzea da aurkeztutako programaren eta exijentzien helburua. Kapitalismoaren baitan, baina, ikasle langileon ongizatea mugatua da: kapitalisten irabazi dinamika elikatzeko antolatuta dagoen ikasketa prozesuan, ikasle langileon ongizatea helburu horretara azpiratuta dagoelako. Beraz, marko kapitalistan ez da kabitzen langileriaren interesak aseko dituen proposamen optimorik, eta erreformak bilatzen dituzten programa guztiek bezala, gureak ere zentzu horretan hutsuneak dauzka. Horregatik, iraultzaileontzat, ikasle langileon interesekoa den programaren defentsa egitearekin batera, hots, langileriak bere bizkarrean ahalik eta kalte gutxien asumitzeko aldarriarekin batera, gizarte antolamendu kapitalista bere osotasunean seinalatzeko momentua da, inoiz baino gehiago izan ere. Hau da, gizarte antolamendu sozialista eta ikasketa prozesuaren gaineko langile kontrola aldarrikatzeko momentua da, irabazi ekonomikoen dinamikaren logikatik kanpo jardungo duen hezkuntza aldarrikatzeko momentua, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala.

Horregatik guztiagatik, ondorengo lerroetan sei puntu nagusitan banatu ditugun eta langile klaseko ikasleon interesak defendatzea helburu duten exijentzia hauek egiten dizkiegu Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuetako agintari politikoei, unibertsitateetako zuzendaritzei eta ikastetxeetako zuzendaritzei.

1-Orain arte aplikatu den online ikasketa plana bertan behera utzi eta jardun akademikoa mugatzea ikasketa bakoitzean ezinbestekoa den eta horren ikasketa posible den materialaren lanketara. Gainera, online klaseak derrigorrezkoak ez izatea baina edukiaren lanketarekin jarraitzeko aukera egotea.

Guztiontzat ezohikoa den egoera honetan, gure ustez, agintari politikoak, unibertsitate  eta ikastetxeetako zuzendaritzak eta hezkuntzako beste hainbat agente ikasturtea “normaltasunez” jarraitzen tematu dira, nahiz eta denok frogatu dugunez hezkuntza sistema, bere orokortasunean, ez dago horretarako behar diren baliabide eta gaitasun tekniko eta teknologikoz hornituta. Gainera, gero eta nabarmenagoa denez, asteak eta asteak etxean eman ondoren edukiak barneratu, kontzentratu eta ikasteko gaitasunak begi-bistan egiten du behera. Egoera horretan, ikasturteari dagokionez ezer gertatuko ez balitz bezala jarduteari utzi eta egoerak eskatzen duen mailan jardutea dela egokiena uste dugu. Izan ere, orain arte aplikatu den online ikasketa dinamikak ez du emaitza onik eman: ezinezkoa izan da irakasgaietako edukia eta tipifikatutako ikasketa plana kalitatez eta behar bezala transmititzea. Klaseek jarraitzen badute ere, ez daukagu modurik jaso beharko genukeen formazioa jasotzeko. Gainera, irakasgaia behar bezala irakasteko ezintasunak eraginda, orain arte beharrezkoak ez ziren lanak eginarazi zaizkigu ikasleoi, kasu gehienetan ohikoa baino lan karga handiagoa pilatuz ikasleongan. Gure ustez, online ikasketa programa kalitatez garatu ahal izateko bermerik ez dago, eta ez dugu zentzuzkoa ikusten ikasleria lan gehigarriarekin egotea etxean, horrek ikasketa akademikoa ez moldatzeko helburu bakarrari erantzuten baitio. Lehendik hainbeste eguneko konfinamendu egoerak dakartzan ondorio  psikologikoei exijitzen zaizkigun lanak egitera iritsi ezin izatearen estresa gehitzea ez da gure osasunarekiko erantzukizunez jardutea. Era berean, orain arte horretarako formakuntzarik jaso ez duten irakasleak egun batetik bestera ikasketa programa guztia aldatu eta klaseak online ematera behartuta, lan guztietara iritsi ezinik dabiltza, estres kasuak ugaritu eta areagotuz.

Aipatutako horrek guztiak, ezinbesteko egiten du ikasturte akademikoa birplanteatzea. Zentzu horretan, lehenengo pauso gisa orain arte aplikatu den online ikasketa plana bere osotasunean bertan behera uztea exijitzen dugu. Horren ordez, zentzuzkoena ikasketa akademikoa soilik beharrezkoa den materialaren lanketara mugatzea dela uste dugu betiere material hori lantzeko baldintza errealak baleude, online klaseen derrigorrezko asistentzia indargabetzea eta edukiaren lanketarekin aurrera jarraitu nahi duenaren borondatea errespetatzea.  Gainera, ikasleen arteko arrakalan ahalik eta gutxien eragingo duen forman egin behar da.

2- Online ikasketa bitartez landutako edukiaren gaineko ebaluazio mekanismoen balio akademikoa bertan behera geratzea eta irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea. Gainera, salbuespen egoera aurreko irakasgaien errekuperazio azterketen egutegia mantentzea eta azterketa presentziala izatea.

Esan bezala, ohiko ikasketa prozesuak eskaintzen duen jakintza ez da transmititzen ari online ikasketa bitartez, beraz, jaso beharko genituzkeen irakasgaiak ezin dira ebaluatu normaltasunez landu balira bezala. Hau da, hezkuntza sisteman lantzen den eta irakasgai bakoitzean tipifikatuta dagoen curriculuma ezin betetzeak horren ebaluazio posible oro ezeztatzen du automatikoki. Ebaluatzeko ezintasunak bidegurutze batean kokatzen gaitu: udan edo hurrengo urtean errekuperatu galdu ditugun irakasgaiak ala automatikoki aurrera egin. Gure ustez, zentzuzkoena galdutako edukiak lantzea litzateke: esaterako, mediku batek medikuntza ahalik eta ondoen eta era osoenean ikasteko aukera izatea fundamentala da. Hala ere, ez dugu bidezkoa ikusten galdu ditugun hilabeteak hurrengo urtean errepikatu eta ikasle guztiek kurtso bat atzera egitea, eta ezta udako oporrak galtzea ere, besteak beste hainbat ikasleren ikasturtearen berme ekonomikoa udako lana izaten delako. Aipatutako aukerek, salbuespen egoeraren ondorioak eta konponbidearen erantzukizuna langile klasearen bizkarrean jartzea suposatzen dute eta ez gaude horrekin ados. Izan ere, langileriak, bere orokortasunean, egoera honen ondoren bere gain izango duen guztiarekin, ez da bidezkoa beren seme-alabek ikasturte bat gehiago ikasten pasatzearen edo deskantsurako aukerarik ez izatearen karga ere bere gain hartzea, besteak beste horrek dakartzan ondorio ekonomiko guztiak kontuan izanda.

Horregatik, automatikoki irakasgaiak gainditutzat ematea dela uste dugu ikasle langileon intereseko aterabide posible bakara. Salbuespen egoerak sortu duen eta jada ekidin ezin diren ondorioetako bat dela uste dugu milaka ikaslek ikasturtearen zati bat galtzea. Hau da, salbuespen egoera aplikatzeak maila globalean izango dituen ondorio zerrenda luzeko ondorio bat bezala onartu behar dugula uste dugu. Automatikoki aurrera egiteko modurik onena, gure ustez, kalifikazio edo nota gabe egitea da, batezbesteko notan eta espedientean eraginik izan gabe. Horrekin batera, zentzuzkoa ikusten dugu galdutako irakasgaiaren edukia jaso nahi duen ikasleari aukera eta erraztasun guztiak ematea hori egin ahal izateko. Aukera horrek, ordea, derrigorrezkoa ezin duela izan ulertzen dugu.

Azkenik, errekuperazioen egutegia errespetatzea exijitzen dugu, orain arte esan dugun bezala, egutegia moldatu eta errekuperazioak udan zein hurrengo ikasturtean egin behar izatea ikasle langileontzat kaltegarria delako. Errekuperazio azterketak forma presentzialean eta osasun protokoloa errespetatuz burutzea exijitzen dugu, aukera berdintasuna bermatzeko.

3-Ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea eta horren ordez ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea: datak aurreratzea, ikasle guztiek klase presentzialetan emandako edukiarekin egin ahal izatea eta presentziala izatea.

Orain arte esan dugun moduan, irakasgaietan lantzen den edukia barneratzea ez da bermatzen Internet bidezko ikasketa planean, eta beraz, horren ebaluazioak ez dauka zentzurik. Selektibitatearen kasuak, ordea, berezitasun bat du: selektibitatea bertan behera uzteak eragin kaltegarria izango luke ikasle langileon sektore proletarizatuenetan. Izan ere, oro har, ikastetxe pribatuek notak puzten dituzte eta, ondorioz, selektibitatearen ordez batxilergoko nota aplikatzeak hainbat eta hainbat langile familia proletarizatutako seme-alabak ikasi nahi duten gradutik kanpo utziko lituzke. Beste ikuspuntu batetik, ordea, selektibitatearen orain arteko formarekin jarraitzeak ere eragin kaltegarriak dauzka ikasle langileontzat koiuntura konkretu honetan, ebaluazio modu horren berezko ezaugarriak diren lehiakortasunean heztea, estresa eta beste hainbat ondorio kaltegarriz aparte, noski: urtero selektibitatea behar bezala prestatzeko jasotzen ditugun klaseak ez dira alderagarriak online klaseekin, ez baitaude maila berean. Gainera, ikastetxe pribatuetako ikasleek baliabide teknologiko askoz gehiago dauzkate konfinamendu egoeran selektibitatea hobeto prestatu ahal izateko, beraz, ez daude aukera berdintasunean. Horregatik, selektibitatearen funtzioa betetzen duen ebaluazioa mantentzea dela uste dugu egokiena ikasle langileon interesentzat, baina horren formak normalean baino malguagoa izan behar du. Zentzu horretan, ikasle guztiek klaseen etetearen aurretik ikasitakoarekin azterketa egiteko bermea exijitzen dugu, horretarako beharrezkoak diren azterketa eredu guztiak jarriz edo hautazkoak diren galdera sorta zabala eskainiz. Gainera, azterketa horrek halabeharrez presentziala izan behar du ikasleen aukera berdintasuna bermatzeko, osasun irizpideak jarraituz betiere. Azkenik, orain zehaztutako datak baino lehenago izan behar du azterketak, ikasleon opor eskubidea bermatzeko eta udan lan egin behar duenak egin ahal izateko.

4-Unibertsitateko matrikularen bigarren lauhilekoko kredituen prezioa eta Lanbide Heziketa zein Bigarren Hezkuntzan ikastetxeak itxita egon diren epean ordaindutakoa itzultzea, hemendik aurrerakoa ez ordaintzeko neurriak aplikatzearekin batera. Gainera, ikasle pisu eta erresidentzien alokairuak bertan behera geratzeko neurriak aplikatzea.

Esan bezala, matrikulatu garen irakasgaien edukia ez gara ari jasotzen online klaseen bitartez. Hori begi-bistakoa da, esaterako, gure arloan trebatzeko laborategiko praktikak behar ditugunon edo unibertsitateko azpiegituraren beharra daukagunon kasuan. Ondorioz, formakuntza hori jasotzeko ordaindu dugun kredituen prezioa bueltatzea da zentzudunena, irakasgaietan matrikulatu ginenean agindutako formakuntza ez baita jaso. Ildo beretik, ikasle erresidentzien ordainketa eta ikasle pisuen alokairuak bertan behera geratzea exijitzen dugu.

5-Lanbide Heziketa Dualeko ikasle guztiak soldata jaso dezaten neurriak aplikatzea. Gainera,  praktiken egutegia (otsaila/martxoa-maiatza/ekaina) errespetatzea, eta salbuespen egoeragatik egutegi horrekin gutxieneko ordu kopurura heltzen ez direnei gaindipen automatikoa aplikatzea. Ohiko egutegiz kanpo praktikaldia burutu nahi duen orok horretarako aukera izatea.

Derrigorrezkoak diren praktikak behar bezala burutu ez izatea ez da ikasle langileon erantzukizuna, eta ondorioz, horren ondorio akademiko eta ekonomikoak ezin dira langile klasearen gain erori. Horregatik, praktikak egiteko ohiko egutegia mantentzea exijitzen dugu, hau da, praktiken egutegia otsaila eta ekaina bitartean izatea, kasuan kasu tipifikatuta dagoen bezala. Ordea, badakigu egutegi horren aplikazioa kasu askotan ez dela nahikoa izango praktikak gainditzeko beharrezkoa den ordu kopurura iristeko, lantegi asko itxita daudelako. Kasu horretan, ondorio akademikorik ez izatea exijitzen dugu, hau da, gutxieneko ordu kopurura iritsi ez diren ikasleei praktiken gaindipen automatikoa aplikatzea exijitzen dugu, eta inolaz ere ez egutegi hori udara edo hurrengo ikasturtera moldatzea. Oporretarako eskubidea urratzeaz gain, udan soldatapean lan egitea galarazten duelako, eta baita ikasketa prozesua are eta gehiago luzatzea ere, horrek dakartzan ondorio ekonomiko guztiekin. finean, salbuespen egoeraren ondorioak guk asumitzea ekarriko lukeelako ez dugu ontzat ematen.

Lan praktikek oro har dohainik edo oso soldata baxuaren truke lan egitea esan nahi dute, eta gu, besteak beste muturreko esplotazio horrekin amaitzeko antolatzen gara. Salbuespen egoeraren ondorengo testuinguruan gainera, inoiz baino baliagarriagoa izango zaio burgesiari aukera hori. Badakigu halere, ikasle langile askorentzat ezinbestekoak direla praktikak, horien bitartez lortzen baitugu askotan gure bizitzen sostengu ekonomikoa den soldatapeko lana. Horregatik, praktikak egiteko aukera oro ukatzea kaltegarria da ikasle langileontzat. Beraz, horrela nahi duenak, praktikak ohiko egutegiz kanpo (adibidez udan) egiteko aukera izatea exijitzen dugu.

6- Agintari politikoek eta hezkuntza arduradun ezberdinek ikasle langileon antolakundeekin egoera kudeatzeko elkarrizketa mahaiak osatzea.

Aurreko puntuetan azaldutako norabidean erabakiak hartzen direla eta erabaki hauek aplikatzen direla bermatzeko, hots, ikasle langileon ahotsa entzunarazi eta gure exijentzien alde egiteko, ezinbestekoa ikusten dugu ikasle langileon interesen ordezkariek erabakiguneetan presentzia izatea, horretarako beharrezkoak diren maila ezberdinetako elkarrizketa mahaiak sortuz. Zentzu horretan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak bere prestutasuna adierazi nahi du dagozkion agintari politiko eta hezkuntza esparruko karguekin bildu eta elkarrizketak abiatzeko.

Aurkeztu berri dugun ikasle langileon programaren norabidean garatzen diren borroka prozesu, dinamika eta aldarrikapen ezberdinak begi onez ikusten ditugu Ikasle Abertzaleok. Are gehiago, programaren aplikazio totala lortu bitartean, norabide horretan borroka prozesuak eta dinamikak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Aurkeztu berri dugun programa ez baita lanabes komunikatibo edo sozializatzaile bat bakarrik, neurri konkretuak aplikatu ahal izateko norabidea zehazten duen tresna gisara ulertzen dugu. Zentzu horretan, ikasleria langileriari zein ikasle eragile ezberdinei dei egiten diegu programa bere egin dezaten eta norabide horretan bultza egingo duen indarra sortu dezagun. Egoerak, halabeharrez, borroka forma berriak sortzera behartzen gaitu, ez ordea borroka alde batera uztea.

Ikasle Abertzaleak

2020ko apirilak 7

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa