Ikasle Abertzaleontzat ezinbestekoa da Euskal Herriko langileriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala mahai-gaineratzea eta berau gainditzeko beharrezkotasuna seinalatzea. Are gehiago gaur, Aberri Egunean.

Euskal Herria nazio bezala konstituitzeko abagune guztiak ezeztatuak dira Espainiako eta Frantziako Estatu burgesengatik. Hain zuzen ere, Euskal Herria nazio gisa ez da errealizatua izan: egitura sozioekonomiko moderno -nazio-estatu- moduan ez baita egikaritu. Izan ere, euskal lurraldea Espainiako eta Frantziako estatuen mende dago, gure herriko instituzio oro horien parte izanik.

Hortaz, argi esan dezakegu Euskal Herriaren borondate nazional historikoa ukatua izan dela sistematikoki, nazio zapalkuntza betikotuz. Ukazio hau, ordea, ez da nahikoa zapalkuntza modalitate historiko bilakatzeko. Funtsean ukatzen dena zera da: euskal langileriaren proiektua nazionala, Euskal Estatu Sozialista. Beraz,  euskal langileriaren proiektu politikoa ukatua izateaz gain zapaldua ere badela ulertzen dugu. Izan ere, nahiz eta burgesiak elementu nazionalak aldarrikatu, irabazi dinamikaren baitan kokatzen ditu. Horratik, errentagarria zaion bitartean elementu kultural-nazionalak aldarrikatuko ditu. Kontrara, irabazi dinamiken logikatik at erabili behar ditugu gureak diren hizkuntza eta kultura, horiek bizirautea nahi badugu. Zehazki, proletargoaren egitasmoaren baitan txertatu behar ditugu; berau izango da, izatekotan, salba ditzaken bakarra.

Hezkuntza alorrean ere, euskal langileriaren borondate nazional-politikoaren ukazioak berebiziko garrantzia hartzen du, Espainiako eta Frantziako estatuen instituzioek egikaritzen duten dominazioak ondorio latzak baititu. Alde batetik, instituzio arrotz hauen konfigurazio administratibo territorialak  gure herria bere horretan zatitzen du, Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herria bereiziz, bere nazio izaera ukatuz. Beste alde batetik, hezkuntza eredu kapitalistak eta bere antolakuntza territorialak, oro har, euskararen eta euskal kulturaren gutxiespen eta baztertze bat gauzatzen dute. Hain zuzen, euskara lehenestea guretzat hautu politiko bat da: gizarte burgesak hizkuntzari ematen dion balio utilitarista eta merkantilistaren aurrean,  euskararen balio historiko eta kulturalaren defentsa egiteko modua da euskaraz antolatzea. Zentzu horretan, gure egiten dugu Euskal Herria euskalduntzeko konpromisoa.

Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza da euskal langileriaren zapalkuntza  nazional egoera gainditzeko segurantza bakarra, eta horretarako beharrezkoak diren instituzio proletarioak hauspotzea dagokigu gaurdanik, instituzio hauen eraikuntzara hertsiki lotua joango baita euskararen zabalpena.

Ikasle sozialiston zeregina Euskal Eskola Nazionalaren oinarriak eraikitzen joatea da, gure helburua Hezkuntza Sozialistaren egitasmoa da eta. Bestela esanda, ikasleon mesedetara egonen den hezkuntza prozesu eta hezkuntza instituzio proletarioa eraikitzea dagokigu Ikasle Abertzaleoi. Finean, Euskal Estatu Sozialistaren pean kokatzen den hezkuntza eredua da. Sozialismoaren eraikuntza esplotazioaren eta zapalkuntza guztien aurkako borroka delako, Prozesu Sozialistan lerrokatzen gara.

 

Euskal Estatu Sozialista eraiki!

Euskal Eskola Nazionala eraiki!

Ikasle Abertzaleak

2020/04/12

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa