Gaur maiatzaren lehena dugu, Langileon Eguna. Gaurko eguna, ordea,  salbuespen egoeran bizi dugu, izan ere, Covid-19aren testuinguruan burgesiak dekretatu duen alarmak etxean sartzera derrigortu gaitu. Aldarrikatzeko era aldatu behar izan dugu, mamia ez: sozialismoaren aldarriak gaurkotasun osoa du egungo egoeran.

       Sistema kapitalista ez da osatu 2008ko krisialdiaren ostetik eta, gainera, adierazle ekonomiko gehienek dioten moduan, ate joka den krisialdi-depresioa gogorragoa izan daiteke. Langileriaren baldintza materialen okertzea orokorra da eta proletarizazio prozesua sakon batean murgilduta gaude. Alarma egoerarekin batera ezkutuan ezarritako salbuespen egoerak askatasun politiko ugari eten ditu: biltzeko eskubidea, propaganda egiteko aukera edo soldatapeko lanaren erailketak salatzeko aukera. Ekonomia kapitalistaren beherakadaren ondorio gisa uler daiteke hau, hain zuzen, salbuespen egoeraren bitartez goi-burgesiaren eskuhartze zuzena ezarri baita, bitartekaritzarik gabekoa. Ekonomia kapitalistaren norabidea zuzentzeko mugimendu bezala uler dezakegu neurri hori, azken batean. Jada nabaria den beherakadak etorkizun iluna iragarri dio langile klaseari. Izan ere, antolamendu sozial kapitalistaren biziraupenaren zama langile klasearen bizkarrean jausiko da hau kolokan ikustean, lehen baino pisu gehiagoz jausi ere, bizi baldintzen okertzea eraginez.

      Aurreko krisi fasearen ajeak dira hezkuntzan espainiar eta frantziar estatu burgesek abiarazitako erreformak (Heziberri, LOMCE…), azken urteetan heziguneen funtzio ideologiko-erreproduktibo burgesa indartzeagatik nabarmendu direnak. Egoera makurrean iritsi da beraz ikasleria langilea krisi berri honen atarira, burgesiak bere posizioak indartuta. Horrela, ez du arazorik izan larrialdiak hezkuntza instituzioei ahalik eta gutxien eragiteko helburuarekin ikasleon eskubideak murriztu eta gainean dugun pisua handitzeko. Gizarteko gainontzeko esparruetan bezalaxe, hezkuntzan ere hasi gara ikusten nork ordainduko duen krisi hau.

      Bistan da ikasleria langilearen gaineko kontrola areagotu dela, eta ezohikotasun aldi hau erabili dute hezkuntzaren gaineko kontrol burgesean sakontzeko: Google bezalako multinazionalen online plataformekiko menpekotasuna handitu da ikasketa telematikoaren aitzakipean eta antzeman daitezke jada zantzuak hezkuntzako maila ezberdinetan patronalaren partaidetza eta erabaki ahalmena areagotuko direla pentsarazten dutenak, izan finantziazio truke curriculumak baldintzatuz edo lan indar merke bila ikasketa praktikak bultzatuz; lehen irekitako bidean sakonduz edonola ere.

      Basakeria kapitalistari aurre egitea tokatuko zaigu datozen urteetan, hots, ofentsiba kapitalistaren gorpuztea neutralizatzea tokatuko zaigu, eta defentsa antolatu behar dugu horretarako. Hori dela eta, klase independentzian eta klase batasunean sakontzea dagokigu, eta ez langileoi uneoro saldu nahi diguten balizko  batasun interklasistan. Horixe baita sozialdemokraziaren espresio ezberdinek egin dutena: gizarte guztiaren batasunaren apologia eta estatu burgesaren zuritzea, krisia gainditzeko aukera bakar bezala batasun faltsu hori aurkeztuz.

       Hezkuntza-sistema kapitalistaren baitan ematen ari den oldarraldia geratzeko borroka, Euskal Eskola Nazionala elikatzera bideratu behar dugu, hezkuntzaren gaineko langileriaren kontrol gaitasuna handituz. Langile kontrola, hezkuntza eta ikasketa prozesua burgesiaren irabazi dinamikarekiko menpekotasunetik askatu eta langileriaren interesen arabera antolatu ahal izateko.

       Amaitzeko, mahaigaineratu behar dugu eszenatoki berri batean bagaude ere Euskal Estatu Sozialistak ez duela inondik inora zentzurik galdu: are gehiago, kapitalismoaren miseria geroz eta nabarmenagoa den honetan, sozialismoaren aldeko jarduna inoiz baino zeregin larriagoa dela esan dezakegu.

     Ildo berean, eta gaurko egunak langile klasearentzat daukan garrantzia historikoa gogora ekarriz, sozialismoagatik bizitza eman duen ororekiko justiziaz eta basakeria kapitalista sufritzen dugun guztiongatik, eraiki dezagun gizarte sozialista.

 

Gora ikasleon borroka!

Gora langileon borroka!

Ikasle Abertzaleak

2020/05/01

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa